SARRERA

 

Eskenategian METXAren gela urdina irudikatzeko balio duten elementu urri batzuk. Musikaren lehen konpasak entzuten dira. Musikoarekin batera taulara AKTORE GUZTIAK datoz. Publikoari zuzentzen dira. Textoa esatearekin batera Agirretarren herriko plaza eta inguruak irudikatzen duen maketa txikia eraikiz doaz.

 

                Agirretarren bandera/ hartu dute hankapera

                Gure ametsen kondarrak doaz/ errekan behera.

                Ikusirikan galera/ askok egin du atzera

                Ezin omen da poza ekarri/ minduen aldera.

 

                Agirretarrak zer garen/ esango dugu bigarren

                Zutik irauten saiatzen gara/ erori arren.

                Ez bagabiltza azkarren/ ez da gaudelako herren

                Munduko zoro guztiak gara/ lagunak elkarren.

 

BAT.— Agirretarren herria ez duzue mapetan aurkituko.

BI.— Agirretarren herria ez baitago inon.

BEÑAT.— Agirretarren herria edonon dago.

LAU.— Agirretartasuna ez du sorlekuak ematen, baizik eta erorikoen minak.

BOST.— Honek besteren sagastian sartuta belauna urratu zuen, adarrak behera egin zuelako. Horra agirretar bat.

SEI.— Sokamuturrean orkatila hautsi zuen beste honek. Agirretarra izateko modu bat.

ZAZPI.— Horrek mendian hartu zuen min, gauez zailagoa baita amildegiak ikustea. Ezin uka agirretarra dela.

BAT.— Beti erorian ibiltzen diren gizajoak dituzue agirretarrak.

BI.— Eta jendeak nahiago duenez minik ez hartu, gero eta bakanagoak dira agirretar petoak.

HIRU.— Horregatik, agirretar bik elkar topatzen dutenean, tabernara doaz bizkarretik helduta, ez diote elkarri ordaintzen uzten, lintxaferuak botatzen dituzte, gainontzeko agirretarrek ere jakin dezaten mindunen arraza oraino bizi dela.

LAU.— Bakoitza zenbat aldiz erori den hasiko dira kontari, erorikoaren altura luzatuz, hezur hautsiak bikoiztuz, hartutako mina malkotan adieraziz. Eta azken erorikoaren berri komentatuko dute gero.

BOST.— Oraindik ere bagarela!

SEI.— Oraindik ere bazagok harri zaharrean estropezu egiteko boluntariorik!.

ZAZPI .— (Kantuz)       

                Herdoildu zen igitaia/ apaingarri dago laia

                Nonahi ta beti lanturu bera/ hilen kanpaia.

                Agirretarrak du gaia/ iratzar dadin garaia

                Harro sutzen da guk bihotzean daukagun ardaia.

 

Musikak jarraitu egiten du hurrengo eszenak iraun bitartean ere.

 

 

© Koldo Izagirre / Eneko Olasagasti

 

 

"Metxa" orrialde nagusia


www.susa-literatura.com