GiPUZKOAKO DiLiGENTZiA

 

        Eskopeta labur batez armatua den gizon bat dator lasterka diligentziaren ondoan aspaldion. Pariseko errebaletakoek bezala jantzia, jaka handia eta larru koloreko kotoi-belusezko galtza zabalak. Kartutxera sabelean. Kapelu biribil ziraztatua, gure puntuko kotxeroek bezala, idazki honekin: Cazadores de Guipuzcoa. Jendarma bat da. Eskolta ematen dio diligentziari.

        Lapurrak ote ditugu? Ez da posible. Jalgiak gara Frantziatik ordea. Bizkarrak harrotzen ditugu. Bizkitartean, herri batean sartu gara. Nola du izena bazter honek? Astigarraga. Zer ote da ostatuaren borta aitzinean dagoen gurdi luze berdez margotu hau? Posta-gurdia da. Zergatik dago geldirik, askaturik eta zamagabeturik? Zamagabetua dago orain zamarik ez daukalako; askatua dago mandorik ez daukalako; geldirik, gelditu egin dutelako. Gelditu! Nork? Posta-mutila hil, mandoak eraman, gurdia hustu eta bidaiariak atrakatu dituzten ohoin batzuek. Eta ostatuaren bortan aire penagarri horrekin dauden gizajoak? Pasaiariak dira. A, zinez? Itzarri gara. Beraz, posible da. Bai eiki, ezagun du jalgiak garela Frantziatik.

        Ehiztariak utzi egin gaitu. Badator beste bat. Utzi zaituenak erremusina eskatzen dizu bortañora hurbilduta. Horixe du paga.

        Sakelan daramadan ontzako urreak ibili ditut gogoan, eta zilarra eman diot. Txiroek bost xentimokoa ematen dute, lukurreroek ardit bat. Dena hartzen du ehiztariak, kobratzen du pezeta, hartzen du bost xentimokoa, eskertzen du ardita. Ehiztariak bidean lasterka egin, fusila eraman eta erremusina eskatzen besterik ez daki, hori da bere artea.

        Arazo hau ekarri diot ene buruari: zer agituko litzaioke ehiztariari, lapurrik ez balego? A zer galdera! Lapurra bihurtuko litzateke.

        Hala eman dit aiherrak. Bizi beharra dauka ehiztariak ere.

        Herrien hiru laurdenak erraustu dituzte. Karlistek, kristinoek. Duela sei urte gerla zibila zen Gipuzkoan eta Nafarroan. Espainian, bide handia gerla zibilak hartzen du noizean behin, lapurrek beti. Lapurrak dira ohikoena.

        Hernanin sartzerakoan, bideak eskuinera egiten du zakarki. Bidearen ertzetik doan oinezkoak badu espaloi bat. Ganadua ferian saltzera doan anitz nekazari txapeldun. Diligentzia lauhazka zihoala maldan behera, sasian sartu zen idi izutu dohakabe bat. Hura zeraman lauzpabost urteko umeak burua hartu eta bularrean gorde zion, eskuaz emeki ferekatzen zuela. Idiari egiten zion, dudarik gabe, amak berari egiten diona. Idiak, atalak oro dardaraz, konfiantzan babesten zuen umearen besotxoetan gaitzeko adarrez hornituriko buru handia, sekulako zintzarri eta kate azantzaz sei mandok tiratutako diligentziari behako ikaratu bat egiten ziola zeharrez. Irri egin eta ahapetik mintzo zitzaion umea. Indar basa eta itsu hori ahuldade inteligenteak gozoro lasaitua ikustea baino hunkigarriago eta miresgarriagorik ez da.

        Diligentzia muino baten gailurrera heldu da; bikaina ikusgarria.

 

 

© Victor Hugo

© itzulpenarena: Koldo Izagirre

 

 

"Victor Hugo / Idi orgaren karranka" orrialde nagusia


susa-literatura.com