Etchaun

Sei gertaldiko ikusgailua

 

P. Larzabal

 

 

ABISU

 

Ikusgailu hau agertaraziko duteneri.

 

1° EMAN AINTZIN:

          a) Jenderi eman chehetasun zonbait Etchahunez eta haren koblez.

          b) Jendea abisa ez dela ikusgailu hau haurrentzat.

 

2º GERTALDIEN ARTETAN:

          Kanta ditazke Etchahunen kobla zonbait, ongi hautatuak, ikusi gertaldieri johan direnak.

 

 

JOKALARIAK

 

1. ETCHAHUN, 40 bat urthe, arteko gizon bat.

2. ENGRAZI, 45 bat urthe, Etchahunen emaztea.

3. SEME, 8 bat urthe, Etchahunen semea.

4. JOANES, 40 bat urthe, Etchahunen auzo eta adichkidea.

5. EGIAPHAL, 40 bat urthe, Etchahunen auzo eta etsaia.

6. ERRETORA, zahar, handi, ile luze, boz aphal idor batekin.

7. MAIDER, 25 bat urtheko neskatcha.

8. KATTALIN, 25 bat urtheko neskatcha.

9. AMA, 60 urtheko emazteki bat.

10. ALABA, 40 bat urthe, ama horren alaba.

11. PIERRA, 65 bat urtheko artzain bat.

12. MARTCHELIN, Pierraren andrea, 50 bat urthe, maingua.

13. PANPILI, Pierraren semea,11 urthe.

14. GANICHON, 70 urheko gizon gogor, handi, aho chabal bat.

15. ATCHOA (Maria), 70 bat urtheko atcho pollit bat.

16. NECHKA ttipi bat atchoaren eskutik.

17. MUTHIKO bat,12 bat urthekoa, kofesionalearen aintzinean.

18. BERDIN BERTZE BATZU han berean.

19. PETTE, 30 bat urtheko muthila.

20. MANE, 30 bat urtheko muthil bat.

 

 

 

LEHEN GERTALDIA

 

Joka-lekua. Phente mutur hat, sahets bide batekin.

 

ETCHAHUN. (Sega mehatzen ari, bere buruarekin solasean) «Landetako lurrek, girichtino maiteak, laphar tzarretarik garbitu behar duten bezala, halaber arimako hedadurek behar dute laphar tzarretarik, erran nahi baita bekatuetarik, noiztenka garbitu. Eta laster Phazko baita, orai da tenora jina, zuen arimen beren lapharretarrik garbitzeko... Phentsatzen dut herriko artzainaren oihua entzuna izanen dela, eta balitz arthaldean ardi errebelatu zonbait, hek ere Jainkoaren bordarat berritz itzuli nahiko dutela... Halabiz...»

          Holachet zen, igandean, gure jaun erretoraren predikua... Ardi errebelatuak... Hori hiretzat zian, Etchahun.

          Bazakitek, bazakitek segurki herri guzian, presondegitik libratuz geroz, bi urthe hautan, ez dukala zangorik sarthu elizan. Hiauk ahantz baheza ere, Etchahun gaizoa, plaza Dendarieneko bi andere saindu hek han dituk hire konduen begiratzeko... Atso sorjesak! Ama alabak dira Dendarienean dendari... Aitarik nehork ez du ezagutu etche hortan... Eta horiek, horiek behar naute ni, Etchahun, judikatu.

          Han igaraiten diren emazte eta, neskatcha guziak, entrada bera dute entzuten: Aditu duzueia jaun erretoraren predikua? Aurthen hurbilduko othe da Etchahun sakramenduetarat? Ez den, ba lastima herriko ume bat hortaratzia... Phazkorik ere ez egiten...

          Azkenik badakizueia nori hola ari izanak diren? Ondo huntako bi neska tzarreri!... Hemen gorachago bada kartiera bat, Gaztelondoko kartiera... Herriko neska tzar eta basenak hor bizi dira... Eta, ala-jokoan, horko bi julufreietarik larrieneri ari izonak dira, Dendarieneko atso hek, ni konbertitzeko eta ni konbertitzeko.

          Lehen ere eman diozkatet kobla gazi batzu, ba Dendarieneko ama alaba hoieri, ba Gaztelondoko neska tzar hoieri... Berritz ere entzunen dituzte.

          Etchahun bekotorosa! Etchahun kriminela!... Etchahun preso egona!... Zer dute nitaz hola mintzatzeko? Zer kalte egin diotet nik?

          Preso egon berri nizala bi urthez! Eta gero? Horrek erran nahi othe du baitezpada hobendun nintzela? Tribunala chuchena izan balitz, eta lege-gizonak gizonak izan balire, egungo egunean ez nintzen izanen denen aho mihietan beltztua eta higuindua.

          Nahi nuke jakin zer eginen zuen bertze edozoin gizonek, ene orde izan balitz.

          Emaztearekin eta haurrekin bizi nintzen, lanean eta bakean.

          Egun batez ohartu nintzen auzoko buzoka bot zabilala ene esposari hurbilduko. Ez bakarrik ohartu, bainan segurtatu gure ohatzeon urtcho amak bi gerizatzaile bazituela.

          Ordutik, ene baitharik urrundu ziren loa eta gochoa. Odola errabian jarri zitzaitan. Ez nakien gehiago zer egiten nuen ere.

          Eta arma kargaturik, bide hegian guardiatu nuen ene etsaia... Tiro bat eman nion... Zorigaitzez ez nuen hil... doi-doia kolpatu bakarrik. Horra nola ninduten preso altchatu eta bi urtherentzat itzalean ezarri.

          Eta Egiaphal, ene etsaiak... horrek phitsik ez ukhan... Ene emazteak!... Horrek ere phitsik... Horiek orotaz garbi... Ni, Etchahun, gizon tzar bat, idurikor, jeloskor bat... Oro ene gain... Denek ene kontra... Lege gizonak... eta aphezak ere... Aphezak ere ez naute maite, phertsu gordin zonbait emaiten dituztalakoan igandetan, ostatuetan... Eman ditut eta emanen ere ba... Erran bezate nahi badute enetzat: Phertsulari jorrari... Jorrari, bainan errekoltak bezala, jende zonbait ere jorratzeak ditu ontzen.

          Eta orai, presondegitik libraturik, berritz etcherat ethorria naiz... Eta ene emaztearekin bizi naiz ahal bezala... Ba, ahal bezala... Nihaurek dakit ene etcheko berri... Bi haur ere baditugu... seme alabak.

          Eta Egiaphal, ene etsaia, bethi hor bizi... Hortchet, auzo hortan... eder eta bapho... Eta gehiago dena, Etchahun han preso zen denboran, Egiaphal Etchahunen etchean sar-jalika ibili... Zer sarjalika!... Egiaphalek ene ogitik jan... eta... ene oheko gochotasunetik jostatu...

          Horra emaztearen ahulezia!....

          Horiek guziak badazki Etchahunek!

          Etchahun. hunek badu hanitz iretsirik, hanitz!... Bainan iretsiak ez ditudala ahantziak jakin-azue...

          Hortchet badaukat ophiÍ bat, errabiaz kargatua, eta hurbiltzen ari da tenora, ophil hori hustu eta zapartatuko baita...

          Kasu emak, Egiaphal!... Den azeririk abilenak azkenean zephoan erortzen dituk... Ez hadila ene alhorretan sar

 

(Entzuten da ardi arthalde bat, bere artzainarekin, bidean iragaiten).

 

          To, Pierra, etcherat ari phazkatik bere arthaldiarekin... Horrek ere phazkak behere hautan, eta bere etchea, Mendialdea, han nonbait, Jainkoak daki non, oren bat eta erdiren bidean... Soberachko ardi ernarientzat halako kurriadak.

 

PIERRA. He be, Etchahun, larunbatarekin sega mehatzen?

ETCHAHUN. Ez ahal dut nehori kalterik ekhartzen

PIERRA. Bezperan mehatu sega, biharamunean baituk maiz zerbitzatzen.

ETCHAHUN. Aphezak ditik denak barkhatzen.

PIERRA. (Trufan) Barkhatzerat ekhartzen badiztegu ba!

ETCHAHUN. Bakhotchak berez artha hor dezala, auzokoak auzokoen gain utziz.

PIERRA. Ez dik balio samurtzea, muthikoa, nik irriz erranez... Bakhotcha bere barneko harat-hunaten juje duk.

ETCHAHUN. Hala behar litake segurik... Zertako nauzue ba hola kanpotik judikatzen?... Segur naiz, bihar, auzoko Egiaphal apostolu hori, han izanen dela lehenatarik mahain sainduan, bi eskuak hola, ausiki nahi balitu bezala, juntatuak! Hori, gizon prestu zuzentzat daukazue... Pentsa ba! Elizan dabilan... komuniatzen dabilan gizona!

PIERRA. Zer nahi duk? Jendeak itchuratik dik jujatzen... Gure Jainkoak zakik barneko berri!

ETCHAHUN. Bon, Jainkoak badaki ene barneko berri... Eta ni, harekin akomeatzen naiz... Eta jendeak utz nezala ni bakean!.. Badakizu... bakean!

PIERRA. Ez dik balio ez, bi hitzentzat, hola minberatzia!

ETCHAHUN. Nor ez da minberatuko? Ez du oraino zortzi egun, gure erretorak katichimako haurreri othoitz eginarazi diote, herriko bekotoros handi batentzat, aurthen phazkoak egin ditzan... Denek konprenitu dute enetzat zela.

          Egun hautan, galtzen azpilzunean, zer othe nuen, zerbait gogor eta... badakizuia zer zena? Medaila bat, hau, ni konbertitzeko ezarria! Eta badakizuia nork? Emeki, emeki oro jakiten dira. Dendarieneko bi birjina izanek zuten delako medaila, berriaren egiteko izarritzat joan galtza zaharrean.

          Bainan berak galdu dira. Zer egina zuten kondatu diote Gaztelondo hortako Maider eta Kattalin, bi neska zantzaileri... Toki onean salatu dute ori, beren sekretua! Biharamuneko hor nintuen, trufaz, ez zela ez galtzetan medailarik ibiltzen, bainan papoan!

PIERRA. Muthikoa ! Bainan, Dendarieneko horiek hori egin baditek, hire onean egin ditek.

ETCHAHUN. Preseski, sarri berean, norapait joan gogo dut, zortzi egunen mihi phazka emanen baitiotet Dendarieneko eta heien kideko guzieri.

PIERRA. Norat joan gogo duk?

ETCHAHUN. Norat joan gogo? Kofesatzerat!

PIERRA. (Irriz) Ha, ha, ha... Ez diat sinhesten!

ETCHAHUN. Zerentako ez? Ala... Ez joaitea gaizki egiten bainuen, orai berritz joaitea gaizki eginen duta?

PIERRA. Ez, ez, ez... Bainan, hi, hola jaun erretorari kontra ari izan-eta, hire kobletan, eta orai hari kofesatzerat!... Ez diat sinhesten!

ETCHAHUN. Hari eta berari... Zuzen ahal da zordun denari zorraren pagatzea eta ez zure zorretan deus hartze ez duteneri.

PIERRA. Ez hiza beldur erretorak zer nahi erran burutik behera?

ETCHAHUN. Entzunen ditu ordainak.

PIERRA. Bon... ontsa duk... Nik ere ardi hauk etchalde hurbildueta, jautsi gogo diat, ene eginbidearen bethetzerat.

ETCHAHUN. Ba, elizak kokatuko gaitu, gu eta bertze hainbertze

ere...

PIERRA. Karratcho! Ardiak barraiatzen hasi zaizkiat! (Urruntzen da, arthaldeari oihuz eta hichtuz)... Ez haiz sekulan gure etchalde hetarat agertzen.

ETCHAHUN. Zertarat nahi duzu jitea ni Mendialderat?

PIERRA. Ethortzen bahaiz ihiziz edo bertzela, sar-jalitze bat egizak gero... Ni ez bada, emaztea bederen han izanen duk... Gachura chorta bat bederen izanen diuk edateko.

ETCHAHUN. Ontsa da...

          (Bakarrik) Bihar, mar, mar, mar, herri guzian hedatuko duk berria Etchahunek phazkoak egin dituela... Artzain hori ere han bizi duk ba... han nonbait Mendialean.... Joanes, ene adichkide hoberena baitut, zer erranen othe du, jakitean phazkoak eginak ditudela... Gaztelondoko zonbait neska tzar batzuen ganik ere, ha, zer musika partidak behar ditudan entzun, jakinen dutelarik Etchahun kofesatzen izan dela!...

Zenbat orenak othe dira? Ichtantian diat ba naski elizako tenora... Ez duk errech izanen elizan sartze hura...

 

(Maider eta Kattalin ichilik sartzen dira, eta kilikatzen dute gibeletik Etchahun, oihu bana eginez.)

 

ETCHAHUN. (Jauzi bat egiten du) Hau izitzea! Deubru ahuntza basak! Norat ari zirezte hola?

MAIDER. Zure chekarat jinak gira!

ETCHAHUN. Zertako nere chekarat?

MAIDER. Gurekin elizarat jiteko.

ETCHAHUN. Ha, zer ditutzue? Aingeru begiraleak nahi bideko? Aski ditutzue ganden igande arratsean, hemendik. pasatzean zinituztenak berriz ere biltzia.... Ni zaharregi nun orai zuekin paseatzeko.

MAIDER. Ez zitugu batere hortako nahi... Behar duzu zuk ere gurekin jin zure bekhatuen churitzerat.

ETCHAHUN. Nik, ene kontzientzia churi dinat.

MAIDER. Ba, bi urthe hautako zikinekin...

ETCHAHUN. Zer dakin hik? Hi haizen julufreiarekin, ez dun ez hire bokata ere hanbatekoa.

MAIDER. Nik enea hilabethetik churitzen dut.

ETCHAHUN. Gaicho apheza, bide din lana zuen irina eiheran pasatzen.

MAIDER. Ez du ez, gure irina pasatzeko, zetabe larririk behar, zuretako behar lukeen bezala.

ETCHAHUN. Erraiten diozkatzuteia bederen denak, aphez gaizo horri, enganatu gabe?... Ala ahuntch jakitik zerbitzatzen diozue, akerkia gorderik atchikiz?

MAIDER. Zuk emaiten diozun jakioren gatik, norbaitek fornitu behar dio!

ETCHAHUN. Ez dinat beldurrik, zuenak iretsiz geroz, aphez gaizoa oraino goserik egonen dela. Denak saltzen badiozkatzue ahatik!

MAIDER. (Kattalini) Hau, gutaz arras trufatzen dun, no! Hunek merezi din herresta aldi bat... Har zan zango hortarik.

 

(Bi zangoetarik herrestatzen dute)

 

ETCHAHUN. Ai, ai!... Debru phika emeak!... Hu hemendik. Ale kuche... Ai, ai!...

 

(Maider eta Kattalin ihesi doatzi irri karkailaka)

 

ETCHAHUN. (Chutiturik) Debruentchuak... Galtzak ere abantchu galdu ditiat... Te... Ikhusten ditutzue Gaztelondoko neskak! Horra nolakoak diren... Horien debozionea, elizan, egun argiz hola (eskuak kartsuki juntatzen ditu)... eta gauaz, bide zoko hautan gaindi, hola (gerritik hartzeko jestua eginez)

          Gure chaharrek zioten jinen zela mende bat gizonek arbolen puntarat beharko baitute igan, ezmateri eskapatzeko... Ez zakiat mende hura ez den hurbiltzen ari.

          Horra nolakoak ditugun gure herriko perlak! Eta segur naiz ichtantean han izanen direla, Dendarienean, ez baitezpada Phazkoko arropa berrien izartzeko, bainan Etchahuneki zer pasotu duten kondatzeko...

          (Bere buruarekin irriz) Medaila hau ahulchkoa ezarri zaitaie hemen... Beharko die azkarchago bat muntatu.

          Pinpirina horiek nola kofesatzen othe dira gero!... Nola!... Ba, funtsean, Etchahun, badakika ihaurek ere kofesatzen?...

          Aitaren eta Semearen eta izpiritu sainduaren izenean. Hala biz. Aita benedika nazazu, zeren... zeren... Nola da ba hura? Hauche da ba! Zer behar diot erran aphezari?

JOANES. (Bidetik) Eheup!

ETCHAHUN. To, hi hiza, Joanes?

JOANES. Ba... Behiak edan artean, sega koskak entzun-eta, hire ganat jin nauk.

ETCHAHUN. To... ontsa egin duk... Memento onean heldu haiz. Errak... gu, egundainotik adichkide gaituk. Bertze guziek mespretchatzen nindutelarik, hik bethi atchikimendua erakutsi dautak.

JOANES. (Irriz) Holako abiadurarekin, hik baduk zerbait bihotzeko min.

ETCHAHUN. Ba, bahaiz... Erra, badakika kofesatzen?

JOANES. Jes! Hauche galdea! Bichtan duk, badakitala.

ETCHAHUN. Errak... Sarri kofesatzerat joan gogo diat... Behar nauk argitu; zer behar zioiat erran aphezari?

JOANES. Hi kofesatzerat!... To, errazkik hire bekhatuak!..

ETCHAHUN. Ez zakiat ordian nola erran! Ez zakiat zoin burutarik has!

JOANES. Ba, ez dik balio burua haustea hortakotz... Errak aphezari: Jauna, ez dakit kofesatzen... Lagun nezazu othoi...

ETCHAHUN. Bo, eta aphezak zer galdatuko zaitak?

JOANES. To, galdatuko dauk, lehenik ean othoitzak egin ditukan.

ETCHAHUN. Zer erran behar zioiat?

JOANES. Ez dakika ihaurek egin ditukan ala ez?

ETCHAHUN. Othoitzak, othoitzak... Zonbait «Agur Maria» eta hola erraiten ditiat ba... Ean hortaz kontent izanen den?...

JOANES. Errakok dena den... Gero galdatuko dauzkik hola: ean mezan ibili haizen.

ETCHAHUN. Eta, ezetz erraiten bazioiat, eta ez naizela ibili gogo ere

JOANES. To, beharko diok, nahi baduk atsoluzioneo bildu, hitzeman, oraitik igande guziz ibiliko haizela.

