Godoten esperoan

 

LEHEN EKITALDIA

 

Landa-bide bat, zuhaitz batekin.

Arrastia.

Estragon, harri tontor baten gainean eserita, oinetakoa kentzen saiatzen da. Bi eskuekin ahalegintzen da, arnaska. Gelditu egiten da, akiturik; atseden hartzen du, hasperenka; berriro ekiten dio. Atzera berriz kontu bera.

Vladimir sartzen da.

 

ESTRAGON (ostera ere etsiz): Ez zagok zer eginik.

VLADIMIR (pausotxo zurrunez hurbildurik, zangoak zabal-zabal eginik): Ni ere uste horretara makurtzen ari nauk. (Geldi-geldi geratzen da.) Etsi-etsian eutsi zioat luzaroan, neure buruari esanez, Vladimir, zentzuduna izan hadi, ez duk oraindik den-dena ere saiatu. Eta borrokari ekiten nioan ostera. (Bere baitara biltzen da, gogoa borrokan. Estragoni:) Hemen haut, hortaz, berriro.

ESTRAGON: Hik uste al duk?

VLADIMIR: Pozik nagok hi ostera ikusteaz. Betiko joana hintzelakoan nengoan.

ESTRAGON: Ni ere bai.

VLADIMIR: Ospatu beharra zagok berriro elkartu izana. (Hausnarrean hasten da.) Nola, ordea? Altxa hadi, besarka hazadan. (Eskua luzatzen dio Estragoni.)

ESTRAGON (erretasunez): Poliki, hi, poliki.

 

Isilunea.

 

VLADIMIR (mindurik, hozki): Jakin ote daiteke non igaro duen berorrek gaua?

ESTRAGON: Hobi batean.

VLADIMIR (txunditurik): Hobi batean! Non hola?

ESTRAGON (keinurik gabe): Hor barrena.

VLADIMIR: Eta ez haute egurtu?

ESTRAGON: Bai... Ez gehiegi ere.

VLADIMIR: Lehengo berak al ziren?

ESTRAGON: Lehengoak? Ez zakiat.

 

Isilunea.

 

VLADIMIR: Horretaz gogoeta eginik... urteak joanean... maiz bururatzen zaidak... zertan ote hintzatekeen... ni gabe... (Deliberamenduz.) Ez hintzateke hezur pilotxo bat besterik dagoeneko, ez zagok dudarik.

ESTRAGON (erretxindurik): Eta?

VLADIMIR (lur jota): Gehiegi duk hau gizon bakar batentzat. (Tartea. Bizi-bizi.) Beste alde batetik, ordea, zertarako etsi orain, horra zer esaten diodan neure buruari. Aspaldi handian pentsatu beharra zegoan hori, mendea hasterako, hortxe.

ESTRAGON: Aski. Lagun iezadak zaborreria hau kentzen.

VLADIMIR: Elkarri eskutik helduta botako genian geure burua Eiffel dorretik behera, estreinakoen artean. Itxurazkoak gintuan sasoi hartan. Orain beranduegi duk. Ez liguketek igotzen ere utziko. (Estragon oinetakoarekin ahalegintzen da berriro.) Zertan ari haiz?

ESTRAGON: Oinetakoa eranzten. Ez zaik hiri inoiz egokitu?

VLADIMIR: Aspertu nauk hiri esaten egunero kendu behar direla oinetakoak. Hobe huke adi bahengo.

ESTRAGON (ahulki): Lagun iezadak!

VLADIMIR: Min duk?

ESTRAGON: Min! Hara bestea, ea min dudan!

VLADIMIR (haserre-espantuz): Inork ez dik noski sufritzen inoiz, hik baino! Ni zertan naizen bost axola, ezta? Nahi nikek, haatik, nire lekuan bahengo. Esango hidake orduan.

ESTRAGON: Min izan duk?

VLADIMIR: Hara bestea, ea min izan dudan!

ESTRAGON (hatz erakusleaz seinalatuz): Hala eta guztiz ere, botoiak lotu behar hituzke.

VLADIMIR (burua paparrera makurtuz): Egia. (Botoiak lotzen ditu.) Zabarkeriarik ez, gauza txikietan.

ESTRAGON: Zer nahi duk esatea, beti azken unearen zain hago.

VLADIMIR (amesti): Azken unea... (Hausnar egiten du.) Itxarote luzea, zorion hobea. Nork zioen hori?

ESTRAGON: Ez didak lagundu nahi?

VLADIMIR: Batzuetan burutik pasatzen zaidak badatorrela hala ere. Orduan guztiz xelebre sentitzen nauk. (Kapelua eranzten du; barruan begiratzen du; eskua barnetik pasatzen du; astintzen du; atzera janzten du.) Nola esan? Lasaitua eta aldi berean... (hitza bilatzen du)... laborritua. (Enfasiz.) LA-BO-RRI-TU-A. (Berriro eranzten du kapelua; barruan begiratzen du.) Hau da, hau! (Kaxk-kaxk jotzen du kapelua, handik zerbait erorarazteko bezala; berriro barnean begiratzen du, ostera janzten du.) Tira... (Estragonek, ahalegin ikaragarri baten ordainetan, oinetakoa kentzea lortzen du. Barruan begiratzen du; eskua pasatzen dio barnetik; bueltaka darabil; astindu egiten du; lurrean bilatzen du ea ez den zerbait erori; ez du ezer aurkitzen; berriro arakatzen du eskuaz oinetakoa barnetik, begiak soraio.) Eta?

ESTRAGON: Deus ez.

VLADIMIR: Ea, ikusi.

ESTRAGON: Ez zagok deus ikustekorik.

VLADIMIR: Saia hadi ostera janzten.

ESTRAGON (oina aztertu ondoren): Egurasten utziko diat pixka batean.

VLADIMIR: Hona gizon erabatekoa, oinetakoari ekinez, oina izanik errudun. (Behin berriro ere eranzten du kapelua; barruan begiratzen du; eskua barnetik pasatu, astindu, kaxk-kaxk jo, barruan putz egin, atzera janzten du.) Kezkagarri bilakatzen ari duk kontua. (Isilunea. Estragonek oinari eragiten dio, behatzak higituz, hobeki egurastu daitezen.) Lapurretariko bat salbatu egin zuan. (Tartea.) Portzentaia ondratua duk. (Tartea.) Gogo...

ESTRAGON: Zer?

VLADIMIR: Eta damutuko bagina?

ESTRAGON: Zertaz?

VLADIMIR: Bada... (Zer esan bilatzen du.) Ez legokek xehetasunetan zertan sarturik.

ESTRAGON: Jaio izanaz?

 

Vladimir algara sano batean abiatzen da, baina berehala mozten du, eskua pubisera eramanik, begitartea kizkur-kizkur eginik.

 

VLADIMIR: Barre egitera ere ez gaituk ausartzen.

ESTRAGON: Eskas dugun zerbait, esan nahi duk.

VLADIMIR: Irribarrea baino ez. (Belarritik belarrirainoko irribarre finko bat marrazten zaio aurpegian; halaxe dirau puska batean, eta gero kolpetik itzaltzen da.) Ez duk gauza bera. Tira... (Tartea.) Gogo...

ESTRAGON (minbera): Zer dugu orain?

VLADIMIR: Irakurri al duk inoiz Biblia?

ESTRAGON: Biblia... (Hausnar egiten du.) Begiratu bat emango nioan inoiz.

VLADIMIR (harriturik): Jainkorik gabeko eskolan?

ESTRAGON: Ez zakiat gabea zen ala ez.

VLADIMIR: Beste liburu batekin nahastuko huen.

ESTRAGON: Balitekek. Lur Santuko mapak ditiat gogoan. Koloretan. Oso politak. Itsaso Hila urdin zurbila zuan. So egite hutsarekin ere egarritzen ninduan. Horra nora, egiten nian neure artean, horra nora joango garen eztialdian. Igeri ibiliko gaituk. Zoriontsu izango gaituk.

VLADIMIR: Poeta izan behar hukeen.

ESTRAGON: Hala izan nauk. (Bere pildetarantz keinu.) Ez al da nabari?

 

Isilunea.

 

VLADIMIR: Zer ari nintzen esaten... Nola doa oin hori?

ESTRAGON: Nabarmen puztuz.

VLADIMIR: Ah bai, hori zuan, lapur bien kontu hori. Oroitzen haiz?

ESTRAGON: Ez.

VLADIMIR: Nahi duk nik kontatzea?

ESTRAGON: Ez.

VLADIMIR: Denbora pasatzeko aproposa. (Tartea.) Bazituan bi lapur, Salbatzailearekin batera gurutziltzatuak. Zera...

ESTRAGON: Salba zer?

VLADIMIR: Salbatzailea. Bi lapur. Diotenez, bat salbatu egin zuan eta bestea... ("salbatu"ren kontrakoa bilatzen du)... kondenatu.

