Literatur Emailuak
38 zenbakia: 2002ko urriaren 3an
Susa literatura argitaletxea

XX. Mendeko Poesia Kaierak osorik

Jon Mirande, Mikel Lasa, Joan Mari Irigoien, Joseba Sarrionandia, Tere Irastortza, Rafa Egiguren, Juan Kruz Igerabide, Jon Arano, Luigi Anselmi, Karlos Linazasoro eta Juanjo Olasagarre, 11 liburu berri hauekin XX. Mendeko Poesia Kaierak bilduma osatu eta bukatu du Susa literatura argitaletxeak. Urriaren 4an (ostirala) goizeko 11:30etan izango da aurkezpena Donostiako Miramongo Arbelaitzenean.

2000ko ekainean abiatu zen Koldo Izagirrek apailatutako poesia bilduma hau, eta lau agerralditan 40 idazleren antologia labur bana argitaratu: poema hautatuak, bibliografia eta diskografia, Izagirreren sarrera banarekin. Gerraurreko klasikoak bezala, mende amaierako joera eta estilo aniztasuna jaso dute 40 kaierek, harik eta denera 2.500 orrialdeko argitalpena moldatu arte.

Monzonen esneduna

Koldo Izagirrek eta Ramon Saizarbitoriak sinatu zuten 1977ko urriaren 2ko Baietz astea gaizki bukatu saileko artikulua. Bi zati berezi zituen: Euskal Univertsitas ala Univertsity? lehenik (Juanba Berasategiren marrazki batekin), ondoren Monzonen esneduna erne dabilela; eta amaieran, Tarradellasek esandako hitz batzuei aipamena. Zeruko Argia aldizkari barruan, besteak beste: Marc Legasseren eta Joseba Sarrionandiaren artikuluak. Datorren astean: "Pentsatzea ere ez da gutxi".

Irakurleen kluba Gasteizen

Geu elkarteak irakurle klub bat abiarazi du Gasteizen, hilero liburu baten inguruan solasean aritzeko asmoz. Lehen bi ekitaldiak Hikaateneoan izango dira (Pintoreria kalea 13) arratsaldeko 20:00etan; urriaren 9an Hasier Etxeberriaren "Bost idazle berbetan" (argitaldaria: Alberdania) izango dute mintzagai, eta urriaren 30ean Natalia Ginzburgen "Hirira doan bidea" (argitaldaria: Igela). Doanekoa izango da beti sarrera, baina ezinbestekoa liburuak irakurrita joatea. Moderatzailea: Iban Zaldua.

EIZIEko ohorezko bazkide berriak

Jose Agirre "Joxe Alkiza", Patxi Altuna, Jose Luis Alvarez Enparantza "Txillardegi", Dionisio Amundarain, Pierre Andiazabal, Agustin Apaolaza, Juan Apezetxea, Jose Luis Aperribai, Joxe Mari Aranalde, Jose Arregi, Jesus Mari Arrieta, Mikel Atxaga, Iñaki Beristain, Lukas Dorronsoro, Karmelo Etxenagusia, Eustasio Etxezarreta, Hiazinto Fernandorena, Felipe de Fuenterrabia, Juan Bizente Gallastegi, Jose Antonio Gandarias, Xalbador Garmendia, Martzelo Gaztañaga, Ramon Irizar, Emile Larre, Andoni Lekuona, Juan Mari Lekuona, Iñaki Mendiguren, Periko Nuñez, Frantzisko Olariaga, Jose Mari Otamendi, Txomin Peillen, Jose Mari Regillaga, Jose Mari Rementeria, Basilio Sarobe, Jose Mari Satrustegi, Enrike Zabala, Jabier Zubizarreta, Lorentzo Zugazaga eta Jose Luis Zurutuza ohorezko bazkide izendatuko ditu EIZIEk urriaren 4an Donostiako Miramar jauregian, eta ohorezko bazkideen lanekin "Itzulpen Antologia-3" liburua aurkeztuko dute. EIZIEk literatur itzulpengintzaren inguruko jardunaldiak antolatu ditu urriaren 2tik 4ra, Conseil Européen des Associations de Traducteurs Littéraires (CEATL) delakoak urriaren 4an eta 5ean Donostian egingo duen biltzar nagusiarekin bat.

Gainera, Senez aldizkariaren 24. zenbakia ere oraintxe argitaratu berri du EIZIEk.

Efemerideak

1928 urriak 8: Bitoriano Gandiaga jaio zen Mendatan.

1942 urriak 9: Jose Anjel Irigarai jaio zen Iruñean.

1810 urriak 10: Agustin Xaho jaio zen Atharratzen.

1939 urriak 10: Luis Mari Mujika jaio zen Lizartzan.

1987 urriak 10: Koldo Mitxelena hil zen Errenterian.

1987 urriak 11: Jose Estornes Lasa hil zen Donostian.

Agenda

Josu Landak Odolbildua aurkeztuko du Getxoko Irakurzalearen Txokoan urriaren 2an (astezkena) 19:30etan Algortan (Karitate kalea 1).

Ana Urkizak "Bazterreko ahotsa" poema liburua aurkeztuko du urriaren 3an (osteguna) 11:00etan Donostiako Udal Liburutegiko Sotoan. Aurkezlea: Harkaitz Cano. Argitaldaria: Elkar.

Kirmen Uribe eta Rikardo Arregi Diaz de Herediak poesia errezitaldia egingo dute (Maixa Lizarribar eta Xabi Olaso musikarien laguntzarekin) urriaren 3an (osteguna) 20:00etan Gasteizko Zapateneo berriaren karietara. Errezitaldia gaztetxean izango da.

Bihotz Bakartien Klubak "Sarri gure artean" errezitaldi musikatua eskainiko du urriaren 4an (ostirala) 20:00etan Berako Kultur Etxean. Gonbidatu berezia: Jon Abril.

Anjel Lertxundik "Aizak eta aizan elkarrekin dantzan" liburua aurkeztuko du urriaren 10ean (osteguna) 11:30etan Donostiako Udal Liburutegiko sotoan. Argitaldaria: Elkar.

Paddy Rekaldek "Rebel Mayo Colorao" nobela aurkeztuko du urriaren 11n (ostirala) 12:00etan Donostian. Aurkezlea: Fermin Muguruza. Argitaldaria: Txalaparta.


Nahi izanez gero, orain arteko Literatur Emailuak irakurgai dituzu Susa literatura argitaletxeko webgunean.


Izena emateko edo kentzeko, bidal itzazu zeure datuak beheko laukiak bete ondoren.

izena: e-posta helbidea: