3. eszena
Musikoarekin batera, albo batean, agirretar batek hitz egiten digu.
AGIRRETARRA. Bekaizkeria gaitz zabaldua baita, Metxak beti nabarmendu beharra daukala esango dute Nikola ongi ezagutzen ez dutenek. Badakigu agure mehar honek ez dituela halakoak egiten handinahiez. Aspalditik ezagutzen dugunok badakigu Agirre'tar Nikolari Metxa esaten zaiola erraz hartzen duelako su, oso minbera delako min eman nahi dutenekin. Badakigu su hartu ez ezik, leher ere erraz egiten duela, pazientzia gutxikoa dela. Metxa motzekoa alegia. Horregatik adiskide minek Metxamotz esaten diote batzuetan, harpa jo nahi diotenean. Gainontzekoan gizon arrunta dugu, agirretarren herrikoa, agirretarren akats eta bertuteekin, agirretarren umore garratzarekin. Oraindik ere min hartzeko prest Nikola Metxa.
(Bitartean, tailerra bilakatu du etxea Metxak, mago baten kapelutik bezala ateratzen ditu torloju, arandela, hari, lotzeko zinta... Hango kable, hemengo kisketa, mahai gaineko tornua... Puntapax okerrak zuzentzen kolpe eder bat eman dio mailuaz atzamar lodiari. Musikak laguntzen du).
RAFAGA. Agirretarrena.
© Koldo Izagirre / Eneko Olasagasti