ESTRAGON: Salbatu zertatik?

VLADIMIR: Infernutik.

ESTRAGON: Ni banoak hemendik. (Ez da mugitzen.)

VLADIMIR: Eta hala ere... (Tartea.) Nola liteke... Ez haut aspertuko, ala?

ESTRAGON: Ez nagokik adi.

VLADIMIR: Nola liteke lau ebanjelarietatik batek baino ez aurkeztea gauzak horrela? Han zeudean, alabaina, laurak... edo oso aparte ez, behintzat. Eta batek bakarrik aipatzen dik lapur bat salbatu izana. (Tartea.) Ea, Gogo, pilota itzuli behar didak noizean behin.

ESTRAGON: Adi nagokik.

VLADIMIR: Lautik bat. Beste hiruretatik, bik ez ditek batere aipatzen halako konturik, eta hirugarrenak, berriz, biek hartu zutela irainka.

ESTRAGON: Nor?

VLADIMIR: Nola?

ESTRAGON: Ez diat deus ulertzen... Irainka hartu nor?

VLADIMIR: Salbatzailea.

ESTRAGON: Zergatik?

VLADIMIR: Salbatu nahi izan ez zituelako.

ESTRAGON: Infernutik?

VLADIMIR: Hara bestea! Heriotzatik.

ESTRAGON: Eta orduan zer?

VLADIMIR: Orduan, kondenatuko zirela noski biak ere.

ESTRAGON: Eta zer?

VLADIMIR: Ba, besteak dioela bietatik bat salbatu zela.

ESTRAGON: Eta? Ez zatozak bat, hori duk guztia.

VLADIMIR: Laurak zeudean han. Eta batek bakarrik aipatzen dik lapur bat salbatu izana. Zergatik sinetsi hari besteei baino areago?

ESTRAGON: Nork sinesten dio?

VLADIMIR: Mundu guztiak, aizak. Bertsio hori baino ez dik ezagutzen jendeak.

ESTRAGON: Jendea, zera, tontolapiko galantak.

 

Neke handiz altxatzen da; herren-saltoka doa ezker hegalerantz; gelditu egiten da; urrunera begiratzen du, eskua begien aurrean argi-babes; jiratu egiten da; eskuin hegalerantz doa; urrunera begiratzen du. Vladimirrek begiez jarraitzen dio; gero, oinetakoa jasotzera egiten du, barruan begiratu, eta bertan behera uzten du tupustean.

 

VLADIMIR: Pah! (Tu egiten du lurrera.)

 

Estragon erdira itzultzen da; antzeztokiaren sakonera begira geratzen da, publikoari bizkarra emanez.

 

ESTRAGON: Xarmagarria lekua. (Jiratu egiten da; aurrealderaino dator; publikoarenganantz begiratzen du.) Begitarte irritsuak. (Vladimirrengana jiratzen da.) Goazemak hemendik.

VLADIMIR: Ezin diagu.

ESTRAGON: Zergatik?

VLADIMIR: Godoten esperoan gaudek.

ESTRAGON: Egia. (Tartea.) Ziur hago hemen dela?

VLADIMIR: Zer?

ESTRAGON: Itxaroteko lekua.

VLADIMIR: Zuhaitzaren aurrean esan zian. (Zuhaitzari begiratzen diote.) Besterik ikusten duk?

ESTRAGON: Zer da?

VLADIMIR: Sahats negartia, apika.

ESTRAGON: Non dira hostoak?

VLADIMIR: Hilik egon behar dik.

ESTRAGON: Akabo negarrak.

VLADIMIR: Sasoiaren kontua ez bada, behinik behin.

ESTRAGON: Ez da ba zuhamuxka bat izango?

VLADIMIR: Zuhaixka bat.

ESTRAGON: Zuhamuxka bat.

VLADIMIR: Zuha... (Jokoa moztuz.) Zer iradoki nahi duk? Okerreko lekuan gaudela?

ESTRAGON: Hemen behar likek dagoeneko.

VLADIMIR: Ez zian esan ziur etorriko zenik.

ESTRAGON: Eta ez badator?

VLADIMIR: Bihar itzuliko gaituk.

ESTRAGON: Eta etzi ere bai.

VLADIMIR: Menturaz.

ESTRAGON: Eta hurrengoan ere berdin.

VLADIMIR: Alegia...

ESTRAGON: Hura etorri arte.

VLADIMIR: Gupidagabea haiz.

ESTRAGON: Atzo ere etorri gintuan.

VLADIMIR: Et-et, horretan oker habil.

ESTRAGON: Zer egin genuen atzo?

VLADIMIR: Atzo zer egin genuen?

ESTRAGON: Bai.

VLADIMIR: Hots... (Zapuzturik.) Zalantza ereiten, hi txapeldun.

ESTRAGON: Nirekiko, hemen izan gintuan.

VLADIMIR (buelta guztian begiraturik): Ezaguna iruditzen zaik lekua?

ESTRAGON: Ez diat halakorik esan.

VLADIMIR: Hortaz?

ESTRAGON: Horrek ez dik eragozten.

VLADIMIR: Halaz guztiz... zuhaitz hori... (publikoarenganantz jiraturik) ikatz-zingira hori.

ESTRAGON: Ziur hago gaur zela?

VLADIMIR: Zer?

ESTRAGON: Zera, itxaroteko eguna?

VLADIMIR: Larunbata esan zian. (Tartea.) Ustez.

ESTRAGON: Lanak zertutakoan.

VLADIMIR: Idatziz jasoko nian noski. (Poltsikoetan arakatzen du; era guztietako zikinkeriaz gainezka dauzka.)

ESTRAGON: Zer larunbat, ordea? Eta larunbata ote da gaur? Ez ote da areago igandea? Edo astelehena? Edo ostirala.

VLADIMIR (bere inguruan zoroki begira, data paisajean idatzirik balego bezala): Ez duk posible.

ESTRAGON: Edo osteguna.

VLADIMIR: Zer egin dezakegu?

ESTRAGON: Bart arratsean hona etortzeko lana alferrik hartu badu, ziur hagoke gaur ez dela itzuliko.

VLADIMIR: Baina hik diok bart arratsean hemen izan ginela.

ESTRAGON: Oker egon naitekek. Isil gaitezen pixka batean, axola ez bazaik.

VLADIMIR (ahulki): Ongi duk. (Estragon eseri egiten da ostera. Vladimir antzeztokia alderik alde ibiltzen hasten da, egonezinez; noizean behin, ostertza begiztatzeko gelditzen da. Estragon loak hartzen du. Vladimir Estragonen aurrean gelditzen da.) Gogo... (Isilunea.) Gogo... (Isilunea.) GOGO!

 

Estragon tupust-ikara batez esnatzen da.

 

ESTRAGON (bere egoeraren laborri gordinera itzulirik): Lo nengoan. (Kexuz.) Zergatik ez didak sekula lorik egiten uzten?

VLADIMIR: Bakarrik sentitzen ninduan.

ESTRAGON: Amets bat izan diat.

VLADIMIR: Ez kontatu!

ESTRAGON: Zera zuan...

VLADIMIR: EZ KONTATU!

ESTRAGON (keinu bat unibertsorantz): Hori aski zaik? (Isilunea.) Ez duk jokaera atsegina hire aldetik, Didi. Nori nahi duk kontatzea neure amesgaizto pribatuak, hiri ez bada?

VLADIMIR: Pribatuak izaten jarrai dezatela. Badakik ezin dudala jasan hori.

ESTRAGON (hozki): Batzuetan neure buruari galdetzen zioat ez ote genukeen hobe elkarrengandik banatu.

VLADIMIR: Ez hintzateke urrutira joango.

ESTRAGON: Hala duk, bai, eragozpen larria lukek hori. (Tartea.) Ezta, Didi, eragozpen larria litzatekeela? (Tartea.) Bidearen edertasuna kontuan harturik. (Tartea.) Eta bidaztien ontasuna. (Tartea. Goxo-goxo.) Ezta, Didi?

VLADIMIR: Trankil.

ESTRAGON (atsegalez): Trankil... Trankil... (Ameskiro.) Iparraldean tgaaankil esaten ditek. Jende tgaaankila duk. (Tartea.) Ezagutzen duk istorio hori, zera, iparraldekoa putetxera joan zenekoa?

VLADIMIR: Bai.

ESTRAGON: Konta iezadak.

VLADIMIR: Aski.

ESTRAGON: Iparraldeko bat, mozkorturik, putetxera zoak. Ugazabandre-ordeak galdetzen ziok ea zer nahi duen, ilehori bat, beltzaran bat ala ilegorri bat. Segi.

VLADIMIR: ASKI!

