"HENAU SU CHiCOCA, ANDRiA?"
Koldo Izagirre
Ez
Gautier-ek ez Dumas-ek laudatzen dute Gasteiz. Hugo-k aipatu
ere ez du egiten. Mérimée-rentzako ordea hiri zoragarria da Arabako
burua, eta Burgosen aldean laurehun urte aurreratuagoa iruditzen zaio. Menturaz
iragaitzez bakarrik ezagutu zuen, baina Gasteizek sorraraziko dizkio oroitzapenik
ederrenak. Bertako neskekin euskara polito ikasi zuela diosku:
Nai desu nerequi etorri Franciera? galdetu omen zion Irungo ostalersarik ederrenari.
Esgarric asco erantzun omen zioten. Neskekin baino, gizonezkoekin ikasiko zuen Mériméek euskaraz. Mandazainekin, kotxeko gidariekin, mandamutilekin edo ostatuetan ezaguturiko jokalari profesionalekin. Ez zizkien neskei ikasiko halakoak esaten:
Escartzo me subat!
Are gutiago:
Henau su chicoca, andria?
Potaren galdatzea lehena, narrutarako eskea bigarrena, omen, Mériméek berak esana. Iparraldean ikasiak, esanen nuke nik, Gasteizen baino. Baina errespeta diezaiogun fikzioa, ez gara euskaldunok kexatuko. Bazuen Inperio Frantsesaren arte komisario honek halako jaidura ezti bat euskaldunentzako: behin eta berriz eskatzen du gure probintzien legediari buruzko informazioa, eta entzuna omen da, geure arbasoengandik noski, espainolek ez luketela agindu behar Bizkaian. Baina gure aldeko makurtasun hau benetako itsumena bihurtzen zaio euskaldunak emakumeak baldin bagara: Maruja du izena, Madrileko Lobo karrikan bizi da, eta hogeita hamabi librako haragi oneko ipurdiaren jabe da. Harnabi edo hamabost silabako abizena du, -etxea amaierarekin, nafarra da.
1850ean behintzat birjina zen. Carretas karrikan bizi zen, eta balkoira irtetzen zen aldiro, behazale mordo bat metatzen zen ikusi nahiz. Bataloi buru batekin ezkontzeko zegoen, bere anaia medikuari Marujak pianoa ikasi behar zuela otu zitzaionean. Esan behar dizut oso ahots ederra duela. Iradier izan zen (gasteiztar bat, kasu!) piano irakaslea, eta mustro honek inuzentzia kendu zion, noski, ezkonduko zirela hitz emanik. Anaiak, bataloiburuari kalabazak ematen ikusita, igarri egin zuen gertatua; itxi egin zuen lehenik eta, gero, Euskal Herrira bidali zuen atzera bi damaren zaindaritzapean. Honetan, Marujak zoroarena jokatu zuen; iskanbila bat sortu zuen kotxeko kristalak apurtuz; kolpeka lotu zitzaien aldamenekoei, eta hain ongi egin zuen non Madriletik legoa batera zeudela libre utzi eta anaiari itzuli zituen guarda eta mediku talde baten begipean. Beren herriko mendietara eraman zuen anaiak, eta hilabete eduki zuen etxetik irtetzen utzi gabe. Orduan mandazain batek gizonezko jantzi bat eman zion (ez dakit nola sartuko zuen ipurdi hori galtzetan). Mozorrotu zen, aurkitu zuen Iradier etxetik legoa barru eta elkarrekin itzuli ziren Madrilera. Baina halako batean jakin zuen Iradier ezkondua zegoela eta, gainera, beste amorante bat zeukala. Utzi egin zuen eta mexikar aberats batekin bildu zen. Mexikarrak alde egin dio eta orain arropa fineko denda bat jarri dion haginlari ospetsu batekin dago, baina behar omen ditu sosen batzuk kapritxoetarako...
Hona hemen gai eder bat nobela baterako. Emakume euskaldunari Andaluziako bandoleroak nahasi, eta hor dukezu... Carmen, euskaraz egiten zuen buhamearen nobela, egun geure hizkuntzan plazer handiz irakurtzen ahal duguna.
Narratzailea, kontalaria genuen aparta Prosper Mérimée. Berak erdeinuz eta ezarian eginak bezala aitortzen zituen lan xumeak, benetako maisulanak ditugu. Berak ere bazekien noski bere ipuin laburrek leku zutela Frantziako literaturan, baina halako ganorabakotasun bat ageri du, sasi apaltasunez, bere lanen aldarri egiteko garai haietan egiten eta laudatzen ziren nobela luzeen ondoan.
Estilo zehatz eta ironiko baten lantzaile, mutiritasunez, espanturik gabe, kontatuko dizkigu gertakari lazgarrienak. Biluztasun honi, kontatzen digunarekiko urruntze hotz honi zor dio Mériméek, nik uste, egun autore moderno bat izatearen ohore zaila. Eta noski, kontatzen digunaren bortitzari: egoera limiteetan sorturiko dramak.
Honen guztiaren adibide ederra dituzu ondoren dihoazkizun hiru narrazioak. Kronikak dirudite, ez dute edergailurik, prosa laua dute hirurek. Haatik, erre egiten dute.
© Koldo Izagirre