ZOZOAREN ZiZTUA

 

Italo Calvino

 

        Zorte hori badu Palomar jaunak: txori askok kantatzen duten tokian igarotzen du uda. Kulunkari batean eserita "lan" egiten duen bitartean (izan, bestelako zortez bait du: atsedenik atsedenenekoak emango luketen leku eta jarreretan lanean ari dela esan ahal izatekoa; edo hobeto esanda, nozitu egiten du kondena hau: lanari inoiz ez uztera beharturik sentitzen da, ezta zuhaitzpean etzanik egonda ere abuztu goiz batean), adarren artean ikusi ezinak diren txoriek era askotako soinu adierazpenezko errepertorioa hedatzen diote bere inguruan, espazio akustiko irregular eta eten eta pikatu batean biltzen dute, bertan, ordea, zenbait soinuren arteko oreka ezartzen dela, horietako bat ere besteen gainetik nabarmenagoa egin gabe bere ozentasun edo maiztasunagatik, eta denak tramazo homogeneo batean artekatzen direla, ez armoniak eusten diona, arintasunak eta gardentasunak baizik. Harik eta ordurik beroenean intsektu samalda amorratuak airearen bibraduren gainetik bere aginte guztizkoa inposatzen duen arte, txirriten mailuketa gorgarri etengabeaz denbora eta espaziozko neurriak sistematikoki beretuz.

        Txorien kantak entzumenezko oharmen puska aldagarria hartzen dio Palomar jaunari: noiz barrenako isiltasuna osagai bezala urruntzen du, noiz kantuz kantu bereizten izaten du arreta, gero eta konplexutasun handiagoko kategorietan taldekatuz: puntuaren gisako gurguiluak, bi notatako txioak, laburra luzea, ziztu labur bibratuak, borborrak, nota jauziak elkarri josirik jaitsi eta gelditzen direnak, modulazio kizkurrak beren gain kiribiltzen direnak, eta horrela txorrotxioetarainokoak.

        Hori bezain generikoa izango ez den beste sailkapen batera Palomar jauna ez da iristen: kantu bat entzun hutsarekin, zein txoriri dagokion ezagutzen dakiten horietakoa ez da. Errua balu bezala sentitzen du ezjakintasun hori. Gizadia beretuz doan jakitate berriarekin ez zaio ordainik ematen ahozko transmisioa zuzenezkoz besterik hedatzen ez den eta behin galduz gero berriro eskuratu eta transmititu ezin ditekeen jakitateari; inongo liburuk ezin irakats dezake haurtzaroan ezpada ikasten ez dena, txorien kantu eta hegadari begi eta belarri eme jarriz eta aldian bere izena ematen dakienen bertan bada. Izendapen eta sailkapenezko zehaztasunerako eresiaren ordez, Palomarrek nahiago izan zuen zalantzazko zehaztasun baten bilaketa etengabea, moldatua, aldakorra, konposatua dena, hots, defini ezin daitekeena definitzerakoan. Orain kontrako aukera egingo zukeen, eta txorien kantuak esnarazi dizkion gogoeten hariari jarraituz, okasio galduzko segida bat iruditzen zaio bere bizitza.

        Txorien kantu guztien artean zozoaren ziztua nabarmentzen da, beste edozeinekin nahastuko ez den moduan. Arrats beheran iristen dira zozoak: bi dira, bikotea, jakina, iazko berbera agian, garai honetako urterokoa. Arrats oro ziztu baten erreklamua entzutean, bi notatan, bere etorrera iragarri nahi duen pertsona batena bailitzan, Palomar jaunak burua altxatzen du deika nor duen bila; geroago zozoen ordua dela gogoratzen du. Luzera gabe aurkitzen ditu: belarretan saltoka dabiltza egiazko bokazioa lurgaineko hankabikoak izatekoa balute eta gizonarekiko analogiak ezartzeak dibertitu balitu bezala.

        Zozoaren ziztuak badu zeozer berezia: giza ziztuaren berdin berdina da, ziztu egiteko aparteko trebetasunik ez zukeen norbaitena bezalakoa baina ziztu egiteko arrazoi on bat izango lukeenarena, aldi batean, behin bakarrik, jarraitzeko asmorik gabe, eta doinu irmean baina apal eta xalo egingo lukeenarena, entzuten duenarengandik onginahia ziurtatzeko edo.

