4. eszena

 

METXA kalera doa eta egunkariak saltzen dituen PEPE topatzen du. Egunkaria erosten dio.

 

PEPE.— Zer, atzo kale... Ondoezik ala?

METXA.— Ez... ez... Casablancara joan behar izan nuen laguntzera.

PEPE.— Ederra zetorrek gaurkoa ere, Metxa!

METXA.— Bai?

PEPE.— Bai gizona! Ez al dituk kartelak ikusi? «Ilunpe Orokorra!» Eta ez dakik onena...

METXA.— Ez noski. Heuk esan beharko...

PEPE.— Esan zidatek, izena ezin esan diadan gazte batek esan zidak, argia emanda ikusten dituzten etxe guztiak apuntatu egin behar dituztela...

METXA.— Bai?

PEPE.— Bai... apuntatuak! Zerrenda beltza! Ulerten duk?

METXA.— Ez da egia izango... Beldurra sartzeko besterik ez duk izango...

PEPE.— Gutxi fido! Treintaiseisekoa ere gezurra zela eta, beha ezak!

METXA.— Bueno, Pepe, kobra iezadak...

PEPE.— Hi, Metxamotz, etzakela hor barrena zerrendarena zabaldu, badakik...

METXA.— Lasai, motell, ez litzaidakek batere axola herri honetako zerrikume batzuk zerrenda beltzen batean egotea!

PEPE.— Metxa... mesedez...!

 

 

© Koldo Izagirre / Eneko Olasagasti

 

 

"Metxa" orrialde nagusia


www.susa-literatura.com