ETCHAHUN. Deubrua! Kofesatzea duk errechenik... Ondotik heldu diren karguak, kofesatzea baino gehiago gasta behar zaizkiat.

JOANES. Emazte horiekin ibili haizen ere, beharko duk ba erran...

ETCHAHUN. Hortan, ez diat arrangurarik... Ez nauk ni Egiaphal... Gaztelondoko neska tzar horiek harrotzen ditiat zonbait aldiz... Bainan berek chekatzen nautelakotz... Errak, eta... behar diota aphezari erran tiro bat Egiaphali eman diotala?

JOANES. Bichtan duk.

ETCHAHUN. Bainan hori bekatu dea? Hire ontasunen ebasterat, eta ez edozoin ontasun, hire emaztearen beraren ebasterat heldu den ohoin bati, tiro bat emaitea...

JOANES. Bichtan duk... Hiltzea, hiltzea duk... Eta bekatu handia duk hori.

ETCHAHUN. Eta, beraz, nahi badiat bekatu horren atsoluzioneo, behar diat urrikitan sartu, eta, hemendik goiti, Egiaphal bere gisa utzi?...

JOANES. Ba, ez duk dudarik

ETCHAHUN. Orduan, ez dik balio ni kofesatzerat joaitea.

JOANES. Zertako ez?

ETCHAHUN. Uste duka nik aphezari hitzemaiten ahal diotala, Egiaphal ikusten badut ene emaztearen ondotik zeren bazakiat oraino ere badabilala uste duka Egiaphal hola ikusten badut, bere gisa utziko dudala?

          Muthikoa, lehen okasionearen beha niagok eta, Egiaphali jauzi egiteko, eta aztapar hautaz haren urkhatzeko... Hik ez hezakea gauzo bera egin, errak, ikusten bahu gizon bat hire emaztearekin?

JOANES. Hori ez zakiat... Ba... Bazukek ahatik.... Bainan zer nahi duk... Urrikia behar dik kofesatzeko!... Hola ikasi diaguk, guk.

ETCHAHUN. Urrikia, urrikia... Bainan, muthikoa, nork behar dik urrikia: Gaizkia egin duenak, ala gaizkia jasan duenak?

JOANES. Gaizkia egin duenak, bichtan duk!

ETCHAHUN. Orduan, nik ez diat urrikitan sortzerik egin dudanaz... Egiaphalek dik egin gaizkia... Eta nik, harek egin gaizkia jasan diat... Harek behar dik hortaz urrukia, eta ez nik!

JOANES. Ba, harek ez dik ez ontsa egin... Hik ere, haren hiltzea... To, ez zakiat ba... Badakik, ni ez nauk gero apheza... Aski diozkak horiek aphezari erraitea... Harek argituko hau nik baino hobeki.

ETCHAHUN. Nagok Egiaphal nola kofesatzen ahal den.

JOANES. Zertako hori?

ETCHAHUN. Muthikoa, kofesatuz geroz, behar likek ene emazteari ukho egin... Ez dik ordean egiten

JOANES. Segur hiza oraino ondotik dabilala?

ETCHAHUN. Segur nizan?... Segur baino segurago... Mila azerikeria ibiltzen ditik, ni urruntzen naizelarik, harekin gurutzatzeko... Bainan kasu eman dezala!... Kasu eman dezala!... Azkenean, noizbait bada noizbait, pilota ethortzen duk punparat.

JOANES. Hire zorthea pleini diat.

ETCHAHUN. Ba, iduri dik Etchahun gain indar batez maradikatua ethorri zela mundu huntarat... Sorthu nintzan pondutik, ene aitak halako hastiro bat hartu zian enetzat... Ez omen nian aitaren eiterik... Ez zuian ba ene falta ez baninduian aitaren semea.

          Ezkondu ninduian gogoaren kontra, ni baino zaharragoarekin... nik maite nuena, gaichoa, penaz eta penarekin utzi nian... Ez zuian etcheko alaba, eta etcheko alaba batekin behar omen nian baitezpada ezkondu... Hala zioian aitak... Bertzelan despremutzen ninduela...

          Eta orai hor nauk... Ene lagunak, ene orde, bertze norbait zian maite... Bertze norbait hura: Egiaphal... Eta orai, Egiaphal hor diaguk bien arte... Ohartu-eta nor sahetserat bildu nuen, egin ahalak egin ditiat, behin gochoki, haren konbertitzeko, gero bortizki, haren hezteko... Bainan, deus ere ez diat bururatu... Badakik segida... nola Egiaphalen hiltzerat entseatu ninduian... Horra ene zorthea... Eta naski, ez duk hartan geldi izanen..... Nihaurek zakiat ene gogoaren berri... Eta zer trantziak pasatzen ditudan ere ba, batzuetan...

          Ha, Egiaphal, Egiaphal!

JOANES. To, to... Batzuetan ez duk hi baino gizon jostagin eta arrollantagorik, eta bertze batzueton berriz, ikarratzen nauk... Hain zauk odola gainditzen

Baniak... Baniak... Behiak ere han harasko urrunduak ditiat.. Sarri artino, to... Elizarot jiten bahaiz, han gurutzatuko gaituk...

 

(Urruntzen da behier manatuz).

 

ETCHAHUN. Ba, sarri artino...

          Ha, Joanes, ene adichkidea... Ez duk kartierean hau baino gizon zuzenagorik eta finagorik... Bere emaztea eta haurrak ere bere idurirat ditik... Gure etchean ez duk holakorik...

          Horren etchea eta enia itchuraz berdin... Bainan, gurean amodioa eta konfientzia larre joanak... Gure etchean, ohoinak elgarrekin bezala bizi... hots, gordeka, ebatska.

SEME. (Etchahunen seme ttipia, oihuz, agertu gabe) Aita!

ETCHAHUN. Zer da, seme!

SEME. Amaren partez, kofesatzerat joan nahi baduzu, tenora dela...

ETCHAHUN. Don... Errakok baietz... Heldu nizala

          Ha, huna beraz tenora! Chorrotch zaitzue zuen mihiak, barkochtar emazteak! Laster izanen duzue berri handi bat kondatzeko: Etchahunek phazkoak egin dituela.

Ha, kofesio horri!.. Lehen ere guti ibiltzalea, aspaldian batere ez... Eginen diaguk ahal dena...

          Ahatik, aphezak ez dezala gero eni jali hala ez denik, edo ezin jasan dezaketanik.

          Fedea badiat, nor nahik bezainbat... Hanitz hor maiz elizan dabiltzanek duten baino gehiago... Ez bainuke nik horiek duten kopeta: Maiz saindu iduri, Jainkoa adoratzen elizan eta handik kanporat ordu, debruaren lauzkan.

          Guti badira ere hire elizarako urhatsak, hek, Etchahun, ibil azkik serioski... Saskitara bat fruitu Jainkoari eskaintzea ez dik balio, denak ustelak badira... Hobe dik bakhar bat eskaintzea, bainan hura ona izan dadiela...

          Goazen beztitzerat!..

 

OIHALA

 

 

BIGARREN GERTALDIA

 

Joka-lekua. Eliza baten sartzeko athea, barneko aldetik. Sahetsean, kofesionale bat, kadera zonbait aintzinean.

 

ERRETORA. (Kofesatzeko jauntziez beztitua, harat eta hunat dabila, ofiziotako liburuan othoitzak marmarikatuz... Sei orenek joiten dute elizan. Jaun erretora badoha elizako athearen gakoari, idekitzeko itzulia emaiterat).

          Orai sar ditela... beren tenorean... Ez hor ez, lau orenetako, zoin lehenka!... Iduri eta erretor botek tenore guziak libro dituela... (Belhaunikatzen da aldarean buruz). «Ha, Jainko maitea, lagun nezazu lan dorphe huntan! » (Sartzen da kofesionalerat).

 

(Sartzen dira elizarat, bakotcha bere moldean zeinatuz, belhaunikatuz eta kofesionale aintzinean kokatuz, lehenik gizon zahar gohor bat, gero hamabi urtheko muthiko basaka bat, gero atcho chahar bat nechka bat eskutik, bertze zonbait ere nahibada; azkenik, Gaztelondoko Maider eta Kattalin.

Denak serioski bulta bat badagotzi, kontzientzia etsaminatzen, bat arrosarioekin, bertzea liburutik eta... hola...).

 

ATCHOA. (Hurbiltzen zaio gizon zahar gohorari) Kofesatua zirea, Ganichon?

GANICHON. Zer?

ATCHOA. Pasatua zirea?

GANICHON. Pasatua zait ba... Milesker... Ahatik zortzi egun ohean egon-eta!

 

(Denak irriz kurkurkur)

 

ATCHOA. Ez, ez... Ean, kofesatua zaren

GANICHON. Ha... kofesorro? Ez dakit barne hortan baden nehor... Ethorriko da ba, dudarik gabe... Tenora du!...

ERRETORA. (Barnetik, chutiturik) Ichilik hor!... Kofesatzen ahal zarezte... Sar zaite, Maria!.. (Atchoa sartzen da).

GANICHON. Ha!.. Hor zen-eta!

 

(Hamabi urtheko muthikoa, erne ernea dago, atcho chaharra jali ordu, kofesionalerat sartzeko. Hura athera ordu, bricht sartzen da... Bainan gizon zaharra ohartzen zaio, eta lephotik lotzen, oro inharrosten dituztela).

 

          Hep! Nere saindia duk gero... haugi hunarat... Deubru kakatsu tzarra!

 

(Denak irriz kurkurkur)

 

ERRETORA. (Kechu) Agozte ichilik!... Hi, muthikoa, ikasak saindiaren beha egoiten...

 

(Gohorra kofesatzean, oro beharriak tapaka, erdi irrika dagotzi, kofesionaletik ahal bezenbat urrunduz. Kaderen arrabotsez eta eztulka entseatzen dira gohorraren solasen tapatzerat. (Halere gohorraren hitz hauk aditzen dira.)

 

GANICHON. Bai, bai, predikua han horat joana... Ja, ja; gazte denboran bai, ez orai... Ba, bizpalau zama edo hola... Zenbat hamarreko? Hamahiru?

ETCHAHUN. (Elizan sartzen da, eta kofesionale aintzinian plantatzen, Gaztelondoko bi neskeri hurbil. Hauk, hartaz, elgarri keinuka lotzen dira. Ichtant baten buruan, Etchahun ohartzen zaiote, eta Maideri erraiten dio ahapetik) Seigarren hortan etsamia hadi gero ontsa

MAIDER. (Ahapetik) Zu ere zer zira? Zenbat tiroen salatzerat ethorria (Bi neskak irriz ahapetik).

ERRETORA. (Furian jalitzen zaiote) Zoazte kanporat hemendik... Ala zer zarezte? Jainkoaz trufatzerat jinak hunarat! (Maider eta Kattalin jalitzen dira).

          (Etchahuni) Eta hik ere, kanpoko zozokeriak utziko dituk kanpokotz, eta gizonki gobernatuko haiz hemen haizen denboran bederen.

ETCHAHUN. (Jazartzen zaio) Ez naiz ni non nahi gizonki gobernatzen? Zer duzu nitez erraiteko?

ERRETORA. Chehetasunak nahi badituk, haugi ene etcherat.. Hemen ichilik... elizan baigituk!

 

(Ordu berean sartzen da Joanes).

 

ETCHAHUN. (Badoha kanporat, koleran) Ez zure etcherat, ez hunarat ez naiz gehiego jinen!

JOANES. (Etchahuni) Ala, muthikoa!... Zer ari haiz?

ETCHAHUN. (Athea hetsiz) Erranak erran, orai aski... Ez naitek berritz hemen ikusirik... Ni kofesatu nahi naueno, jin bedi eneganat. (Denak ichilik dagotzi... Kofesioak aitzinarat... Gohorra chutitzen da eta, kanporat dohala, Joanesi mintzatzen)

GANICHON. Zer zian Etchahunek, te, hola jalitzeko?

JOANES. Deubrua dantzan!.. Deubrua dantzan!..

GANICHON. Jainkooren etchean ere deubrua dantzan?!... Ez gaituk gora!...

 

(Jalitzen da... Ichtant bat...)

 

 

HIRUGARREN GERTALDIA

 

Joka-lekua. Eskualdun sukalde bat... Etchahunen etchean. Arratsa da, Etchahun kofesatzerat joana. Etchahunen haurauk ohean diara Egiaphal sukaldean dago Etchahunen emazte Engraziren ganat jinu... Edateko zerbait Engrazik zerbitzatzen diola.

 

ENGRAZI. Ea, gizona kofesatzerat joana dut... Bihar Phazko baita... Haurrak ere ohean ditut.

EGIAPHAL. Ikusia nuen joaiten, igandeko arropez beztitua. Hortakoz, denboraz baliatuz, jin naiz zure ikusterat... Errazu, Engrazi, errazu garbiki, zuk baduzu zerbait ene kontra.

ENGRAZI. Nik?.. Ez... Zertako?

EGIAPHAL. Ba, ba... Ez du balio ukhatzea!.. Atzo oraino azkenekotz... Etzara pasatu plazarat joaiteko, gure phentze handiaren aldetik... Ni han nintzen, usaiako tenorean... Nahi nautzun zerbait aiphatu... Bainan, zuk bertze bidea hartu duzu

ENGRAZI. Ba, ichtilen gatik

EGIAPHAL. Ez eni holakorik erran, Engrazi... Lehen ere baziren ichtilok gure phentze handiaren sahetsean... Orduan pasatzen zinen zu handik... Errazu, Engrazi... Jakiterat jina naiz... Zerbaitetan huts egin deutzuta? Badakizu zonbat zaitudan maite!.. Errazu garbiki zer duzun hola hoztua izaiteko nerekin!

ENGRAZI. (Ezin atrebituz) Ba... badut zerbait... Ez baitakit konprenituko nauzun.

EGIAPHAL. Zer duzu?.. Errazu garbiki dena den.

ENGRAZI. Zure kontra phitsik ez dut... Bainan, badkizu, gogoeta batzu egiten dira... Haurrak ere hor, eta phazkoak ere heldu... Senharra ere aurthen elizarat hurbiltzen phazkoen egiteko...

EGIAPHAL. Eta gero, zer?..

ENGRAZI. Ori... nik ere behar dutala hobetu... seriostu.

EGIAPHAL.... Bon... (Minberaki) Hori nuen beraz merechi zure ganik... (Bortizki) Badakizu zer hitz ibili ditugun... Badakizu nola elgarrekin ezkontzeko hitz-hortuak, zure aitak ez zuela nahi eta, zure hitza ez zinuen atchiki... Geroztik, gure amodiak segitu du... Libro izanen grelarik, elgarretaratuko ginela, hainbertzetan juramentu egin dugu elgarri. (Erdi nigarrez) Ha, Engrazi, ez dautazu holakorik eginen... Ez... Hitzemana dugu, ez nauzula abandonatuko.

ENGRAZI. (Erdi nigarrez)... Zoazi hemendik... Othoi, zoazi!

EGIAPHAL. Hitz-eman dautazu... Bertzenaz, ez zaitela estona ikasten baduzu, hemendik jali-eta, Egiaphalek bere burua urerat aurthiki duela... Badakizu zonbat maite zitudan, Engrazi!

ENGRAZI. Ez... Zaude zure tokian... Ez nezazula hunki... Ha, zakurra!.. Zakurra saingaz... Norbait bada (Behatzen du leihotik).. Haaa... Senharra... Senharra heldu... Zoazi, zoazi hemendik... Ez kanpoko athetik... Ikusiko zaitu... Chahu gira... Hemendik... Sor zaite haurren ganbararat... Emeki... Leihoa idek azu, emeki... Zoazi leihotik, haurrak atzarri gabe...

 

(Engrazi bera gelditzen da sukaldean eta entseatzen da berriz bere buruaz jabetzerat.)

 

ETCHAHUN. (Sartzen da kopeta ilhun, elheak labur). Jainkook gab'on!..

ENGRAZI. Bai zuri ere!.. Jes!.. Zoin laster egin duzun itzulia!..

ETCHAHUN. Bertz'aldiz lasterrago eginen dut... Batere ez baitut gehiago eginen...

ENGRAZI. Zer erran nahi duzu?... Zer gertatu zaitzu?

ETCHAHUN. ... Phitsik ez... Phitsik... (Orroaz koleran) Aski badut... Konprenitzen duzu, aski badut jendeak nitaz dituen solasez... Etchahun ezdeusa, Etchahun mandila... Etchahunek ez du nehor egundaino saldu... nehori ez du phitsik ebatsi... Etchahunek ez du faltarik afera hortan... Jainkoaren gizonak, aphezak bederen dagotzila ichilik... «Orai ere zu, Etchahun!... » «Orai ere»... Hori zen, erretorak eni emaiteko solasa?... Denok, bethi eta bethi gero, Etchahunen gain... (Eztitzen da).

          Ekazu othoi zerbait edateko... (Ohartzen da Egiaphalek utzirikako botoila eta basoari)... Norbait izan duzu hemen?

ENGRAZI. Norbait?... Ez... Nihor.

ETCHAHUN. Hum... Eta baso eta botoila hau?

ENGRAZI. Hu... Ni nintzon egarritua...

ETCHAHUN. Zuk ez duzu arnorik edaten!

ENGRAZI. Ba, ori... Hola gertatu da... Ez bainien bertzerik eskupean... Zaude... emaiten dautzut baso garbi bat.

 

(Basoa kentzen du bertze garbi batez ordaintzeko)

 

ETCHAHUN. Zuk ibilia bada, uzten ahal duzu ba baso berra har... (Ichilik, duda tzar batez hartua, emazteari begi ezkinez behatuz, Etchahunek bere burua zerbitzatzen du eta edaten... Leiho arrabots bat entzuten da haurren ganbaratik, eta Etchahunen seme ttipia, oihuz ikarretan, agertzen da ganbarako athetik.)

SEME. Aita!... Ama!... Norbaitek jauzi egin du gure ganbarako leihotik... Ba, gizon bat... gizon bat zen...

ENGRAZI. Ago ichilik, muthikoa... Amets egin duk!... Hougi hunarat, oherat...

SEME. (Nigarrez) Ez dut ez amets egin... Ikusi dut ba... Egiaphal bezalako gizon bat zen... Ikusi dut ba...