 

Vladimir irten egiten da. Estragonek, altxatu, eta antzeztokiaren mugaraino jarraitzen dio. Estragon imintzioka, boxeolariaren ahaleginek borroka-ikuslearengan eragiten dituzten imintzioak antzeratuz. Itzultzen da Vladimir; Estragonen aurretik pasatzen da; antzeztokia zeharkatzen du, burumakur. Estragonek urrats batzuk egiten ditu Vladimirrenganantz, gelditu egiten da.

 

ESTRAGON (eztiki): Nirekin mintzatu nahi huen? (Vladimirrek ez du erantzuten. Estragonek urrats bat egiten du aurrera.) Zerbait esan nahi hidan? (Isilunea. Beste urrats bat aurrera.) Esan, Didi...

VLADIMIR (jiratu gabe): Ez diat deusik hiri esateko.

ESTRAGON (urrats bat atzera): Haserre hago? (Isilunea. Urrats bat aurrera.) Barka! (Isilunea. Urrats bat aurrera. Esku bat pausatzen dio sorbaldan.) Ea, Didi. (Isilunea.) Eman eskua! (Vladimir jiratu egiten da.) Besarka nazak! (Vladimir zurrun-zurrun egiten da.) Utzi besarkatzen! (Vladimir bigundu egiten da. Elkar besarkatzen dute. Estragonek atzera egiten du.) Baratxuri-kiratsa daukak!

VLADIMIR: Giltzurrunetarako duk. (Isilunea. Estragonek arreta handiz begiratzen dio zuhaitzari.) Zertan gara orain?

ESTRAGON: Esperoan.

VLADIMIR: Bai, baina esperoan gauden bitartean?

ESTRAGON: Eta geure burua urkatuko bagenu?

VLADIMIR: Horrela tente jarriko litzaigukek noski.

ESTRAGON (gogaturik): Tente jartzen duk?

VLADIMIR: Horrek segidan dakarren guztiarekin. Isurtzen den lekuan mandragorak hazten dituk. Horregatik egiten ditek negar mandragorek lurretik erauztean. Ez al hekien hori?

ESTRAGON: Oraintxe urka dezagun geure burua.

VLADIMIR: Adar batetik? (Zuhaitzera hurbiltzen dira eta hari so geratzen.) Ez nindukek fidatuko.

ESTRAGON: Saiatzeko aukera zagok beti.

VLADIMIR: Saia hadi.

ESTRAGON: Hire ondotik.

VLADIMIR: Ez, ez, hi lehenbizi.

ESTRAGON: Zergatik ni?

VLADIMIR: Hire aldean astuna nauk ni.

ESTRAGON: Hain zuzen.

VLADIMIR: Ez diat ulertzen.

ESTRAGON: Ea ba, erabil ezak burua pixka bat.

 

Vladimirrek hausnar egiten du.

 

VLADIMIR (azkenean): Ez diat ba ulertzen.

ESTRAGON: Nik emango diat ba azalpena. (Hausnar egiten du.) Adarra... adarra... (Haserre bizian.) Saiatu alabaina ulertzen!

VLADIMIR: Hi baino ez haut laguntzeko.

ESTRAGON (neke handiz): Gogo, arina - adarra hautsi ez - Gogo, hilik. Didi, astun - adarra hautsi - Didi, bakarrik. (Tartea.) Aitzitik... (Adierazpide egokia bilatzen du.)

VLADIMIR: Ez zitzaidaan halakorik bururatu.

ESTRAGON (esapidea aurkiturik): Gehiena ahal duenak gutxiena ere ahal dik.

VLADIMIR: Ni hi baino astunago ote naiz, ordea?

ESTRAGON: Hik esan duk. Nik ez zakiat batere. Bitik bat duk hala izateko aukera. Edo hor nonbait.

VLADIMIR: Hortaz, zer egin?

ESTRAGON: Ez dezagun deus egin. Zuhurrago duk.

VLADIMIR: Itxaron dezagun zer esan behar digun jakin arte.

ESTRAGON: Nork?

VLADIMIR: Godotek.

ESTRAGON: Hori duk.

VLADIMIR: Itxaron dezagun harik eta zertan garen jakin arte.

ESTRAGON: Beste alde batetik, beharbada hobe genikek gogortu baino lehen jo burdina.

VLADIMIR: Jakingura nauk ea zer esango digun. Horrek ez gaitik ezertara behartzen.

ESTRAGON: Zer eskatu genion justu?

VLADIMIR: Ez al hintzen han?

ESTRAGON: Ez nioan kontu egin.

VLADIMIR: Tira... Gauza horrela zehatz-zehatzik ez.

ESTRAGON: Otoitz moduko bat.

VLADIMIR: Hori duk.

ESTRAGON: Erregu lauso bat.

VLADIMIR: Nahi baduk.

ESTRAGON: Eta zer erantzun zigun?

VLADIMIR: Ikusiko zuela.

ESTRAGON: Ezin zuela ezer agindu.

VLADIMIR: Pentsatu beharra zeukala.

ESTRAGON: Patxadan.

VLADIMIR: Familia kontsultatu.

ESTRAGON: Lagunak kontsultatu.

VLADIMIR: Bere agenteak kontsultatu.

ESTRAGON: Bere berriemaileak.

VLADIMIR: Bere errejistroak.

ESTRAGON: Bere banku-kontua.

VLADIMIR: Erabaki bat hartu aurretik.

ESTRAGON: Normala duk.

VLADIMIR: Ezta?

ESTRAGON: Baietz uste diat.

VLADIMIR: Nik ere bai.

 

Atsedena.

 

ESTRAGON (artega): Eta gu?

VLADIMIR: Barka?

ESTRAGON: Eta gu?, esan diat.

VLADIMIR: Ez diat ulertzen.

ESTRAGON: Zein da gure papera horretan guztian?

VLADIMIR: Gure papera?

ESTRAGON: Behar duan denbora har ezak.

VLADIMIR: Gure papera? Erregutzailearena.

ESTRAGON: Hainbesteraino?

VLADIMIR: Hartzekoekin dator berori, jauna?

ESTRAGON: Ez diagu jadanik eskubiderik?

 

Vladimirren barrea, aurrekoa bezala berehala moztua. Joko bera, irribarrea gabe.

 

VLADIMIR: Barre eragingo hidake, halakorik zilegi balitzait.

ESTRAGON: Galdu egin ditugu?

VLADIMIR (zehatz ebakiz): Enkantean eman ditiagu.

 

Isilunea. Geldi-geldi geratzen dira, besoak zintzilik, burua paparrean, belaunak abaildurik.

 

ESTRAGON (ahulki): Ez gaude loturik? (Tartea.) Ezta?

VLADIMIR (eskua jasorik): Entzun!

 

Entzuten geratzen dira, dauden lekuan groteskoki finkaturik.

 

ESTRAGON: Ez diat deus aditzen.

VLADIMIR: Xxt! (Entzun egiten dute. Estragonek oreka galtzen du, ia-ia erortzen da. Estu atxikitzen zaio Vladimirren besoari, hura kordokaraziz. Entzun egiten dute, bata bestearen kontra metaturik, begiak elkarren begietan josirik.) Nik ere ez.

 

Lasaitze-hasperenak. Pasatu da ikara. Elkarrengandik urruntzen dira.

 

ESTRAGON: Ikara eragin didak.

VLADIMIR: Bera zela pentsatu diat.

ESTRAGON: Nor?

VLADIMIR: Godot.

ESTRAGON: Zera! Haizea kanaberadian.

VLADIMIR: Zin egingo nian oihuak zirela.

ESTRAGON: Eta zergatik egingo zuen ba oihu?

VLADIMIR: Zaldi kontu edo.

 

Isilunea.

 

ESTRAGON: Goazemak hemendik.

VLADIMIR: Nora? (Tartea.) Arratsean agian haren etxean egingo diagu lo, aterpean bero, tripa beterik, lasto gainean goxo. Merezi dik itxaroteak, ala?

ESTRAGON: Ez gau guztian.

VLADIMIR: Eguna duk oraindik.

 

Isilunea.

 

ESTRAGON: Gose nauk.

VLADIMIR: Azenario bat nahi duk?

ESTRAGON: Ez dago besterik?

VLADIMIR: Arbiren bat edo beste izango diat.

ESTRAGON: Emadak azenario bat. (Vladimirrek bere poltsiko hondoetan arakatzen du; arbi bat ateratzen du, eta Estragoni ematen.) Mila esker. (Kosk egiten dio. Kexuz.) Arbia duk eta!

VLADIMIR: Oi, barka! Zin egingo nian azenarioa zela. (Berriro arakatzen ditu poltsiko-hondoak, arbiak baino ez du aurkitzen.) Arbiak dituk guztiak. (Bilatzen darrai.) Azkena jango huen noski. (Bila eta bila.) Hago, aurkitu diat. (Azkenean azenario bat ateratzen du, eta Estragoni ematen.) Tori, laztana. (Estragonek, gainetik mahuka pasatu azenarioari, eta hura jaten hasten da.) Itzul iezadak arbia. (Estragonek arbia itzultzen dio.) Iraun dezala, hala ere, ez zagok besterik.