        Handik une batera errepikatu egiten du ziztua lehengo zozo berak edo ezkontideak eraginda baina beti ere ziztu egitea bururatzen zaion lehenengo aldia balitz bezala; elkarrizketa baldin bada, gogoeta luze baten ondoren iristen da ihardespen bakoitza. Baina elkarrizketa da ala zozo bakoitzak bere baitarako eta ez bestearentzat egiten du ziztu? Eta, batera zein bestera, galdera-erantzunak dira (besteari edo bere buruari) ala beti gauza bera den zerbait finkatzea (bertan egotea bera, espezie, sexu, lurralde jakin batekoa izatea)? Beste moko ziztujole batek errepikatua izatean dago agian hitz bakar horrek duen balioa, ahaztua ez izatean, isiltasunak diraueino.

        Edo bestela, besteari "hemen nago" esatean datza elkarrizketa eta etenaldien luzerak "oraindik" baten esanahia eransten dio esaldiari, "oraindik hemen nago, neu naiz oraindik" esanez bezala. Eta etenaldian balego eta ez ziztuan mezuaren esanahia? Zozoek isiltasunean hitzegingo baliote elkarri? (Orduan ziztua puntuazio zeinu bat hesterik ez litzateke, "Bukatua. Itxi" moduko formula bat edo). Itxuraz beste isilune baten berdina den isiluneak ehundaka asmo desberdin adieraz litzake; baita ziztu batek ere, bestalde; isilduz edo ziztu eginez elkarri hitzegitea, beti egin daiteke: elkarri ulertzea da arazoa. Edo bestela, inork ezin dio inori ulertu: zozo bakoitzak beretzat funtsezkoa zaion esanahi bat jarri uste dio ziztuari, berak besteak ulertzen ez duena, ordea; lehenengoak esandakoarekin zer ikusirik ez duen zerbait erantzuten dio besteak; gorren antzeko elkarrizketa da, buru-oinik gabeko hizketaldia.

        Baina gizonaren elkarrizketak bestelako ezer ba al dira ausaz? Palomar andrea ere baratzean dabil beronikak ureztatzen. Hor dira dio, adierazpen pleonastikoa (jakintzat ematen da senarra zozoei begira dagoela dagoeneko) edo bestela (hark ikusi ez balitu) ulertezina, baina edozein modutara ere, zozoei erreparatzean izan duen lehentasuna finkatzeko egina (zeren eta, berak ikusi bait zituen lehenik zozoak eta haien ohiturak senarrari ikustarazi zizkion) eta haien agerraldien hutseginezina, ordurako honek hainbeste aldiz ohartua azpimarratzeko.

        Xo... egiten du Palomar jaunak, emazteari ahots ozenez hitzegitean uxatu ditzan galerazteko nonbait (alferrikakoa gomendioa zeren eta zozo senar-emazteak ohituta bait daude dagoeneko Palomar senar emazteen bertan egote eta ahotsetara) baina, izatez, emazteari abantaila ukatzeko, hark duen baino askoz ere prestutasun handiagoa erakutsiz zozoekiko.

        Orduan Palomar andreak dio: Atzotik lehortu egin da berriro ureztatzen ari den ertzeko lurraz ari dela, komunikazioa berez premiagabekoa, baina apropos egina frogatzeko, hizketan jarraituz eta gaiz aldatuz, senarrak duen baino zozoekiko konfidantza handiago eta erosoagoa. Hala ere, lasaitasunezko koadro orokor bat ondorioztatzen du Palomar jaunak ihardespen hauetatik, eta eskertzen dio emazteari, zeren eta honek oraingoz zertaz arduratu larriagorik ez dagoela zihurtatzen baldin badio, berak jarrai bait dezake sor bere lanari emana (edo pseudolanari edo hiperlanari). Uzten du minutu bat pasatzen eta mezu lasagarri bat jaurtitzen saiatzen da, emazteari adierazteko bere lana (edo infralana edo ultralana) ohi den bezala aurrera doala; horretarako ufada eta erremuska batzuk egiten ditu: ...ez dit irtetzen... kosta zaidanarekin... berriro hasi beharra... bai, oinekin... denak batera "oso lanpeturik nago" mezua ere transmititzen duten adierazpenak, badaezpada emaztearen azken ihardespenak baleuka ere azpian honelako destain modu bat: zeuri ere bururatu leikizuke aldian behin baratzea ureztatzea!