 

(Ama semearekin ganbararat sartzen da. Etchahun badoha kanporat behatzerat, lehenik sukaldeko leihotik, gero athetik... Hitzik erran gabe, kechu izigarri batean jartzen da. Emaztea berriz agertzean, bortizki jazartzen zaio).

 

ETCHAHUN. Nor zen, leihotik ihesi joan den gizon hori... He! nor zen?

ENGRAZI. Nik zer dakit?

ETCHAHUN. Egiaphal zen hori... Zuek biak, ni han kofesatzerat joan-eta, hemen elgarreki egon zarezte... Bethi aintzinat bizi zira, ni tronpatuz!...

ENGRAZI. Ez da egia.

ETCHAHUN. Zer ez dela egia? Norentzat zinituen beraz jaliak baso eta botoila hau! (Botoila eskuan harturik, badoha emazteari buruz, hortaz jo nahi balu bezala.) Norentzat?... Errazu egia!

 

(Engrazi, oihu batean, kaderarat erortzen da erdi flakatua).

 

ETCHAHUN. (Bera) Ha, hi, Etchahun, nongo zorte madarikatuaz joa bizi haiz ba munduan? (Botoila pausatzen du)... Ez dut ba izigarrikeriarik galdatzen... Bakarrik bakean eta lanean bizitzea ene familian!... Eta horra ene biziko laguna... Horra zertan dudan. Ez nau bakarrik sartzen, bainan ene etchean berean, ene gauzez du ene etsaia hazten!

 

(Kadera bat han harat pusakoan botatzen du... Jartzen da eta nigarrez hasten. Berritz chutiturik, hurbiltzen zaio emazteari. Hau bere baitaratua da).

 

          Bainan, nik zer egin dautzut zuri, zuk ni hola saltzeko?... Ezkondu bagira ezkondu, bethi zuri leial egon naiz... Ez dituguia hor gure haurrak!.. Orhoit zaite elgarrekin pasatu oren gochoez... Zertan huts egin dautzut? Zer arrengura duzu nitaz

 

(Engrazi hasperenka, batere arraposturik eman gabe).

 

          Guk, urus behar ginuke, urus biek, gure familia eta ontasunekin... Phitsiren eskasiarik ez dugu, phitsiren... Chuchen ibiltzea, hura dautzut bakarrik galdatzen... Bertze guziak izanik ere, gaizki ibiltzen bazira, denek eskas izanen ditutzu, denek... Ba zuk, eta ba zorigaitzez nik ere zurekin... Eta baten hutsak denek pekatzen baitituzte familian...

 

(Engrazi, bethi hasperenka)

 

          Bainan berriz ere, zer arrengura duzu eni egiteko?... Zer? Mintza zaite!... Errazu zerbait!.... Zertako, egun azkenik, tronpatu nauzu harekin?... Egun azkenik!....

ENGRAZI. (Ahapetik) Ez da egia... Ez zaitut tronpatu

ETCHAHUN. Ez tronpatu... Hum, zer kopeta!... Ez tronpatu... Hitzortuak zinezten aintzinetik... Bazinakiten noiz elgarretara... Ba, eta noiz?... Etchahun kofesatzerat joan den denboran... Ez dik deubruak gaizki irri egiten... Ha, konprenitzen dut orai zertako nahi ninduzun kofesatzerat igorri!... Zertako zinen urus ni kofesatzerat joaiteaz... Orai, denek argi dira ene izpirituan!... Ez ene arimaz urrikalduz, bainan ni zure sahetsetik urrundu beharrez!... Zer barnea!...

ENGRAZI. Ez da egia!...

ETCHAHUN. (Kolera botz batekin) Bon..., bainan afera hunek aski iraun du... Hunek behar du noizbait bururatu... Azken aldian ez nuen erreusitu, bainan oraikoan ez dut huts eginen... aski seguretik aphailatuko bainaiz... (Kartuchiera gerrian ezartzen du)... Aski seguretik eta behar den tokian. (Harma hartzen du) Azkenean jin duk hire eguna, Etchahun... Ahantzterat bezala abiatua hintzen egin zaukana... Ahantz, barka... egitate ederrak, bainan ahulak... Nere ahuleziaz baliatu haiz, Egiaphal... Bainan orai, fini, fini... Mendekio eta gaztiguaren tenora jina duk.

ENGRAZI. (Hari buruz joanez) ...Othoi, harma hori... harma hori... Orhoit zaite zure haurrez!

ETCHAHUN. (Emaztea baztertuz) Ene haurrez!... Zuri da horren eni erraitea... Zuri!... Ene haurreri aita bat nahi diotet eman, eta ez biga.

JOANES. (Sartzen da bien oihuen erdian) Jes!... Zer duzue holako oihuetan! Norat abian haiz, hi, hire harma horekin?

ETCHAHUN. Aski jasan ahal diot... Tenora jina duk ihizi nausituen ihizirat joaiteko... Etchahunek erakutsi gogo dik gizon baten biziak ez duela acholarik, bere ohorean hunkitzen dutelarik,

JOANES. Jaun erretorari hiza jazarri gogo?... Bainan muthikoa, baduka burutik?

ENGRAZI. Ho, Joanes, ez zazula utz jalitzerat.

ETCHAHUN. Gizonek ez badute egin nahi chuchentasunik enetzat, nihaurek eginen diat heien orde.

JOANES. Bainan, muthikoa, jaun erretora ez zauk hain gaizki mintzatu... Ihaure haiz asoldatu...

ETCHAHUN. Gab'on. (Jalitzen da.)

ENGRAZI. (Joanesi) Ha, Joanes... Zoazi ondotik... krima bat egitera doha!...

JOANES. Bainan zer arrazoin eman du hola erretorari jazartzeko?

ENGRAZI. Erretora!... Erretora l... Ez dakit nik... Ez du ez harentzat deus... Egiaphalen hiltzerat abian da.

JOANES. Egiaphalen hiltzerat?

ENGRAZI. Ba... Jin delarik elizatik, Egiaphal hemen kausitu du... eta, Egiaphal, ganbarako leihotik ihesi joana da...

JOANES. Bon... Orai konprenitzen dut... Hori bertzerik da!... Aise zen holako errobian!... Orai konprenitzen dut.

ENGRAZI. Othoi zoazi laster ondotik!

JOANES. (Uzkur) Errech da erraitea... Errech da ori hor, gauarekin ibiltzea gizon harmatu baten ondotik... Bonoha, bainan... (Atheratzen da).

ENGRAZI. (Bakarrik, ichtant bat gogoetatua, chutik dago. Bet-betan hipaka nigarrez lotzen da eta jaartzen).

          Ha, horiek guziak ene gatik!... Ez da presondegian nihor preso, nola bainaz ni ene ahulezien erdian!... Ha, noiz othe naiz ba horietarik libratuko!

 

OIHALA

 

 

LAUGARREN GERTALDIA

 

Joka-Lekua. Oihan zoko bat: arbola eta arroka, bidechka batekin... Gau ilhargi da... Pette, muthil gaztea, bidechkan agertzen da... Huntza baten oihua entzunik, bide bazterean konkortzen da... Berritz, bietan huntzak oihu egiten du, eta orduan sasipetik Mane, bertze muthil gaztea, irriz ateratzen zaio Petteri.

 

MANE. Ha, ha, ha... izitu haizela ahatik!...

PETTE. Ah!... Hi hintzena.. Jakiterat... Behar huen, to, harrika aldi bat hartu...

MANE. Sekulan deusek ez hauela gauaz izitzen, espantuka ari izan baihaiz atzo, nahi nikan frogatu ean egia othe huen edo ez!

PETTE. Ba, egia erran, ez nauk izi errecha... Bainan ochtian, hunarakuan, zerbait entzun diat, eta beldur bat sartu zaitok bihotzean.

MANE. Zer entzun duk?

PETTE. Tiro bat entzun diat... Eta, gero halako intzirin batzu.

MANE. (Irriz) Ba, errana duk, amodiotan dabilanari sorginak pueska ibiltzen zaizkola ondotik.

PETTE. Ba, ez nauk gero irriz ari... Hor, zerbait gertatu duk...

MANE. Emak bakio, muthikoa... Eta, haugi Gaztelondorat... Hango leihoetan ahantziko dituk oro!

PETTE. Ez zakiat, hor zer gertatu den... Hortchet zian dena... Egiaphaleneko landa buruan... Hor norbait!

MANE. Ba, berdin norbait, basurderi edo azkoneri tiroka... Zer nahi duk izan dadien bertzerik gauaz?

PETTE. Ba... Eta intzirin hek?

MANE. Hek, hek!... Bon, utz-aitzik horiek burutik bere gisa... Ilhargi ederra diaguk... Denbora gochoa... Aufa!.. Biba libertatea eta amodioa... Goazen, Gaztelondoko maiteen harrotzerat...

PETTE. Pcht... Pcht...

MANE. (Aphal) Zer duk?...

PETTE. Norbait baduk hor... So egizak... Gizon baten bultua duk.

MANE. (Aphal) Gorde gaiten... Ez gaitzan ezagut... Goazen hemendik.... Haugi hunat.... (Biak gordetzen dira).

ETCHAHUN. (Agertzen da bakarrik, harma erdi herrestan, itchura arrunt desegina... Ichil-ichila, lehenik jartzen da harroka baten gainean, eta gero, hipaka nigarrez lotzen).

          Hil dut. Hil dut... Gizon bat hil dut... Eta nor?... Ez Egiaphal, ez.... Ez ene etsaia.... Bainan Joanes.... Joanes ene adichkide hoberena...

          (Orroaz, iduri adimendua galdua). Hil dut, hil!

OIHARTZUNA. (Menditik errepostu) Hil... Hil!...

ETCHAHUN. (Chutitzen da harritua) Nok nau akusatzen?

OIHARTZUNA. Akusatzen!

ETCHAHUN. Ez dut nahitarat hil!

OIHARTZUNA. Hil!

ETCHAHUN. Ez nuen nahi Joanes hil!

OIHARTZUNA. Hil!

ETCHAHUN. Ez naiz kriminela!

OIHARTZUNA. Kriminela

ETCHAHUN. (Nigarrez berritz jartzen da, eta bere buruarekin, intzirin eta solas, luzaz mintzatzen) Zorte malurusa!... Joanes ene adichkidea... Hura behar nian beraz hil... Joanes ene haurreko laguna.... Egundainotik ez baitaut ongirik baizik egin... Bertze guziek, etchekoek, kanpokoek, aphezek berek, beltzten, zikintzen, zangopetan ezartzen ninditekan denboran, hi, Joanes hi bakarrik, bethi ene alde agertu haiz... Ba etchean, ba bidean, ba ostatuan... Zenbat aldiz ez haiz ethorri nere kontsolatzerat, preso nintzenean! Adichkide bat, bat, bat bakarrik nuen munduan, eta hura dut hil... Ha, hurbildu naizelarik et ezagutu dudalarik nor nuen lurrerat aurthiki... Ha ikusi ditudalarik haren bi begiak eni luzaz luzaz itzultzen azken aldikotz... Ha, barka zadak... (Chutitzen da, eta begiak galduak mintzo da) Ez, ez naiteke gehiago bizi... Joanes hil dut... Hil nadielo ni ere... Ha hunekin berarekin... Kartutchak... Azken kartutcha bat... Nun zarezte ene kartutchak?

ERRETORA. (Bet-betan agertzen da) Etchahun!...

ETCHAHUN. (Izigarriki harritua, harma erortzerat bezala uzten du, oihu bat eginez).

ERRETORA. (Lotzen zaio besotik) Zer ari haiz hola, Etchahun?... Zer egin duk to? Harma eskutik kentzen dio).

ETCHAHUN. (Nigarrez) Joanes, jauna, Joanes hil dut!

ERRETORA. Bazakiat... Laster jendea ohartu duk eta deithu naitek.. Bainan, berantegi...

ETCHAHUN. Ez da ene falta... Ez nuen hura hil nahi... Bainan Egiaphal.

ERRETORA. Joanes edo Egiaphal... gizona gizon duk!...

ETCHAHUN. Hala da... Bainan Egiaphal hil banu... hura hil banu bederen. Ez bainuen zakur batentzat baino gehiago nigar eginen...

ERRETORA. Ago ichilik... Ez duk bakotchari chuchentasunaren egitea... Legezko gizonak hor dituk hortakotx eta Jainkoa denendako.

ETCHAHUN. (Erreboltan) Legezko gizonak!.. Ha, aipha-ozu eni heien chuchentasuna! Zuk ez dakizu ene etcheko berri... Zu! Aise mintzo zira sahetsetik!

ERRETORA. Mintza-hadi aphalago... Orhoit-hadi hobendun haizela... Orai zer egin gogo duk?...

ETCHAHUN. Ez dakit... Ez dakit gehiago, ez nor noizen, ez zer egin, ez zer pentsa!

ERRETORA. Jandarmak hor dituk gibeletik... Ichtantean hemen izanen dituk...

ETCHAHUN. (Ikharan) Jandarmak!... Ez dut nahi hetarat erori... Lehenago ene burua garbituko dut... Ekazu harma... Ekazu harma hori...

ERRETORA. Utzak harma hori eni... Norat ari hintzen hemen gaindi?

ETCHAHUN. Ez dakit nihaurek ere... Espaka... Espaka norapait mendi alde.

ERRETORA. Pentsatu diat hemen hintukela, nunbait, arimez eta gorphutzez galdua... Eta, baleki bale, hortakotz jina ninduan hunarat.

ETCHAHUN. Eta, orai, nik zer egin behar dut?...

ERRETORA. Hire egitatea, egitate larria duk... Bainan, kondenamendu handienetik salbu hintazkela iduritzen zaitak. Ez baituk nahitarat hil Joanes.

ETCHAHUN. Ez duzuia zerbait egiten ahal ene alde? Ez duzuia jujeri esplikatzen ahal bederen?...

ERRETORA. Kasu egizak, Etchahun, zer erranen dukan... Gaua duk orai... Bihar goizean, herriko buruzagiekin aiphatuko diat hire harathunata... Gorde-hadi, bihar artino. Eta, zer salos ibili dugun hitaz, jinen nauk bihar erraiterat.

ETCHAHUN. Gorde?... Bainan nun?

ERRETORA. Habil Mendialderat... Aski urrun izanen haiz hola... Mendialdeko artzainak izanen dik hire doia lasto bere bordan... Aski diok phitsik ez salatzea... Berria ez duk berdin berehala hedatuko haraino.

ETCHAHUN. Harat jinen zirea?

ERRETORA. Ba... Ago han ene beha... Eta, orai urrun-hadi... Tenora duk...

ETCHAHUN. (Eskua tinkatuz jaun erretorari) Milesker, milesker, jaun Erretora... (Urruntzen da).

ERRETORA. (Harmari behatuz) Ha mundu hau!... Mundu trichte hau!... (Harma sasi-pean sartzen du eta urruntzen da)... Emazteak ahal handia du ongiarentzat, bainan ere gaizkiarentzat... Zenbat krima gizonek ez dituzte egiten emazteen-gatik!

 

OIHAL

 

 

BORTZGARREN GERTALDIA

 

Joka-Lekua. Dendarianeko josteko barne bat

 

AMA. (Bera mintzo) Zer izigarrikerria gertatu den ahatik gau huntan! Pazko gaua, orhoitzekoa izanen da zenbeitentzat... (Leihotik, behatzen du). Eta alaba ez ageri! Nun othe dabila?... Ichtantean, jendea mezatik, jaliko da, eta segur naiz, chehetachunetarat denak hunarat jinen dira, Dendarianerat... Ez baitut maite hala holaka artzea... Hobe baita gauzak gertatu diren bezala, chuchen kondatzea... Ha... horra, horra alaba heldu.

 

(Alaba sartzen da).

 

          Eta... Zer ihasi dun hor gaindi?

ALABA. Ha ama... Zer nahi ihasi dut... Gertakari bat ditaken nahasieno omen da.... Hainitz salsa izanen omen da hor.

AMA. Zer ba?...

ALABA. Batzuek diote Egiaphalek hil duela Joanes... Pette eta Mane ere saltsan omen dira.... Etchahun jaun andreak ere ba.

AMA. Bo Etchahun!... Sobera adichkide zitunan no Etchahun eta Joanes... Segur naun Egiaphalek duela Joanes hil....

ALABA. Ez dakit... Bainan, Egiaphal, jandarmek, berekin, joan ondoan, libratu omen dute....

AMA. Berdin din, berdin... Hura dun hor hobenduna Egiaphal zikin hori omen zabilan bethi Etchahunen emaztearen ondotik... Eta segur nun, Joanesek salatzen zizkonan Etchahuni denak.... Etchahunek Joanes zinan bere emaztearen zaintzale... Hortaz ohartu dun Egiaphal, eta hartaka din hil Joanes.

ALABA. To... So egizu leihotik... Jandarmak, Etchahunen emaztearekin pasatzen... Eta chuchen-chuchena, jende guzia elizatik jalitzen ari delarik... Hoa! Zer ahalgea!

AMA. Zerendako ahalgea?... Ez badu pitsik egin!

ALABA. To, Gaztelondoko Maider eta Kattalin ere hor dira.... Egin behar diotet oihu... Kartieretik hurbil baita krima gertatu, zerbeit bide dakite... (Leihoa idekirik, keinuz deitzen ditu...)

ALABA. Heldu dira... Behar diotet athea ideki... (Sartzen dira)

AMA. He ben.... Arropa berri horriek nola ditutzue? Izan duzuel «chimiko berri» hainitz...

MAIDER. Arras pollitak ditugula erran daukute.

AMA. Hobe, hobe... eta errazue, zer diozue gertakari hortaz?... Hori.... Egiaphalen lana.... Urde gachtoa.... Haren egitatea ditake hori bakarrik!

MAIDER. Non ez den Etchahunena?....

AMA. Hum, nekez.... Etchahun, mihi gaichtoko gizona duzu, nahi bezenbat... Edana delarik bereziki, kobletan-eta, zer-nahi erranen dautzu.... Guk ikusten dugu hemen nola ibiltzen den plaza huntan. Bainan, ez da barne tzarreko gizona... Egiaphal hura ba, bere kopeta ilhunarekin... Ha, harek bat izitzen nau.