ESTRAGON (mastekatuaz batera): Galdera bat egin diat.

VLADIMIR: Ah.

ESTRAGON: Erantzun didak, ala?

VLADIMIR: Goxoa al da azenarioa?

ESTRAGON: Badik gozo-puntua.

VLADIMIR: Hainbat hobe, hainbat hobe. Zer jakin nahi huen?

ESTRAGON: Ez nauk oroitzen. (Mastekatu egiten du.) Horrek ematen zidak amorrua. (Istimazio handiz begiratzen dio azenarioari; hatzen puntaz airean jirarazten du.) Goxoa benetan, azenarioa. (Muturra xurgatzen du, gogoetatsu.) Hago, bazatorkidak ostera. (Ahatara bat erauzten dio azenarioari.)

VLADIMIR: Eta?

ESTRAGON (ahoa beterik, gogoa bestetan): Ez gaude loturik?

VLADIMIR: Ez diat deus aditzen.

ESTRAGON (mastekatu egiten du; irentsi): Galdetzen diat ea loturik gauden.

VLADIMIR: Loturik?

ESTRAGON: Lo-tu-rik.

VLADIMIR: Nola, loturik?

ESTRAGON: Esku eta zango.

VLADIMIR: Nori, ordea, loturik? Nork loturik?

ESTRAGON: Hire lagunxahar horri.

VLADIMIR: Godoti? Godoti loturik gu? Hori burutazioa hirea! Inondik ere ez! (Tartea.) Ez oraingoz.

ESTRAGON: Godot du izena?

VLADIMIR: Hala uste diat.

ESTRAGON: Horra! (Azenariotik geratzen dena zuztarretik zintzilik jasotzen du eta begien aurrean jirarazten.) Bitxia da, zenbat eta janago, orduan eta eskasagoa gustuz.

VLADIMIR: Niretzat kontrakoa duk.

ESTRAGON: Alegia?

VLADIMIR: Jan ahala egokitzen nauk zaporera.

ESTRAGON (luzaro hausnartu ondoren): Hori ote da kontrakoa?

VLADIMIR: Tenperamentu kontua.

ESTRAGON: Izaera kontua.

VLADIMIR: Horrek ez zaukak bueltarik.

ESTRAGON: Alferrik duk kontra saiatzea.

VLADIMIR: Norbera dena, horixe duk betiko.

ESTRAGON: Alferrik duk ahaleginean tematzea.

VLADIMIR: Funtsa ez duk aldatzen.

ESTRAGON: Ez zagok zer eginik. (Azenario hondarra luzatzen dio Vladimirri.) Bukatu nahi al duk?

 

Oihu ikaragarri bat entzuten da, hurbil-hurbil. Estragonek bertan behera uzten du azenarioa. Geldi geratzen dira; gero, tupustean, hegalerantz oldartzen dira biak batera. Estragon erdi bidean gelditzen da; atzera egin, azenarioa jaso, sakelan sartu, ziztuan abiatzen da Vladimirrenganantz, hantxe zain baitauka; berriro gelditzen da; atzera egiten du, oinetakoa jaso, eta lasterka doa Vladimirrengana. Elkarrekin estu-estu eginik, burua sorbaldan, mehatxuari bizkar emanez, zain daude.

Pozzo eta Lucky sartzen dira. Lepoa inguratzen dion soka baten bitartez zuzentzen du Pozzok Lucky, halako moldez non aurrena ez baitira ageri Lucky eta haren atzetik soka baino; soka aski luzea da Pozzo agertu orduko Lucky antzeztokiaren erdira irits dadin. Luckyk maleta astun bat darama, aulki tolesgarri bat, janari-saski bat eta longaina bat (besapean); Pozzok zartailu bat.

 

POZZO (artean agertu gabe): Bizkorrago! (Zartailu hotsa. Pozzo agertzen da. Antzeztokia zeharkatzen dute. Lucky, Vladimir eta Estragonen aurretik pasatu, eta irten egiten da. Pozzo, Vladimir eta Estragon ikusirik, gelditu egiten da. Soka tenkatu egiten da. Pozzok tira egiten du bortizki sokatik.) Atzera! (Erorketa hotsa. Lucky lurrera doa, bere zama guztiarekin. Vladimir eta Estragon begira geratzen zaizkio, laguntzeko gogoaren eta ez dagokien kontuan nahasteko beldurraren artean harrapaturik. Vladimirrek pauso bat ematen du Luckyrenganantz, Estragonek mahukatik eusten dio.)

VLADIMIR: Uztak!

ESTRAGON: Hago hemen lasai.

POZZO: Kontuz! Gaiztoa da. (Estragon eta Vladimir begira geratzen zaizkio.) Arrotzekin.

ESTRAGON (ahopetik): Bera da?

VLADIMIR: Nor?

ESTRAGON: Zera...

VLADIMIR: Godot?

ESTRAGON: Horratx.

POZZO: Aurkez dezadan neure burua: Pozzo.

VLADIMIR: Ez ba.

ESTRAGON: Godot esan dik.

VLADIMIR: Ez ba.

ESTRAGON (Pozzori): Ez al zara Godot jauna, jauna?

POZZO (ahots ikaragarri batez): Pozzo naiz! (Isilunea.) Izen horrek ez dizue ezer esaten? (Isilunea.) Galdetu dizuet ea izen horrek ez dizuen ezer esaten.

 

Vladimirrek eta Estragonek begiez galdetzen diote elkarri.

 

ESTRAGON (gogoratzen saiatzeko itxura eginez): Bozzo... Bozzo...

VLADIMIR (berdin): Pozzo...

POZZO: PPPOZZZO!

ESTRAGON: Ah! Pozzo... ea... Pozzo...

VLADIMIR: Pozzo da, ala Bozzo?

ESTRAGON: Pozzo... ez, ez dut erreparatzen.

VLADIMIR (etorkor): Gozzo familia bat ezagutu dut nik. Uztaian brodatuak egiten jarduten zuen amak.

 

Pozzok aurrera egiten du, mehatxagarri.

 

ESTRAGON (bizi-bizi): Ez gara hemengoak, jauna.

POZZO (gelditurik): Gizakiak zarete noski, hala ere. (Betaurrekoak jartzen ditu.) Ikusten dudanez. (Betaurrekoak kentzen ditu.) Nire espezie berekoak. (Algaraz leher gaizto egiten du.) Pozzoren espezie berekoak! Jainkozko jatorrikoak!

VLADIMIR: Zera...

POZZO (moztuz): Nor da Godot?

ESTRAGON: Godot?

POZZO: Godot nintzela pentsatu duzue.

VLADIMIR: Oh ez, jauna, ezta une batez ere, jauna.

POZZO: Eta nor da?

VLADIMIR: Ba, zera... ezagun bat.

ESTRAGON: Hara bestea! Ozta-ozta ezagutzen dugu eta.

VLADIMIR: Jakina... ez dugu oso ongi ezagutzen... baina halaz guztiz...

ESTRAGON: Nik neuk, ezagutu ere ez nuke egingo ikusiko banu.

POZZO: Harekin nahastu nauzue.

ESTRAGON: Zera... iluntasuna... nekea... ahuldadea... itxaronaldia... aitortzen dut... uste izan dut... une batez...

VLADIMIR: Ez egin jaramonik, jauna, ez egin jaramonik!

POZZO: Itxaronaldia? Haren esperoan zeundeten hortaz?

VLADIMIR: Zera...

POZZO: Hemen? Nire lurretan?

VLADIMIR: Ez generabilen asmo gaiztorik.

ESTRAGON: Xede onez ari ginen.

VLADIMIR: Mundu guztiarena da bidea.

ESTRAGON: Uste horretantxe geunden.

POZZO: Lotsaria da, baina hala da.

ESTRAGON: Ez dago zer eginik.

