B. Atxagaren Etiopia

 

Jon Kortazar

 

        Sarrera

        Inoiz, etorri behar dugu abangoardi literaturak gaurko euskal literaturan zein pisu duen aztertzera.

        Badabil Euskal Herrian jenderik literatura berria, azken momentuko estiloagaz kontaktatu nahi duen literatura egiten: Ustela Saila eta Pott aldizkarikoak, B. Atxaga delarik talde honen buru eta bultzatzailea.

        Horren azken liburua dugu Etiopia [1]. Liburu honek izan du K. Izagirrek egindako kritika bat [2]; aurrean dugu lan hau hasterakoan.

        Liburua komentatzen hasi baino lehen, ohar batzu egin nahi nituzke. Etiopia ez da liburu erraza. Irakurle honek ez daki liburua ondo ulertu duen ala ez, azken baten liburua ez delako «ulertzen»: liburu hau sentitu eta barrutik dastatzeko egina dugulako.

 

        1. Gaia

        Liburuaren gaia, bidaia bat da eremuan zehar. Eremu latz batetatik Etiopiarantz. Herri hori sinbolo moduan erabilia dago, jakina. Bakartasuna, higuina, eta paradisu faltaren sinboloa. Bestalde, eguzkiaren indarra (poesia?) watio eta voltiotan neurtzen duen hiri deshumanizatu (Bilbo?) baten sinboloa da Etiopia, nire ustez.

        Bederatzi zirkulutan egiten da bidaia. Zirkulu bakoitza muga bat da, poesia galdu duen mundu batetarantz.

 

        2. Estruktura

        Ez nuke liburuaren aurkibidea bakarrik komentatu nahi, bederatzi zirkulutan ematen den bidean dagoen estruktura ere komentagarria bait da. Estruktura mota biak aipatuko ditugu orduan: liburu osoarena eta zirkuluena.

        1) Izagirrek dioenez, liburua biribila da: prosaz lan bi, bederatzi zirkuluok eta, azkenik, beste lan bi: poema ipuin bana.

        Lehen bietan, bidaiaren arrazoiak ematen dizkigu idazleak, bederatzi kapituluetan bidaia bera eta, azkenik, ondorioa.

        Bederatzi zirkuluek, liburuaren barnean, osotasun apartekoa agertzen dute. Atariak eta azken ipuinek poesia eta poetaren izaera aztertzen dute.

        2) Beste estruktura bere-berea dute bederatzi zirkuluek. Zirkulu bakoitza zita batekin hasten da. Zita horretan zati bakoitzaren gaia aurki dezakegu. Eta gai horiek gero eta hutsago, galduago, itxaropen gabeagoa den giza mundu batetara garamatzate. Hiru-lau elementu daude, mugarri moduan bidaia honetan:

 

        1. Nigarra. Mundu horri eman ahal zaion erantzun bakarra.

        2. Haurtzaroko mundura itzultzea.

        3. Bizirik irautea, baina helburu eta itxaropenik gabe.

        4. Zorotasunean jaustea edo logika faltan erortzea.

        5. Azkena. Bidaiaren azken lerroek hiriaren (gogora Atxagaren Ziutateaz) amaiera iragartzen dute:

 

                 ...desertuko ihizik eragitearren

                Ziutaterantz.

 

        3. Etiopia

        «ETIOPIA, lur anonimoaren bihotza, basamortuzko erresuma»( 3).

        Esan dugu ez dela erraza Etiopia liburua: sinboloz beterik, surrealismoa jarraituz askotan, inkoherentzi bila beti. Esana dago, baina, Etiopiak liluratua uzten duela irakurlea nahiz eta osorik ulertu ez. (« Liluratu» ez da, agian, hitzik zehatzena: harritua, bake faltaz geratzen da irakurlea; egia ezagun eta molesto bat, larritu egiten duen egia bat jarri diote begi aurrean).

        Baina zeintzuk dira hori lortzen duten elementu literarioak?

        1) Liburuaren hasierako lan bietan agertzen den motibaziorik ezak, erdi misteriotsu, erdi logika faltazko mundu batetan murgiltzen gaituzte: «Baina ez da argi ikusten mespresio horren zergatia» (7 or.). Indartu egiten da ziurtasun falta hori, Duvoisin kapitainaren aipamenagaz: nik ez dakit, dio idazleak; beste honek dio. Beste horren testigantza, gainera, ez da zehatza, ez da testigu. «Zerbait jakitea ez da batere erraza» (13. or.).

        Motibazio ezak, nondik datorren ez dakigun mundu batetan jartzen gaitu: mundu pixka bat misteriozko, arraro, eta, ororen gainetik, absurdo batetan.

        2) Dramatikotasuna: «Edonon aurki genezake dramatikotasuna» (43. or.). Liburu osoan daukagu aurrean dramatikotasun hori. Kaini gertatutakoa dramatikoa da, dramatikoa Pioleten egoera; bizitzaren dramatikotasunetik bidaia bat egin ostean, poeta izateagatik, idazleak berak sofrituko du drama.

        3) Baina ez dugu idazlearen tonoa ondo deskribatuko, baldin dramatikotasunaren alboan, samurtasuna jartzen badugu. Liburuan agertzen diren pertsonaiak, bakarrik eta maitasun bila dabiltzala dirudi. Babes bako pertsonaiak dira, errukarriak.

 

                ...ekia ez da 220-60W gorbatadun

                tigre funtzionala (51. or.)

 

        Esaldiak duen ironia guztiaren gainetik, «tigre» sustantibo horrek ohore brilo bat ematen dio oraindik eguzkiari. Samurtasun hau, hirugarren zirkuluan aurkitzen da batez ere. Horko Ainhoa izaera delikatu bat dugu, arratsaldeko giro epel fin batetan, hitz batetan errakuntza txiki bat nabari zaiolarik. Edo «KATYren heriotzea... » Ainhoak kontaturik, edo beste gauza asko kontaturik heriotza oroimen artean galduz.

        3) Lirika eta errealitaterik tristeenak batzea:

 

                arrabita baldarren nostalgia kantoietan

                eta haruntago, moskorrak

                kalegarbitzaileren beilegi bizia

                beste xubi bat, prostitutak (52. or.)

 

        4) Era azkenik, tono ezberdinak nahastea azken tono baten bila: itxaropen falta. Gizonaren bizitzak gutxienez pelikula bat merezi du, irratian diska bat dedikatzea; baina pelikula hori ez da, zihur, onenetarikoa:

 

                Bide herriak bilatzen zebilen gizonaren kasoa

                Ez da gai txarra filme batetarako

                Baina zergatik, edo non, nor, no conzment (80 or.)

 

        Desaliento hutsa ageri duen liburu honetan ez dago zorionik. Egon dagoena ere, gizarte kontsumistak ematen duena da, plastifikatua eta ondo enpaketatua:

 

                ... Zorionak.

                Yogurth fantastikoekin aurreratuko dugun diruagatik (111. or.)

 

        6) Aztertu gabe dugu oraindik, zein paper jokatzen duen poesiak mundu ustel horretan. Poesiak ez du lekurik: lagun batek egingo du poeta azken ipuinean, era hau («Gauza guztiak esanak zeuden jadanik» [111. or.1) dena esana duen mundu batetan aurkitzen da.

 

        4. Estiloa: oharrak

        Estiloa ez dugu inoiz ondorio zientifiko bihurtzen. Ezina da. Horregatik, ohar batzu egiten saiatuko gara.

        1) Hasteko, alde batetik prosa eta bestetik olerkia bereizi behar dira. Alde bietan elementu berdinak egon arren: barre tristea, absurdoa azpimarkatzea (kausalitate faltaren ondorioa), badituzte elementu ezberdinak ere.

        Prosan, sintaxia nabarmentzen da. Esaldi luze eta matizatuak.

        Olerkietan, hizkera ebokatzailea da. Liburuan agertzen diren elementuak ez dira arrotzak hirian (elektrizitatea, trenak, zinca, tximiniak), baina esaldi barruan daudenean berriztatu egiten dira, itxuraldatu. Forma askotan lortzen da sorpresa hori, nahiz eta inkoherentziaz josiak izan. Dena dela, nik joku horren ondorio bi ikusten ditut garbi-garbi:

 

        a) Samurtasuna:

                Bidaia luzetan bihotza zartatzen

                zaie kargako tren ilunei (111. or.)

 

        b) Lirika:

 

                masustak ixiltasuna brodatzen (63. or)

                zinta multikoloreak ormetan

                ixiltasuna kulunkatzen

                tximinien loa zainduz (51. or.)

 

        2) Argi dago Atxagak aberastu egiten duela lana aipamenen bitartez. Ugariak dira liburuan zehar herri literaturako eta idazleen aipamenak.

 

        5. Azken begirada

        Ez nuke lana hitz batez mugatu nahi. Aberatsa dela uste dsut; buruz baino gehiago, bihotzez irakurtzeko poema liburua. Punturik aipagarrienak aipatuak daude jadanik.

        Akatsak?

        Honelako lan literarioen aldekoa ez denak mila aurki ditzake. Izagirrek hauek aipatzen ditu bere artikuluan: «Itzulpenen alferrikotasuna eta agian landueza, zenbait prosazko pasarte era "Eguneroko bizitza ikatza..." poema luzea beste nonbait hobe leudekeela ustea» [4].

        Bestalde, amaiera baino hasiera hobea dute zirkuluek, nire ustez. Hala ere, zazpigarren zirkuluan dagoen «Harea lurrik anonimoena» (87. or.) poema liburukoetan onenetarikoa da, nik uste.

        Azertuen artean, poema horren alboan jartzekoak dira «Kain. Abel», «Begia egien berriro» (63. or.), «Jarri zara bidean. Ba zatoz Etxahun» (107. or.) «Francis Picabiak» (111. or.) eta azken ipuina (115. or).

        Badakit, honelako liburuek ez dutela irakurle sutsurik izaten (irakurlea bankada berean arraunketan ez badabil behintzat); baina progresiak eta modak alde batetara utzirik, Etiopia-k badu, literatura on bat non dastatu. Abangoardiako euskal literaturaren hesparruan, fruitu gozo bat dugu dudarik gabe.

 

 

[1] Bernardo ATXAGA: Etiopia. Pott liburutegia. Santutxu-Bilbao. 118 orrialde.

[2] IZAGIRRE, K.: Etiopia, Zeruko Argia, 796, abuztuak 6, 1978.

[3] IZAGIRRE op. cit.

[4] IZAGIRRE: op. cit. 49 or.

 

Jakin, 1979ko apirila-ekaina, 10. zkia, 123-127 orr.

 

 

"Etiopia-k 25 urte" orrialde nagusia


susa-literatura.com