MAIDER. Ba, ez dakit... Etchahunek, lehen ere eman izan du gero tiro bat.

AMA. Bainan Joanes zertako nahi duzu hil zezan?... Bere adichkide hoberena!

MAIDER. Nik dakita?... Bainan, ni bethitik mesfidatzen naiz Etchahunez... Horrek ez du barne sano pausatu hetarik... Bethi halako errabia, kaldo batean bizi den gizona da...

AMA. Eta zuek, gain hortan, ez duzueia phits arrabotsik entzun gau huntan?

MAIDER. (Keinu eginez, bere ahizpari)... Ez, ez... Phitsik... ederkichko lo egin dugu...

 

(Athea jotzen dute)

 

AMA. Aintzinat! (Sartzen dira Pette eta Mane).

AMA. Jes! Non zabiltzate hemen gaindi?

PETTE. (Bi ahizperi)... Errazue, huna laburzki!... Jandarmek nunbeitik jakindu dute gau huntan krima-tokia gaindi pasatu garela, eta beretarat deithua gira... Zuen atzemaiterat heldu gira, han agertu baino lehen. Emazue gero egia dena den... Guk ere hala erranen dugu... Ez dugu gero saltsa hortan barne nahi... Zonbat orenak ziren, gu zuen leihoetarat jitean?...

MAIDER. (Gorrituz) Hamar, hamekok.

PETTE. Eta zonbatak, gu handik urruntzean?

MAIDER. Bi hiruenak...

PETTE. Bon.... Hitz hortan, agozte gero zuek ere... Guk dena den erranen baitugu... Gu bagoazi... Zuek ere izanen duzue segur, ondotik, galdea...

 

(Jalitzen dira. Denak, jenatuak ichtant bat egonik, bi ahizpak, jalitzen dira...)

 

MAIDER. Bagoatzi gu ere.

AMA. (Ezpain mehez) Ontsa da, ontsa da... Zoazte beroz! (Jalitzen dira).

AMA. Ikusten duna horien kopeta?... Ontsasko lo egina zutela gauaz... Uste ninan ahatik seriosago zirela... Eta goizean, segur nun... komuniatzen zitunela...

ALABA. Ba, kofesatu dira ba, dudarik gabe...

AMA. Bo, bainan, berritz hasteko, prest ordian!...

          Arrazoina din Etchahunek, batzueton edan-eta, jiten baita guri koblen egiterat; Jainko-jaleek diten maiz erlisionea galtzen...

ALABA. Utz-azu Jainkoaren gain, horien jujatzea (Leihotik behatuz). To, jaun erretora, kanpagnarat joaiteko makila ferratuarekin... Norat ari da hola?.. Tenore huntan?

AMA. Nun dun?

ALABA. Ori, ichtantean athetik pasatuko da...

AMA. Ago ichtant bat... Behar zakoniagu zerbeit estakuru pentsatu hunarat sar-arazteko... Beharbada, zerbeit bazakin...

          (Leihotik) Jaun Erretora, othoi sar zaite, ichtant ichtano bat... Badut zuri zerbait presatu galdatzeko...

ERRETORA. (Sartzen da) Zer nahi zinuen!

AMA. Hemen badut, eliza aldare nausiko oihal bat, laburtzerat andere serorak ekharria... Nola zinuke nahi? Aldare gaineko oski dena bakarrik, edo bi bazterretarat erortzen dena?...

 

(Erakusten dio oihala).

 

          Eta zer zaitzu gertakari izigarri hortaz, jaun Erretora... Zer barneko jendeak badiren ahatik bazterretan!... Nor othe da kriminela?...

          Ori, hau behar duta pikatu edo hau?

          Batzuek, Etchahun dela diote. Nik ez uste, jaun Erretora.

ERRETORA. Utziko ditutzue sei erhi trebes dilingo, aldare sahets bakotchetarik. Hola ontsa izanen da...

AMA. Bon untsa da... Eta zuk, jaun Erretora, zer pentsatzen duzu?

ERRETORA. Phitsik, phitsik pentsatzen... Egun Phazko dela, eta denbora gochoa dugula. Bon, oihal hori erran bezala, eta sarri artino, andereak...

 

(Jalitzen da)

 

AMA. Hauche da ba apeza... Eta phitsik ez erran nahi!... Etchahunek hil othe du ba? Egiaphal!.. Eta Etchahunen emazte hori holakoa dela nork erranen du? Holakoeri su, su behar laiteke eman... Zer? Zuzen-kontrako gizonekin dabilan emaztea?... Zer da holako emaztea?

ALABA. Errazu, errazu, ama.... Hola mintzatu aintzin, orhoit zaite ba....

AMA. Ago ichilik hi! Nik bazakinot ene berri. Ni haur tzar bat nindunan, enganatu nindutelarik... Bazakinat, Etchahunek ez nain ni maite, maiz ene kontra ari dun; bainan, Egiaphal baino gehiago estimatzen dinat halere... Egiaphal, azpiz artzen dun lan tzarrean... Etchahun bederen ageri dun non den eta zer derasan.

ALABA. To, krida... (Leihoa idekitzen du... Kanpuan tanburra jo eta kridatzen dute).

HERRIKO MUTHILA. Abisu Barkocheko jende guziari... Nork edo nork balinbadaki nun den Topet, Etchahuneko nagusia, haren berri lehenbailehen helaraz dezala jandarmeriarat... Norbaitek gizon hori gordetzen badu, edo ikusi-eta non den, ez badu salatzen, garrazki gaztigatua izanen da, gizon hori krimineltzat ekharria baita.

AMA. Hooo... Horra beraz... Horra kriminela... Arrazoina zuten Gaztelondoko neska horiek... Sekulan, sekulon ez nuen erranen Etchahun holakoa zela... Sekulan...

 

(Athea jotzen dute. Sartzen da Maria, kofesioko atcho chahar hura)

 

AMA. Te, hor zirea, Maria?... Sar zaite, sar, gaichoa. Zu ere berriketarat heldu... Ez zira lehena... Jakindu duzu nor den kriminela?

ATCHOA. Bo, orai entzun dut herriko muthilaren ganik... Zuk ere ba dudarik gabe?

AMA. Ba, guk hemen goizetik zerbeit baginakien... Horra, ikusten duzu, horra gizon bat zertarotzen den errabian eta jeloskerian bizi delarik?... Bethi mesfidatzen nintzen, Etchahunek azkenean holako zerbait eginen zuela. Eta zuk zer diozu hortaz?...

ATCHOA. Ho. (Eztiki) Ho, ene adinean badut holako frango entzunik. Krima batzu badire agertzen direnak, eta hainitz arrabots egiten dutenak. Bertze batzu, hainitzetan gehiago, badire nehork aiphatzen ez dituenak. Hortako; holakoak entzutean, ichil-ichila egoiten naiz, Jainko maiteari galdatuz, orotaz urrikal dadien...

AMA. Arrazoina duzu ba, Maria!

 

OIHALA

 

 

SEIGARREN GERTALDIA

 

Joka-Lekua. Eskualdun sukalde bat... Mendialdian, artzainaren etchean.

 

MARTCHELIN. Aita zer ari duk?

PANPILI. Aratcheari titia ezin har-arazi dio.

MARTCHELIN. Ho, behi tzar horrek ere, zuzen goiz huntan umatu behar zian... Egun Phazko eta Mendialdetik nihor ez elizan... Ni ere zango mainku hunekin ez nintake orgetan bertzerik jauts...

          Gure gizon horrek, behia hor zuela... Eta hi berritz, hi ere, hemen gu bezala.

PIERRA. (Sartuz, untzi bat eskuan) Ba, muthikoa bederen igortzen ahal zinuen ba egun beheiti.

MARTCHELIN. Ori, zer nahi duzu?.. Zure falta ere bada... Gizonek bethi emazteki bat ondotik behar duzue zuen lanarentzat... «Martchelin, ekazu ur epela... Martchelin, ekazu gatza aratcheari gainetik emaiteko»... Eta zure mila ichtorioekin, muthikoa ohean ahantzi dut... Eta hori ere ez bera ernatu...

PIERRA. Egun Phazko, eta gure etchetik nehor ez elizan. Joan den ortzegunean ere, gure Panpilik katichima huts egin duela, ean non zen, atzo jaun Erretorak galdatua daut, kofesatzean.

MARTCHELIN. Ikusten duk Panpili! Katichima ez hekiela eta ez duk joan nahi ukan... Ez bahaiz hobeki jarraikitzen, geldituko haiz komunionea egin gabe... Ikusiko duk.

PANPILI. Bo, erranen diot eri nintzela...

MARTCHELIN. Halere, estakurua baitatik pentsatzen. (Leihoa jotzen dute)

          Jes! nor da leiho hortan?

 

(Idekitzen du... Agertzen da Etchahun boza chehatu batekin).

 

ETCHAHUN. Agur, Martchelin.

MARTCHELIN. Etchahun! Zu, tenore huntan? Zerk zerabiltza?... Gizona, zato barnerat!

ETCHAHUN. Ez... Pierra hor dea?

MARTCHELIN. Ba!... Zer nahi zinion?

ETCHAHUN. Errozu, othoi, kanporaino jin dadien...