POZZO (keinu zabal batez): Ez gaitezen gehiago mintza horretaz. (Tira egiten du sokatik.) Zutik! (Tartea.) Erortzen den aldi oro, loak hartzen du. (Tira egiten du sokatik.) Zutik, sarrats hori! (Altxatu eta bere gauzak jasotzen ari da Lucky, ozenki. Pozzok tira egiten du sokatik.) Atzera! (Lucky sartzen da, atzez.) Geldi! (Lucky gelditu egiten da.) Jira! (Lucky jiratu egiten da. Vladimir eta Estragoni, atsegintsu.) Lagunak, zoriontsua naiz elkarren ezaguera egin dugula eta. (Sinesgaiztasuna irakurririk bikotearen aurpegian.) Zin-zinez zoriontsu, alafede. (Tira egiten du sokatik.) Honago! (Luckyk aurrera egiten du.) Geldi! (Lucky gelditu egiten da. Vladimir eta Estragoni:) Horra, luzea da bidea bakar-bakarrik zoazenean hainbat... (erlojuari begiratzen dio) ...hainbat orduz (kalkulatu egiten du) ...sei orduz, bai, sei ordu behar dute dagoeneko bidean xuxen-xuxen, arima bizirik aurkitu gabe. (Luckyri.) Longaina! (Luckyk, maleta lurrean utzi, aurrera egin, longaina eman, atzera egin, eta maleta hartzen du ostera.) Eutsi honi. (Pozzok zartailua luzatzen dio; Luckyk, ez baitzaio eskurik geratzen, makurtu, eta hortz artean hartzen du zartailua; gero atzera egiten du.) Longaina! (Luckyk, dena lurrean utzi, aurrera egin, Pozzori longaina janzten lagundu, atzera egin, eta dena jasotzen du ostera.) Hozkirri dabil haizea. (Longainaren botoiak lotu, burua makurtu, ongi lotu duen begiratzeko, eta atzera tentetzen du burua.) Zartailua! (Luckyk aurrera egiten du; makurtu, eta Pozzok erauzi egiten dio ahotik zartailua; Lucky atzera doa.) Izan ere, ene lagunak, ezin dut luzaroan etsi nire kidekoen konpainia gabe (bi kidekoei so egiten die), are kidekook nire antza halamoduzkoa baino ez duten kasuan. (Luckyri:) Aulkia! (Luckyk, maleta eta saskia lurrean utzi, aurrera egin, aulkia zabaldu, lurrean uzten du, atzera egin, eta maleta-saskiak jasotzen ditu ostera.) Honago! (Luckyk, maleta eta saskia lurrean utzi, aurrera egin, aulkia lekuz aldatu, lurrean uzten du, atzera egin, eta maleta-saskiak jasotzen ditu ostera. Pozzok, eseri, zartailuaren muturra Luckyren bularraren kontra jarri, eta bultza egiten du.) Atzera! (Luckyk atzera egiten du.) Atzerago. (Lucky atzerago joaten da.) Geldi! (Lucky gelditu egiten da. Vladimir eta Estragoni:) Horregatik, hain zuzen, zuen baimenarekin, zuen lagunartean egongo naiz pixka batean, aurrerago menturatu aurretik. (Luckyri:) Saskia! (Luckyk, aurrera egin, saskia eman, eta atzera egiten du.) Eguratsean, tripazorriak hazten zaizkio bati. (Saskia ireki, eta oilasko puska bat, ogi mutur bat, eta botila bat ardo hartzen ditu.) Saskia! (Lucky, aurrera egin, saskia hartu, atzera egin, eta geldi-geldi geratzen da.) Harago! (Luckyk atzera egiten du.) Hortxe! (Lucky gelditu egiten da.) Kiratsa dario. (Trago bat jotzen du botilatik zanga-zanga.) Gure osasunaren gizenean. (Botila pausatu, eta jaten hasten da.)

 

Isilunea. Estragon eta Vladimir, pixkanaka ausardia bilduz, Luckyren inguruan bueltaka hasten dira, goitik beheraino aztertuz. Pozzok gose-grina handiz jaten du oilaskoa; hezurrak bota egiten ditu, xurga-xurga egin ondoren. Lucky poliki-poliki abailduz doa, harik eta maletak lurra ukitzen duen arte; tupustean tentetzen da berriro, eta ostera ere abailtzen hasten da. Zutik lo dagoenaren erritmoa.

 

ESTRAGON: Zer du?

VLADIMIR: Nekatua zirudik.

ESTRAGON: Zergatik ez ditu trepetxuak lurrean uzten?

VLADIMIR: Nik al dakit? (Hurbilagotik begiratzen diote.) Kontuz!

ESTRAGON: Hitz egingo al diogu?

VLADIMIR: Ikus, hara!

ESTRAGON: Zer?

VLADIMIR (seinalatuz): Lepoa.

ESTRAGON (lepoari so eginez): Ez diat deus ikusten.

VLADIMIR: Jar hadi hemen.

ESTRAGON Vladimirren lekuan jartzen da.

ESTRAGON: Bai jauna.

VLADIMIR: Haragi bizitan.

ESTRAGON: Sokarena duk.

VLADIMIR: Igurtziaren igurtziz.

ESTRAGON: Zer nahi duk ba.

VLADIMIR: Korapiloa duk.

ESTRAGON: Erremediorik gabe.

 

Aztertzeari ekiten diote ostera; aurpegian geratzen dira.

 

VLADIMIR: Ez zagok gaizki.

ESTRAGON (soinburuak jasoz, muzin eginez): Hik uste duk?

VLADIMIR: Emagizon samarra aukeran.

ESTRAGON: Lerdea zariok.

VLADIMIR: Derrigor.

ESTRAGON: Bitsa zariok.

VLADIMIR: Tentela duk beharbada.

ESTRAGON: Buru-eskas horietakoa.

VLADIMIR (burua aurreratuz): Goloa ote duen zirudik.

ESTRAGON (joko bera): Ez zagok esaterik.

VLADIMIR: Arnasestuka zagok.

ESTRAGON: Normala duk.

VLADIMIR: Eta begiak!

ESTRAGON: Zer dute?

VLADIMIR: Irten beharrean zaudek.

ESTRAGON: Nik uste, lehertzeko zorian duk.

VLADIMIR: Ez zagok esaterik. (Tartea.) Egiok galdera bat.

ESTRAGON: Merezi ote du?

VLADIMIR: Zer daukagu galtzeko?

ESTRAGON (herabe): Jauna...

VLADIMIR: Ozenago.

ESTRAGON (ozenago): Jauna...

POZZO: Utziozue bakean behingoan! (Pozzorengana jiratzen dira. Hark, jatordua amaiturik, eskugainaz garbitzen du ahoa.) Ez duzue ikusten atseden hartu nahi duela? (Pipa ateratzen du eta kargatzen hasten da. Estragonek lurrean dautzan oilasko-hezurrei erreparatzen die; begi gosez begira-begira geratzen zaie. Pozzok pospolo bat raist igurtzi eta pipa pizten hasten da.) Saskia! (Lucky ez baita mugitzen, Pozzok, pospoloa haserre-espantuz bota, eta tira egiten du sokatik.) Saskia! (Lucky ia-ia erortzen da; gero, bere onera etorririk, aurrera egin, botila saskian sartu, bere lekura itzuli, eta lehengo jarreran geratzen da. Estragonek ez die begirik kentzen hezurrei; Pozzok beste pospolo bat raist igurtzi eta pipa pizten du.) Zer nahi duzue, ez du hori bere lana. (Pipakada bat arnasten du; zangoak luzatzen ditu.) Ah! Hau beste gauza bat da.

ESTRAGON (herabe): Jauna...

POZZO: Zer dugu, gazte?

ESTRAGON: Zera... ez dituzu jan behar... zera... ez dituzu behar... hezurrak... jauna?

VLADIMIR (eskandalizaturik): Ezin al huen itxaron?

POZZO: Utziozu, utziozu, naturala da oso. Ea hezurrak behar ditudan? (Zartailuaren muturraz mugitzen ditu lurrean.) Ez, pertsonalki ez dut hezur beharrik. (Estragonek pauso bat ematen du hezurretarantz.) Baina... (Estragon gelditu egiten da.) baina berez hezurrak eramaileari dagozkio. Hari beharko zaio galdetu, beraz. (Estragon Luckyrentzat jiratzen da, zalantzan.) Tira, galdetu, galdetu, beldurrik gabe, berak esango dizu.

 

Estragon Luckyrenganantz doa; haren aurrean gelditzen da.

 

ESTRAGON: Jauna... barka, jauna...

 

Luckyk ez du erreakzionatzen. Pozzok zartailuari klask eragiten dio. Luckyk burua jasotzen du.

 

POZZO: Hizketan ari zaizkizu, urde zikina. Erantzun. (Estragoni:) Ekin, ekin.

ESTRAGON: Barka, jauna, hezurrak, zuretzat nahi dituzu?

 

Luckyk luzaro begiratzen dio Estragoni.

 

POZZO (ezin gusturago): Jauna! (Luckyk burua makurtzen du.) Erantzun! Nahi dituk ala ez? (Lucky isilik. Estragoni:) Zuretzat dira. (Estragon hezurren gainera oldartzen da; lurretik bildu eta haiek karraskatzen hasten da.) Bitxia da, hala ere. Lehenbiziko aldia du, baiki, nik eskainiriko hezur bati uko egiten diona. (Kezkaturik begiratzen dio Luckyri.) Ederra egingo lidake orain gaixotzea bururatuko balitzaio. (Pipa xurgatzen du.)

VLADIMIR (lehertuz): Hau lotsaria!

 

Isilunea. Estragonek, sor eta lor, karraskatzeari uzten dio; Vladimirri eta Pozzori so egiten die txandaka. Pozzo oso bare. Vladimir gero eta gogaituago.