        Hitzezko hartu-eman hauetarako abiapuntua, uste izatea zen, ezkontideen arteko erabateko elkar ulertzeko aukera ematen duela, dena bere xehetasun niminoetarainokoan zehaztu beharrik gabe, printzipio hau, ordea, oso bestelako moduan eginetarazten dute batak eta besteak: Palomar andrea esaldi osoz, baina sarritan alusiozko eta sibilinoak direnez mintzatzen da, senarrak buruz elkarketak egiteko duen azkartasuna eta bata eta bestearen pentsamenduen bat etortzea neurtzeko (beti lortzen ez bada ere); Palomar jaunak, aitzitik, bere bame bakarrizketaren langarretatik soinu artikulatu barreiatuak azalerazten uzten du, berauetatik aterako delakoan zentzu burutu baten nabarmentasuna ez bada, bai behintzat animozko egoera baten argiluna.

        Palomar andreak, berriz, ez ditu nahi inola ere erremuska horiek diskurtso bat bezala hartu, eta parterik ez duela azpimarratzeko esaten du ahots apalez: Xo...! uxatu egingo dituzu..., senarrak eskubide ustez agindu nahi izan dion isiltasuna berari itzuliz, zozoekiko arretan zuen lehentasuna on eginez berriro.

        Puntu hau bere alde irabazita, Palomar andrea urrundu egiten da. Zozoak belarretan mokoka dabiltza, eta seguru beren ziztuen parekotzat hartzen dituztela Palomar ezkontideen elkarrizketak. Berdin lioke ziztua besterik egingo ez bagenu, pentsatzen du Palomar jaunak. Hemendik etorkizun oparoko gogoetazko perspektiba zabaltzen zaio berari, giza jokabidearen eta unibertsoko gainerakoaren arteko ezadostasunak beti ere laztura ekarri izan dionari. Gizonak eta zozoak berdina duten ziztua amilgainetik eraikitako zubi bat iruditzen zaio.

        Gizonak hitzari normalean jartzen dion guztia ziztuan isuriko balu, eta zozoak ziztuan modelatuko balu bere izakari naturazkoa izateaz esan gabe dagoen guztia; lehenengo pausoa emana legoke bereizkuntza ezabatzeko... Zeren eta zeren artean? Natura eta kulturaren artean? Isiltasunaren eta hitzaren artean? Palomar jaunak beti espero izaten du mintzairak esan dezakeena baino zerbait gehiago edukiko duela isiltasunak. Baina mintzaira balitz benetan, den guztiak joera duen irispuntua? Edota dagoen guztia mintzaira balitz mundua mundu denetik? Hemen Palomar jaunak laztura sentitzen du berriro.

        Zozoaren ziztua adi-adi entzun eta gero, ahalik eta zehatzen errepikatzen saiatzen da. Harrimenezko isilune batek jarraitzen dio, bere tnezuak azterketa zorrotz bat beharko balu bezala; ondoren ziztu berdin bat dator bueltan, eta Palomar jaunak ez daki berarentzako erantzuna den ala froga den bere ziztua hain dela desberdina ezen zozoek zirkinik ere ez dutela egiten eta beren arteko berriketari egiten diotela- berriro, ezer gertatu ez balitz bezala. Elkarri ziztuka eta harrimenez galdezka jarraitzen dute, berak eta zozoek.

 

 

Oharra: testu hau Italo Calvinoren "Palomar" liburutikhartua da. Itzulpen hau Donostiako Itzultzaile Eskolako bigarren ikasturteko ikasleek burutu dute, literatur itzulpeneko saioetan.

        Itzulpen honetarako erabili den jatorrizko testua ez da italierazkoa, Etsher Benitezek gaztelerara itzuli eta Alianza Tres-en argitaratua baizik. Ohar hori merezi du irakurleak, egiaren izenean.

 

Egan, 1-6/1989, 179-183 orr.

 

 

© Italo Calvino

 

 

    "Italo Calvino" orrialde nagusia  


susa-literatura.com