9. eszena
METXA. Bilera hartaz anaiaren alabak ez dit deus esan egundaino. Baina geroztik ez dit hots egin zereginak dauzkala-eta ea Beñaten bila joango naizen... Astia izango du orain bera joateko. Egia esan, elizatik hasi eta kanposanturaino joan naiz. (Maketa osatzen doa: Eliza eta kanposantua.) Lekua egina daukagu aspaldian harren erresuman... Oraindik bizi gara baina ez dakit nola ez nintzen gerran hil, Matxitxakoko hartan. Agirre'tar Nikola hau, Metxa izenobez, Bizkaia itsasontziko konbaterako lemazain izana naiz, Alejo Bilbao komandantearen konfiantzazko pilotua, Beñat... (Beñat dagoen lekura hurbilduz, gela urdinean, maketa ondoan.) Atso-agureok maileguz bizi garela esan ohi da, baina niri beti esan izan didate mirariz bizi naizela... Ez, ez da gerra kontua. Sei urte nituen nik orduan. Obispua etorria zen kanpai berria estreinatzen zelako gure elizan. Baita Gobernadorea ere. Ni ate ondoan nengoen leku on bat hartu ahal izateko koruan kantarien ondoan. Hasi zen kanpai berria danga eder batean hamabiak jotzen, eta denak liluratuak kanpaiaren durundioak hanka-zolan egiten zigun kilimarekin, eta hamaikagarreneko horretan hor entzuten da egundalako suntsitzea, eta mundu guztia orroka izuturik kanpaiak dorretik behera egin duelako. Gero kontatu zidatenez, lehen izua pasa eta garrasiak isildu zirenean hurbildu ziren pixkanaka kanpai ingurura, eta orduantxe jo zuen kanpaiak hamabigarrena. Miraria zela-eta hasi ziren espantuka, denak elizan sartu eta txoratuak bi tonako kanpaitzarrak inor hil ez zuelako eta lurrean zegoela hamabigarrena, mezarakoa, jo zuelako. Don Anakleto, jate apustuak egiten zituen parroko zahar hura, sekulako sermoia hasi omen zitzaien botzen. «Jainkoaren abisua izan dugu!» Obispuaren aurrean luzituz; sartzen omen da Moriko tximista baino areago elizan, igotzen ditu eskailerak salto bitan, heltzen dio sotanatik Don Anakletori kulpitutik behera ekarri nahi duela, eta hor sortu omen dute barregarrizko iskanbila, parrokoa «Deabruaren amorrazioa da hau!», Morikok sotanari uzten ez diola, eta sakristaua «Parte gaiztoko hori!» zakur gaixoari bizkarra hautsi nahian joka. Askatu beharko sotana bizia galduko ez bazuen, eta ihesari eman dio Morikok sakristaua atzetik dakarrela. Sakristaua atarian mehatxuka gelditu zaiolarik, haiek lanak Morikorenak: aurrena kanpai ertzeko lurra eginahalean harrotzen, gero sakristauari zaunka minduan, lasterka eginda santujale harenganaino. Kanpai ertzeraino etorrarazi du noizbait. Harrotu zuen ba ozta argi izpi bat kanpai barrura sarten uzteraino, eta lehen ametsetan bezala zaunka urrun haiek ozen entzun nituen eta ezpainak zirrikitu hartara hurbilduz murmuriatu nuen: «Moriko, Moriko!». Hamaikagarrena jota kanpaia amildu zenean, espartina lotzen makurtua nintzen orduantxe. Ilunpea egin zitzaidan lurrikara batean. Kanpaiak azpian harrapatu! Ikaratu nintzen ni ere... Zutitzerakoan hamabigarrena jo nuen buruarekin. Entzungo zuten bai, ni kaskagogorra izan naiz txipitatik... Atera nintzenean azazkal guztiak hautsiak eta eskuak odoletan nituen Morikok bezala lurra harrotzez. Ilunpetik irten berrian itsutu egin behar izan nituen begiak, eta konturatu orduko denak besarka eta Obispua bera bedeinkazioka eta arropatik tiraka erlikia eramateko eta miraria zela eta nik al dakit. Amak negarrez pasa zuen egun guztia jendeak gaiztoz behatu ziolako semearen falta ez nabaritzeagatik, eta nik, nik Morikoren bila atera nahi nuen, lasterka egin belar artean, haren izena oihukatu, Morikooooo!, pikondopean etzan, langak saltatu, librean zoratu...
© Koldo Izagirre / Eneko Olasagasti