 

POZZO (Vladimirri.): Zerbait zehatzari buruz diharduzu, ausaz?

VLADIMIR (deliberamenduz eta totelka): Gizon bat horrela... (keinu bat Luckyrenganantz) era horretan tratatzea... zera deritzot... gizaki bat... ez... lotsaria da!

ESTRAGON (atzera geratu nahi ezik): Eskandalu hutsa! (Karraskatzen hasten da ostera.)

POZZO: Zorrotzak zarete. (Vladimirri.) Zer adin duzu zuk, atrebentzia ez bada? (Isilunea.) Hirurogei?... Hirurogeita hamar?... (Estragoni:) Zer adin edo ote du?

ESTRAGON: Berari galdetu.

POZZO: Sudurluzea naiz. (Pipa husten du, zartailuaren kontra kosk-kosk joz; zutitu egiten da.) Utzi behar zaituztet. Milesker konpainia egiteagatik. (Hausnar egiten du.) Non eta ez dudan astia hartzen beste pipa bat erretzeko hemen zuen lagunartean. Zer deritzozue? (Ez dute ezer esaten.) Oh, ni ez naiz noski erretzaile xume bat baino, guztiz ere xumea, ez dut ohiturarik bata bestearen ondotik bi pipa erretzeko, horrek (eskua bihotzera darama) taupadaka jartzen dit bihotza. (Tartea.) Nikotina da, barruak irensten du, kontuz ibilita ere. (Hasperen egiten du.) Zer egingo zaio. (Isilunea.) Baina menturaz zuek ez zarete erretzaile. Bai? Ez? Tira, ez du aparteko axolarik. (Isilunea.) Nola eseri, ordea, orain ostera naturaltasunez, zutitu bainaiz dagoeneko? Alegia, itxura eman gabe... nola esan... amor ematen dudala? (Vladimirri:) Bai, zer diozu? (Isilunea.) Ala menturaz ez duzu deus esan? (Isilunea.) Ez dio axola. Ea... (Hausnar egiten du.)

ESTRAGON: Ah! Hau beste gauza bat duk. (Hezurrak botatzen ditu.)

VLADIMIR: Alde egin dezagun.

ESTRAGON: Dagoeneko?

POZZO: Itxaron apur bat! (Tira egiten du sokatik.) Aulkia! (Zartailuaz seinalatzen du. Luckyk aulkia mugitzen du.) Honago! Hortxe! (Berriro esertzen da. Luckyk atzera egiten du eta maleta-saskiak hartzen ostera.) Honatx hementxe kokaturik berriro! (Pipa kargatzen hasten da.)

VLADIMIR: Alde egin dezagun.

POZZO: Espero dut ni ez izatea uxatzen zaituztena, ala? Egon pixka batean oraindik, ez zaizue damutuko.

ESTRAGON (limosna usaina aditurik): Badugu astia.

POZZO (pipa piztu ondoren): Bigarrena beti gertatzen da kaskarxeagoa (ahotik kendu, eta pipari begira geratzen da) lehenbizikoa baino, alegia. (Ostera ahoan sartzen du pipa.) Gozoa da orobat, halaz guztiz.

VLADIMIR: Ni banoa.

POZZO: Ezin du gehiago jasan nire presentzia. Ez naiz ni gizakietan gizatiarrena noski, baina aski arrazoi al da hori? (Vladimirri:) Hausnar egizu, behar ez denen bat egin aurretik. Demagun orain abiatzen zarela, oraindik eguna den bitartean, zeren, kontuak kontu, oraindik eguna baita. (Zerura so egiten dute hirurek.) Hori emanik, bada, kasu horretan zera... (pipa ahotik erretiratzen du eta hari begira geratzen)... itzalita nago... (pipa pizten du ostera)... kasu horretan... kasu horretan... zer gertatzen da kasu horretan beste zer horrekin zenuen hitzorduarekin, zera... Godet... Godot... Godin... (isilunea) zera, dena delakoarekin, badakizu nortaz ari naizen, haren esku baitago zure etorkizuna (isilunea) ... epe laburrera, alegia.

ESTRAGON: Arrazoi du.

VLADIMIR: Nola jakin duzu?

POZZO: Hitz egiten dit berriro, horra! Azkenerako, lagun min baietz bilakatu.

ESTRAGON: Zergatik ez ditu uzten lurrean trepetxuak?

POZZO: Ni ere pozik nengoke harekin topo eginik. Zenbat eta jende gehiagorekin topo egin, orduan eta pozagorik ni. Izaki ezdeusenarekin ere ikasi egiten da, aberastu, areago gozatzen da norberaren zorionaz. Zuek zeuek... (arreta handiz begiratzen die, bata bestearen ondoren, biez ari dela garbi uzteko) zuek zeuek, nork daki, onuraren bat ekarriko zenidaten agian.

ESTRAGON: Zergatik ez ditu uzten lurrean trepetxuak?

POZZO: Harrituko nintzateke, hala ere.

VLADIMIR: Galdera bat egiten ari zaizkizu.

POZZO (poz-pozik): Galdera bat? Nork? Zer galdera? (Isilunea.) Oraindik orain Jaunka ari zintzaizkidaten, ikaraz. Orain galdezka hasi zatzaizkidate. Gaizki amaituko da hau.

VLADIMIR (Estragoni): Uste diat adi dagoela.

ESTRAGON (ostera Luckyren inguruan bueltaka hasia): Zer?

VLADIMIR: Orain galde diezaiokek. Erne zagok.

ESTRAGON: Galde zer?

VLADIMIR: Zergatik ez dituen uzten lurrean trepetxuak.

ESTRAGON: Horixe galdetzen zioat neure buruari.

VLADIMIR: Ea ba, beroni galde, baina.

POZZO (zeinak arreta larriz segitu baitu elkarrizketa, galdera airean gal dadin beldurrez): Galdetzen didazu ea zergatik ez dituen lurrean uzten trepetxuak, zuk diozun bezala?

VLADIMIR: Hori da.

POZZO (Estragoni): Zu ere ados?

ESTRAGON (Luckyren inguruan bueltaka beti ere): Foka bat bezala ari da arnaska.

POZZO: Oraintxe erantzungo dizut. (Estragoni.) Baina geldi egon, otoi, urduri jartzen nauzu.

VLADIMIR: Hator hona.

ESTRAGON: Zer dugu?

VLADIMIR: Hitz egin behar dik.

 

Geldi-geldi, bata bestearen kontra, zain geratzen dira.

 

POZZO: Ederki. Hor da mundu guztia? Mundu guztia dago niri so? (Luckyri begiratzen dio; tira egiten du sokatik. Luckyk burua jasotzen du.) So egidak, urde zikina! (Luckyk so egiten dio.) Ederki. (Pipa poltsikoan sartzen du; lurruneztagailu bat atera, eta zintzurra lurruneztatzen du; atzera poltsikoan sartzen du lurruneztagailua; eztarriko marranta kendu, tu egin, ostera ere lurruneztagailua atera, ostera ere zintzurra lurruneztatu, eta atzera poltsikoan sartzen du lurruneztagailua.) Prest nago. Mundu guztia adi? (Luckyri so egiten dio; tira egiten du sokatik.) Aurrera! (Luckyk aurrera egiten du.) Hortxe! (Lucky gelditu egiten da.) Mundu guztia prest? (Hirurei begiratzen die, Luckyri azkena; tira egiten du sokatik.) Bagara? (Luckyk burua jasotzen du.) Ez dut gogoko hutsean mintzatzea. Ea, bada. Ikusagun. (Hausnar egiten du.)

ESTRAGON: Ni banoa.

POZZO: Zer galdetu didazu xuxen?

VLADIMIR: Ea zergatik ez dituen...

POZZO (haserre bizian): Ez eten niri jarduna, gero! (Tartea. Bareago.) Denok batera mintzatzen bagara ez diogu buru emango sekula kontuari. (Tartea.) Zer esaten ari nintzen? (Tartea. Ozenago.) Zer esaten ari nintzen?

 

Zama astun bat garraiatzen duena antzeratzen du Vladimirrek. Pozzo ulertu gabe begira geratzen zaio.

 

ESTRAGON (indartsu): Trepetxuak! (Lucky seinalatzen du hatzaz.) Zergatik? Beti hortxe eutsi. (Abailtzen denarena egiten du, arnaska.) Inoiz ez lurrean utzi. (Eskuak irekitzen ditu; nekeaz arindurik tentetzen da ostera.) Zergatik?

POZZO: Hori zen, beraz. Lehenago esatea zeneukan. Zergatik ez den eroso jartzen? Saia gaitezen argi egiten. Ez du, ausaz, horretarako eskubiderik? Bai. Nahi ez duelako izango da, beraz? Horra arrazoia. Eta zergatik ez du nahi? (Tartea.) Jaunak, oraintxe esango dizuet.

VLADIMIR: Kontuz!

