Literatur Emailuak
45 zenbakia: 2002ko azaroaren 14an
Susa literatura argitaletxea

 

Paul Eluard hil zela 50 urte

1952ko azaroaren 18an hil zen Paul Éluard. Idazle frantsesaren heriotzaren 50. urteurrenaren karietara Koldok Izagirrek euskaraturik, Éluarden hamar poema eskaintzen dizkizugu. Eta Susa aldizkariaren 20. zenbakitik hona aldatu dugu baita ere "Gernikaren garaitza" poema (Mikel Antzak 1987an itzulia).

 

Joseba Sarrionandiaren narrazio berriak

Nabarra aldizkariaren azaroko aleak (20. zenbakiak) Joseba Sarrionandiaren narrazio bat argitaratu du. "Ich bedauere sehr. Kann ich ihnen behilflich sein?" du izenburua, eta honelaxe hasten da: "Alemanian zegoen preso, eta 2001 urteko udazkena zen". Hilero Sarrionandiaren narrazio berri bat plazaratuko du Nabarra aldizkariak.

 

Tarzan Tarzandegian

Baietz astea gaizki bukatu saileko Izagirre eta Saizarbitoriaren 1977ko azaroaren 13ko artikuluak Tarzan Tarzandegian izan zuen izenburua. Zeruko Argia aldizkariaren zenbaki hartan agertu ziren baita ere: Manuel Maria idazlearekin elkarrizketa, Lluis Llach eta Mikel Laboak emandako kontzertuaz Xabier Leteren artikulua, Joseba Sarrionandiaren artikulua ("Pasolini azaroan hil zuten"), eta Ramon Agirreren komiki bat.

 

Efemerideak

1929 azaroak 14: Alfontso Irigoien jaio zen Bilbon.

1930 azaroak 15: Joxe Mari Satrustegi jaio zen Arruazun.

1998 azaroak 15: Federiko Krutwig hil zen Bilbon.

1932 azaroak 17: Txomin Peillen jaio zen Parisen..

1891 azaroak 20: Agustin Anabitarte jaio zen Donostian.

16 ipuin amodiozko

Xabier Mendiguren Elizegiren lehendabiziko liburua Susa argitaletxeak plazaratu zuen: "Sei ipuin amodiozko" (1986an lehen edizioa, 1992an bigarrena). Liburua ahiturik egon da azken urteetan; eta orain berrargitaratzerakoan, liburu hark argia ikusi zuela hamasei urte bete direlarik, 16 ipuin amodiozko bildumara etorri dira beste sei perbertsio, pastitxe bat eta hiru voyeur istorio. Markos Zapiainek egin dio hitzaurrea. Azaroaren 14an (osteguna) 11:30etan aurkeztuko du Susak, Donostiako Bilintx liburudendan.

 

Agenda

Getxoko Irakurzaleen Txokoak "Eskerrik asko, Unai" izeneko ekitaldia antolatu du azaroaren 13an (asteazkena) 19:30etan, Unai Elorriagaren "SPrako tranbia" liburuak Espainiako Narratiba saria irabazi izana ospatzeko. Aurkezlea: Hasier Etxeberria. Antolatzailea: Bizarra Lepoan.

Bihotz Bakartien Klubak "Sarri gure artean" errezitala egingo du azaroaren 14an (osteguna) 21:30etan Bilboko La Espuela tabernan (Iturribide kalea). Azaroaren 17an (igandea) 20:00etan "Poeta hilen kluba" ikuskizuna eskainiko dute Deustuko Haceria aretoan (Erribera 42).

Kirmen Uribek Bitartean heldu eskutik errezitala egingo du azaroaren 15ean (ostirala) 20:00etan Zarauzko Olerti Etxean. Gitarra elektrikoa: Txomin Uribe. Zuzeneko margolana: Josu Aranbarri. Azaroaren 21ean Amurrion eta 22an Zaldibarren.

Igor Estankonak Hotsak, hitzak eta poema tailerra eskainiko du Donostiako Miramar jauregian azaroaren 16an (larunbata) 9:30etan haur poesiari buruzko biltzarrean. Antolatzailea: Galtzagorri.

Josu Landak Odolbildua nobelaz solasean jardungo du Fermin Muguruzarekin azaroaren 19an (asteartea) 19:30etan Altzako Casares kultur etxean.

Mikel Ibargurenek Deserriko karrikak liburu berriko poemak errezitatuko ditu azaroaren 20an (asteazkena) 18:00etan Baionako Mattin liburudendan Jon Benitoren laguntzarekin. Argitaldaria: Susa.

Koldo Izagirre "Metxa esaten dioten agirretar baten ibili herrenak" liburuaz solastatuko da azaroaren 21ean (osteguna) 19:30etan Berriozarko Udal Liburutegian. Antolatzailea: Zorroka Elkartea.

Literatur-jazzak Mikelazuloko Poetak gonbidatuko ditu errezitalera. Azaroaren 27an (asteazkena) 20:30etan Bilboko Kalderapeko kulturunean izango dira Miren Salaberria, Garazi Urdanpilleta, Ane Gojenola, Aitzol Ezeiza, Asier Sarasola, Ander Fernandez eta Urtzi Urkizu. Jazz doinuak pianoz, Jeronimo Martinen eskutik.

Victor Hugori buruzko erakusketa paratu du Bilbao Bizkaia Kutxak Bilboko Gran Via kaleko aretoan azaroaren 30 arte. Victor Hugoren liburuez gain, berak egindako marrazkiak ere badaude.

 


Nahi izanez gero, orain arteko Literatur Emailuak irakurgai dituzu Susa literatura argitaletxeko webgunean.


Izena emateko edo kentzeko, bidal itzazu zeure datuak beheko laukiak bete ondoren.

izena: e-posta helbidea: