Jose Luis Otamendiren Zainetan murrailak
Bihar helduko natzaizu / goiza urratzera / gaua orraztera ene eskuekin / Bihar helduko natzaizu / pena ehizatzetik / laztan ikastetik zure behakora. Bihar gabe, aspaldi iritsia da Jose Luis Otamendi irakurleengana.
Zainetan murrailak bere hirugarren poema liburua izan zen, Susa argitaletxearekin 1987an argitaratua. Orain osorik eskaintzen dizugun liburu honetako poema batzuk gainera, entzun ere egin daitezke, idazlearen ahotsetik.
Roland Barthesen Soud-Ouesta
1980ko martxoaren 25ean, orain 25 urte, zendu zen Roland Barthes idazle eta kritikaria. 1915ean Cherbourgen jaioa, Baionan hazi zen Barthes 1924an familia Parisera aldatu zen arte. Hizkuntzaren eta literaturaren pentsamenduan eta semiotikan aditua, bere teoriek eraginik izan zuten idazle askorengan. Fikzioan ere jarduna, saiogintzan egin zuen ekarririk handiena. Bere haurtzaroko Euskal Herria gogoetagai duen Roland Barthesen testu interesgarria euskaratu digu,
Literatur Emailu honetarako, Koldo Izagirrek:
Sud-Ouestaren argia. 1977an L'Humanitén atalka agertutakoa, ondoren
Incidents liburuan bildu zen.
Euskaraz, bestalde, bere testurik esanguratsuenetako bat,
Testuaren atsegina/Idazkuntzaren zero gradua, irakur daiteke, Juan Garzia Garmendiak euskaratua eta Pentsamenduaren Klasikoak bilduman 1991n argitaratua. Osorik irakur daiteke bildumaren
Klasikoak.com gunean.
Antzerkiaren Nazioarteko Eguna
Aberri Egunarekin suertatu da aurten
martxoaren 27a, Antzerkiaren Nazioarteko eguna, mundu osoan ospatzen duguna. Aurten Ariane Mnouchkine
Théâtre du Soleil konpainiako kideari egokitu zaio nazioarteko manifestua idaztea. Gurean Harkaitz Canok euskaratu eta Literatur Emailuaren bitartez hedatzen dugu. Aspaldiko urteotan, Susa argitaletxeak manifestuak euskaratu eta sarean eskuragai jarri ditu.
1909 martxoak 24: Santi Onaindia jaio zen Amoroton.
2004 martxoak 24: Andolin Eguzkitza hil zen Bilbon.
1884 martxoak 25: Alejandro Bilbao jaio zen Marurin.
1910 martxoak 25: Pierre Narbaitz jaio zen Azkaraten.
1903 martxoak 26: Antonio Arrue jaio zen Asteasun.
1904 martxoak 26: Ramos Azkarate hil zen Tolosan, jaio ere hil berean egin zen,
1847ko martxoaren 28an.
1915 martxoak 27: Anastasio Albisu jaio zen Lazkaon.
1920 martxoak 27: Yon Etxaide jaio zen Donostian.
2003 martxoak 27: Jose Mari Satrustegi hil zen.
1899 martxoak 28: Juan Iruretagoiena jaio zen Zarautzen.
1851 martxoak 30: Agustin Paskual Iturriaga hil zen Hernanin.
Agenda
Edu Zelaietak Mugaldekoak poesia errezitaldia eskainiko du apirilaren 3an, Senpereko Oxtikoenean, arratsaldeko 17:00etan. Hatsa Kultur Elkartearen eskutik urtero antolatzen den POESIA BESTAren egunaren baitan izango da ekitaldia.