POZZO: Ni inpresionatzearren noski, neurekin gorde dezadan.

ESTRAGON: Nola?

POZZO: Beharbada ez dut xuxen adierazi. Errukia sorrarazi nahi dit, berarengandik bereizteari uko egin diezaiodan. Ez, ez da justu-justu hori.

VLADIMIR: Gainetik kendu nahi duzu?

POZZO: Ziria sartu nahi dit, baina ez du lortuko.

VLADIMIR: Gainetik kendu nahi duzu?

POZZO: Pentsatzen du zamari ona dela ikusirik gogoa egingo zaidala etorkizunean zeregin horretan enplegatzeko.

ESTRAGON: Eta ez duzu asmorik?

POZZO: Egia esan, zerria baino zerriago da gauzak eramaten. Ez du hori bere lanbide.

VLADIMIR: Gainetik kendu nahi duzu?

POZZO: Uste du nekaezina dela ikustean damutu egingo naizela hartutako erabakiaz. Halakoxe burutazio penagarriak darabiltza. Zera, jopu faltan banenbil bezala! (Luckyri so egiten diote hirurek.) Atlas, Jupiterren seme! (Isilunea.) Horra, beraz. Horrenbestez erantzuna eman diot, nik uste, zure galderari. Besterik baduzu? (Lurruneztagailuaren jokoa.)

VLADIMIR: Gainetik kendu nahi duzu?

POZZO: Ohar zaitez beraren lekuan izan nintekeela eta bera nirean. Zoriak hartarako bide eman balu. Nori berea.

VLADIMIR: Gainetik kendu nahi duzu?

POZZO: Hala da, bai. Baina hemendik aire bidali beharrean, aukera bainuen horretarako, hots, zuzen-zuzenean ipurdian ostikoz hemendik uxatu beharrean, hona nola daramadan, halakoxe bihotz onekoa ni, Salbatoreko azokara, han honen truke zerbait aterako dudalakoan. Egia esan, ez da hain erraza honelako izakiak gainetik kentzea. Ondo bidez, akabatzea onena.

 

Lucky negarrez hasten da.

 

ESTRAGON: Negarrez dago.

POZZO: Txakur zaharrek duintasun handiagoa dute. (Bere musuzapia luzatzen dio Estragoni.) Kontsola ezazu, errukia diozunez. (Estragon zalantzan geratzen da.) Tori. (Estragonek musuzapia hartzen du.) Xuka iezazkiozu begiak. Horrela ez da hain abandonatua sentituko.

 

Estragonek zalantzan segitzen du.

 

VLADIMIR: Emadak niri, neuk egingo diat.

 

Estragonek ez du eman nahi musuzapia. Haur keinuak.

 

POZZO: Bizkor, ea. Aurki ez du gehiago negarrik egingo. (Estragon Luckyrengana hurbiltzen da eta hari begiak xukatzeko jarrera hartzen du. Luckyk ostiko bortitz bat jotzen dio berna-hezurrean. Estragonek bertan behera uzten du musuzapia; atzera jauzi egin, eta antzeztokiaren jira egiten du herren-saltoka eta oinazez uluka.) Musuzapia! (Luckyk, maleta-saskiak lurrean utzi, musuzapia jaso, aurrera egin, Pozzori ematen dio; atzera egin, eta maleta-saskiak hartzen ditu ostera.)

ESTRAGON: Zerria! Astoa! (Galtza-barrena jasotzen du.) Deskalabratu egin nau!

POZZO: Esana nizun ez dituela gogoko arrotzak.

VLADIMIR (Estragoni): Ea, erakutsi. (Estragonek zangoa erakusten dio. Pozzori, haserre bizian:) Odoletan dago!

POZZO: Seinale ona da.

ESTRAGON (zango zauritua airean): Ez nauk gehiago ibiltzeko gauza izango!

VLADIMIR (goxo-goxo): Nik eramango haut. (Tartea.) Behartuz gero.

POZZO: Utzi dio negar egiteari. (Estragoni:) Zuk hartu diozu lekua, nolabait esateko. (Ameskiro.) Munduko malkoak kopuru aldaezina dira. Nonbait norbait negarrez hasten den bakoitzeko, beste nonbait beste norbaiten negarra gelditzen da. Gauza bera gertatzen da barrearekin. (Barre egiten du.) Ez dezagun, bada, gaizki esaka jardun gure gizaldiaren aurka, ez da aurrekoak baino zoritxarrekoagoa. (Isilunea.) Ongi esaka ere ez dezagun jardun. (Isilunea.) Ez dezagun jardun batere. (Isilunea.) Egia da populazioak gora egin duela.

VLADIMIR: Saia hadi ibiltzen.

 

Estragon herren-saltoka abiatzen da; Luckyren aurrean gelditu, eta tu egiten du haren gainera; gero, oihala altxatzean eserita zegoen lekura esertzera doa.

 

POZZO: Badakizue nork erakutsi dizkidan gauza ederrok guztiok? (Tartea. Hatza Luckyrenganantz gezi.) Berorrek!

VLADIMIR (zerura begiraturik): Ez ote da inoiz iritsiko gaua?

POZZO: Beronengatik izan ez balitz, nire pentsamendu eta sentimendu guztiek beti bezain kaxkar izaten jarraituko zuten, nire lanbidearekin zera... ez dio axola. Edertasuna, grazia, egia guztiz bikaina, ez banekien ni ez nintzela horretarako gai. Orduan knuk bat hartu nuen.

VLADIMIR (gogoz bestera, zerua aztertzeari utzirik): Knuk bat?

POZZO: Aurki hirurogei urte izango dira... (buruz kalkulatzen du) ... bai, aurki hirurogei egingo ditu. (Harro-harro tenteturik.) Ez dut ematen hain zaharra, ezta? (Vladimirrek Luckyri so egiten dio.) Beronen ondoan gizon gazte baten itxura dut, ez da hala? (Tartea. Luckyri.) Kapelua! (Luckyk saskia lurrean uzten du eta kapelua eranzten. Adats zuri luze bat erortzen zaio aurpegiaren inguruan. Kapelua besapean sartu, eta saskia hartzen du ostera.) Orain, begira. (Pozzok bere kapelua eranzten du. Zeharo burusoila da. Atzera janzten du kapelua.) Ikusi duzue?

VLADIMIR: Zer da knuk bat?

POZZO: Zuek ez zarete hemengoak. Mende honetakoak zarete, bederen? Garai batean bufoiak edukitzen ziren. Orain, berriz, knukak. Horretako modurik dutenek.

VLADIMIR: Eta orain gainetik kendu nahi duzu? Halako zerbitzari zaharra, halako leiala.

ESTRAGON: Kaka zaharra!

POZZO gero eta egonezin handiagoan.

VLADIMIR: Zukua ongi atera eta gero bota egin nahi duzu zera bezala... (hitza bilatzen du) ...banana-azal bat bezala. Aitor ezazu ezen...

POZZO (intzirika, eskuak burura eramanik): Ezin dut gehiago... gehiago jasan... zer egiten duen... ez dago esaterik... ikaragarria da... bistatik kendu behar dut... (besoei eragiten die airean) ... zoratzeko zorian nago. (Hondoratu egiten da, burua beso artean.) Ezin dut gehiago... gehiago ezin...

 

Isilunea. Pozzori begira daude guztiak. Lucky ikaraz.

 

VLADIMIR: Ezin dik gehiago.

ESTRAGON: Ikaragarria duk.

VLADIMIR: Zoratzeko zorian duk.

ESTRAGON: Jasangaitza, benetan.

VLADIMIR (Luckyri): Nola zara kapaz? Lotsagarria da! Halako nagusi ona! Horrela sufriaraztea, gero! Hainbeste urteren buruan! Izan ere!

POZZO (zotinka): Garai batean... jator-atsegina zen... lagundu egiten zidan... denbora pasatzen... gizon hobea izaten... orain... hil egin nahi nau...

ESTRAGON (Vladimirri): Aldatu egin nahi al du?

VLADIMIR: Nola?

ESTRAGON : Ez diat ulertu ea ordezkatu nahi duen ala ez duen gehiago deus jakin nahi berarekin.

VLADIMIR: Ez diat uste.

ESTRAGON: Nola?

VLADIMIR: Ez zakiat.

ESTRAGON: Galdetu beharko.

POZZO (bareturik): Jaunak, ez dakit zer gertatu zaidan. Barkamena eskatzen dizuet. Ahantz ezazue guztia. (Gero eta bere buruaren jabeago.) Ez dakit oso ondo zer esan dudan, baina ziur egon zaitezkete ez zela egiazko hitzik alerik ere guztian. (Tente-tente jarri eta bere bularra joka hasten da.) Sufriaraz dakiokeen gizon baten itxura dut nik, ala? Baita zera ere! (Poltsiko barrenetan arakatzen du.) Zer egin ote dut nik piparekin?