MARTCHELIN. Bon, aski duzu beraz atheratzea (Pierra jalitzen da).

MARTCHELIN. Zer zian kara meleka hori, gizon horrek?... Errak, Panpili, habil laster-lasterra gaineko ganberarat eta guardia-aitzik ikusteko zer alderdi hartzen duten...

 

(Panpili jalitzen da)

 

          Ez naiz orhoit gizon hori behin ere hemen ikusirik... Non dabila hori hemen? Ihizian beharbada... Ez duk ba ihiziko sasoino ere...

PANPILI. (Gaineko ganberako zilotik) Ama!

MARTCHELIN. Zer da?

PANPILI. Behien selaururat sartu dira...

MARTCHELIN. Bon, bon.. utz-aitzik... Haugi sukalderat... Bo, beharbada zerbait beren arteko behi tratu, edo, belharra erosi behar edo... Handia da gure gizonak ez baitaut deus aiphatu...

 

(Panpili berriz agertzen da)

 

MARTCHELIN. Ez duk aditu zertaz ari ziren?

PANPILI. Ez... Aho apalez ari ziren... Etchahunek iduri zuen arrunt penatua.

 

(Pierra sartzen da)

 

MARTCHELIN. Zer nahi zuen gizon horrek?

PIERRA. ...Lastoa galdatu daut, ichtant bat etzanik egoteko... Akitua, lehertua omen da.

MARTCHELIN. Nundik heldu da?

PIERRA. Berdin gauazko trafiku zerbait!.. Nork daki, oraiko egunean, non dabilan lehen auzoa bera...

MARTCHELIN. Ori, gure behi umatu horrekin, dena «muu» eta «muu» baita, ez du begi haundirik hetsiko.

PIERRA. Berak ikusiko du... Nik galdegina eman diot.

MARTCHELIN. Jes! Tenore huntan... Eta, ez dautzu deus chehetasunik eman?

PIERRA. Ez, deus haundirik ez... Norbait beharbada ethorriko dela horen galdez.. Ez izitzeko...

MARTCHELIN. Ez izitzeko? Jes!... Zer ditu, jandarmak ondotik?

PIERRA. Nik dakita?

 

(Zakurra saingaz)

 

MARTCHELIN. Ean, Panpili, nor duen zakur horrek, to?

PANPILI. (Behatzen du eta laster sartzen da) ...Ama, jaun erretora, jaun erretora...

MARTCHELIN. (Burua galtzen du) Ha, jaun erretora, tenore huntan! Nik sukaldea oraino garbitzekoa, eta desordre huntan! (Pierrari) Mugi zaite, zu ere, hortik norapait! (Pierra jalitzen da).

 

(Ordre puska bat emaiten du).

 

          Segur nauk hire gatik heldu dela... To, to... Hor zak katichima... Emon-hadi supazter choko hortan... Galdatzen badauk zertako ez hintzen katichiman ortzegunean, errok zangoan min huela...

PANPILI. Zangoan min?

MARTCHELIN. Hor nunbait... To esteka zak zangoa oihal hunekin...

 

(Athea jotzen dute)

 

MARTCHELIN. Ha, eta jada hemen! (Idekitzen du)

          Jesus!... Jaun erretora!... Zu hemen! Egun hunekin eta tenore huntan!...

ERRETORA. Ba beharrentzat ez da tenorerik...

MARTCHELIN. Goiz huntako solasa ginuen, nehor ez ginela zorigaitzez elizarat joaiten ahal... Ni maingu... Mutiko hori zangotik minez, hor dago lau egun hotan, supazter chokoan. Gizona berritz ezin jali, chuchen-chuchena, behi bat umatu baitzauku goiz huntan.

ERRETORA. Muthiko hunek beraz zangoan min?

MARTCHELIN. Ba, ba, hor dago, lau egun huntan sukaldetik oherat ohetik sukalderat... Errana diot goiz huntan... Katichimarat ez baihaiz joaiten ahal, etchean bederen ikasak... Eta, holachet hasia zen katichiman.

ERRETORA. Ontsa duk. Ikasak ontsa katichima... Badakik zer debekatzen duen zortzigarren manamenduak?

PANPILI. Ba, jaun erretora. Zortzigarren manamenduak debekatzen dauku gezurren erraitea.

ERRETORA. Ontsa erran duk... Lehenago zaharrek ziotean: Gezurra, zango laburra... Erran nahi baita, gezurra fite harrapatua... Fite harrapatua, zangoa oihalez estalirik ere... Nun da Pierra?

MARTCHELIN. Hor behien tegian.

ERRETORA. Ikusi behar dut.

MARTCHELIN. Ekar-arazten dut.

ERRETORA. Ez, ez, konpoko athetik sartuko naiz... Han berean elgar ikusiko dugu.

 

(Atheratzen da)

 

MARTCHELIN. Zer erran nahi zian, to, bere gezur eta zango laburrekin?

PANPILI. Zuk erran diozu lau egun hautan zangotik minez ez naizelo hemendik mugitu... eta, atzo, berak ikusia nau pilotan, plazarat komisionetarat joan-et<.

MARTCHELIN. Ha debrukeria!... (koleran) Zertako ez dautak erran, zozo buru handia? To, orai pollita behar diat horen aintzinean!.. Oraiko haurrek bururik ez dute. Zuen aita-amen errabiarazteko bertzerik ez zarezte!

 

(Sartzen dire Erretora, Etchahun ata Pierra)

 

ERRETORA. Bon, hemen behar badugu solasean ari, hobe dugu hiru gizonek bakarrik egoitea.

PIERRA. (Emazte eta semeari). Zoazte zuek ichtant bat hemendik...

MARTCHELIN. Atheratzeko?... Ha, bon, bon... segidan... Haugi Panpili!

 

(Martchelin eta Panpili jalitzen dira)

 

ERRETORA. (Panpili) Maingu bahaiz, maingu egitea ez zakela ahantz!

MARTCHELIN. Ha, jauna, holako min bitchi bat du... Aldizka egiten du maingu eta aldizka berriz phitsik ez du... Belhaunak dio huts egiten.

ERRETORA. Belhaunean, badu min, bertze aldikotz minaren esteka hori emanen diozu belhaunean, eta ez zango beherean...

 

(Biak jalitzen dira... eta hiruak gelditzen)

 

ERRETORA. Bon, mintza gaiten elhe gutiz eta ontsa... (Etchahuni) Mintzatu nauk hitaz herriko eta jandarmen buruzagiekin. Hire egitatea larria duk; bainan, tribunalak, balikek hitaz pietate, ikusiz zer kasuton hil dukan Joanes... Hire hobena oraino ttipiago lukek, ihaur joaiten bahitz jaun chapeldun horietorat, gertatuaren pena erakutsiz.

ETCHAHUN. (Erdi nigarrez) Ha, ene zortea! Berritz, preso joan behar dutala! (Errabian) Hooo! Egiaphal! Horiek guziak hire gatik dituk. Hi haiz hobendun handiena!

ERRETORA. Orhoit hadi, Joanesen familia aitarik gabe ezarri dukala.

ETCHAHUN. (Erdi nigarrez) Ha, Joanes! Joanes! ene adichkide bakarra!.. Ochtian botu bat egina dut... Sekulan presondegitik hortakotz on libratzen banaute, egin dutan krimaren erreparatzeko, Erromako itzulia oinez eta eske eginen dutala.

ERRETORA. Ez duk ideia tcharra... Jainkoak lagunduko ahal hau botu horren bururatzen... Bon, orai ni hirekin kito nauk... Egin zak iduritzen zaukana... Preso sartzen bahaiz, ethorriko nauk harat, gorputzez eta arimez pichka bat hire soleitzerat... Agur to...

ETCHAHUN. (Hunkitua, nigarrez, jaun erretoraren eskueri musu ematen diote) Agur, agur, jaun erretora...

 

(Erretorak Pierrari keinu egiten dio athera dadien horekin)

 

ETCHAHUN. (Bera) Beraz, Etchahun, berritz ere preso behar duk itzuli... Hi, han izanen haiz, krichketa handiez hetsia... Eta, jendeak hitaz mintzatuko dituk... Hitaz, mintzatuko dituk, ba oraiko jendeak, eta bai gerokoak... Hitaz, denek gauza bera erranen ditek, ba kazetetan, ba ostatuetan, ba supazter chokoetan. Erranen ditek: Etchahun kriminela, Etchahun gizon hiltzalea... (Orroaz) Etchahun kriminela! Solaz hori errazue nahi duzuen bezenbat, ba oraiko, ba geroko gizonek: Etchahun kriminela!... Hitz hortaz ase zaizte, ase zintzurreraino, ithoaraino...

          Bainan. Etchahun hau trufatzen da zuetaz, erran et erranen ditutzuen guziez... Etchahun hunek badaki bere berri: Ez da Etchahun kontzientzia errekarat aurtikia duen gizon ez deus bat... Etchahunek barkamendu gehiago emaiteko du galdatzeko baino.

          (Eskuaz jalitzeko athea idekitzen duela) Mundu huntako jujeak, zuen ganat heldu naiz...

          Egin aitzue zuen konduak enekin... nik eneak eginak ditut enekin eta (aphalago) gaineko Juje handiarekin.

 

BURURATZEA