VLADIMIR: Ederra arrastia.

ESTRAGON: Ahantzezina.

VLADIMIR: Eta ez duk amaitu.

ESTRAGON: Hala zirudik.

VLADIMIR: Hasi baino ez duk egin.

ESTRAGON: Izugarria duk.

VLADIMIR: Ikuskizunean bageunde bezala duk.

ESTRAGON: Zirkuan.

VLADIMIR: Music-hallean.

ESTRAGON: Zirkuan.

POZZO: Non sartu ote dut nik, ordea, neure txilar-adarra!

ESTRAGON: Hau da, hau, barregarria! Bere piporroa galdu dik! (Zaratatsu egiten du barre.)

VLADIMIR: Berehala natorrek. (Hegalerantz jotzen du.)

ESTRAGON: Dena zuzen eta gero ezkerretara.

VLADIMIR: Gorde iezadak lekua. (Irten egiten da.)

POZZO: Neure Abdullah kuttuna galdu dut!

ESTRAGON (barrez leherturik): Barrez hilko naik!

POZZO (burua jasorik): Ez zenuen menturaz ikusiko... (Vladimirren absentziaz ohartu, eta jota geratzen da.) Oh! Alde egin du!... Gero-arterik ere gabe! Ez da gisa! Eutsiarazi egin behar zenion.

ESTRAGON: Bere gisa eutsi dio.

POZZO: Oh! (Tartea.) Ordu onean.

ESTRAGON (zutiturik): Zatoz honantz.

POZZO: Zertarako?

ESTRAGON: Ikusiko duzu.

POZZO: Altxa nadin nahi duzu?

ESTRAGON: Zatoz... zatoz... bizkor.

 

Zutitu, eta Estragonenganantz doa Pozzo.

 

ESTRAGON: Begira!

POZZO: Hara, hara!

ESTRAGON: Kito.

 

Vladimir itzultzen da, goibel. Luckyri bultza egiten dio pasatzean; aulkia iraultzen du ostikoz; harat-honat dabil, egonezinez.

 

POZZO: Ez dago pozik?

ESTRAGON: Egundoko zerak galdu dituk. Sentitzen diat.

 

Vladimir gelditu egiten da. Aulkia jaso, eta bere harat-honatari ekiten dio ostera, bareago.

 

POZZO: Baretzen ari da. (Ingurubira guztian begiratuz.) Izan ere, dena baretzen ari da, giroan nabari dut. Bake handi bat ari du. Entzun. (Eskua jasotzen du.) Pan lo datza.

VLADIMIR (gelditurik): Ez ote da inoiz iritsiko gaua?

 

Zerura begira geratzen dira hirurak.

 

POZZO: Ez duzue lehenago abiatzeko asmorik?

ESTRAGON: Ba... Ulertuko duzunez...

POZZO: Normala da guztiz noski, guztiz normala. Ni neu, zuen lekuan, zerarekin hitzordua banu... Godin... Godet... Godot... dena delakoarekin, badakizue nortaz ari naizen, zera, gaua ondo gautu arte itxarongo nuke etsi aurretik. (Aulkiari so egiten dio.) Gustura eseriko nintzateke berriro, baina ez baitut asmatzen modu egokirik.

ESTRAGON: Laguntzea nahi?

POZZO: Eskatuko bazenit, agian?

ESTRAGON: Zer?

POZZO: Berriro eser nadin eskatuko bazenit.

ESTRAGON: Horrek lagunduko lizuke?

POZZO: Baietz uste dut.

ESTRAGON: Ea ba. Eser zaitez berriro, jauna, otoi.

POZZO: Ez, ez, ez du merezi. (Tartea. Ahots apalez.) Eska iezadazu ostera ere.

ESTRAGON: Baina, baina, ez zaitez hor zutik egon, arren, hotzak joko zaitu eta.

POZZO: Zuk uste?

ESTRAGON: Inolako dudarik gabe, gainera.

POZZO: Arrazoi duzu noski. (Eseri egiten da.) Milesker, lagun maitea. Hona neure lekuan berriro. (Estragon eseri egiten da. Pozzok bere erlojuari begiratzen dio.) Baina tenore da lagunarte hau utz dezadan, berandutuko ez bazait.

VLADIMIR: Denbora gelditu egin da.

POZZO (erlojua belarriaren kontra jarririk): Ez dezazula pentsa, jauna, ez dezazula pentsa. (Erlojua poltsikoan sartzen du atzera.) Nahi duzun guztia, baina hori ez.

ESTRAGON (Pozzori): Beltz ikusten du guztia gaur.

POZZO: Ortzia izan ezik. (Barre egiten du, ateraldiaz pozik.) Lasai hartu, iritsiko da. Baina badakit zer gertatzen den, zera, zuek ez zarete hemengoak, zuek ez dakizue oraindik zerik den iluntzea gurean. Nahi duzue esatea? (Isilunea. Estragon eta Vladimir ostera ari dira aztertzen, lehenak bere oinetakoa, besteak bere kapelua. Luckyren kapelua erori egiten da, hura konturatzeke.) Gustua emango dizuet, bada. (Lurruneztagailuaren jokoa.) Arreta pixka bat, mesedez. (Estragon eta Vladimirrek beren zerean jarraitzen dute; Lucky erdi lo dago. Pozzok klask eragiten dio zartailuari, baina oso hots ahula baino ez du ateratzen.) Zer du zartailu honek? (Zutitu, eta indartsuago eragiten dio zartailuari, klask ozena aterarik azkenean. Luckyk jauzi-ikara bat egiten du. Estragonen oinetakoa, Vladimirren kapelua, eskuartetik erortzen zaizkie. Pozzok bertan behera botatzen du zartailua.) Ezertarako ere ez du balio dagoeneko, zartailu honek. (Bikoteari so egiten dio.) Zer esaten ari nintzen?

VLADIMIR: Alde egin dezagun.

ESTRAGON: Ez geratu horrela zutik baina, hotzak akabatuko zaitu eta.

POZZO: Egia da. (Eseri egiten da ostera. Estragoni:) Nola duzu izena?

ESTRAGON (hitzetik hortzera): Katulo.

POZZO (erantzuna entzuteke): Ah bai, gaua. (Burua jasotzen du.) Baina saia zaitezte arreta handixeagoa jartzen, bestela ez gara inoiz ezertara iritsiko. (Zerura so egiten du.) Begira. (Denek so egiten dute zerura, Lucky izan ezik, lokulunkan murgildu baita ostera ere. Pozzok, horretaz oharturik, tira egiten du sokatik.) Begiratuko al duk ba zerura, zerria! (Luckyk burua gorantz itzultzen du.) Tira, aski da. (Burua apaltzen dute.) Zer du hain apartekorik? Zeru gisa, alegia. Zurbil eta argitsua da, egunaren ordu honetan zeinahi ere zeru bezala. (Tartea.) Latitude hauetan. (Tartea.) Eguraldi ederra denean. (Kantari bilakatzen zaio ahotsa.) Duela ordubete (erlojuari begiratzen dio; doinu prosaikoa) gutxi gorabehera (doinu lirikoan abian berriro) gugana zera (zalantza egiten du; doinuak behera egiten du) goizeko hamarretatik, demagun (gora eta gora doa doinua) ahulaldirik gabe zuri-gorrizko bere argi-jarioa isuri ondoren, bere distira galtzen hasia da, zurbiltzen (bi eskuak behera eginez doaz zatika, mekanismo bat antzeratuz) zurbiltzen, gero eta zurbilagotzen, apurka-apurka, harik eta (pausa dramatikoa; bi eskuak horizontalki zabaltzen dira, elkarrengandik bereiziz) braust! kito! zirkinik ere ez! (Isilunea.) Baina (eskua goratzen du, gaztigu gogor bat emateko bezala) ...baina, gozo eta baretasun estalki horren atzetik gaua dator lauoinka eta gure gainera jauzi egingo du (hatzei kriskitin eragiten die) plaust! horrela... (etorriak huts egiten dio) gutxien espero dugun unean. (Isilunea. Ahots itzala.) Horrelaxe dira kontuak lur puta honetan.

 

Isilune luzea.

 

ESTRAGON: Aurrez jakitun garenez.

VLADIMIR: Patxadan itxaron dezakegu.

ESTRAGON: Jakinaren gainean gaude.

VLADIMIR: Ez da zer larriturik.

ESTRAGON: Itxaron besterik ez.

VLADIMIR: Ohiturik gaude horretara. (Kapelua jasotzen du; barruan begiratu, astindu, eta jantzi egiten du ostera.)

POZZO: Nola aurkitu nauzue? (Estragon eta Vladimirrek ulertzeke begiratzen diote.) On? Tarteko? Baleko? Halamoduzko? Zinez txar?

VLADIMIR (lehenbizi ulerturik): Oh, ongi oso, oso ere ongi.

POZZO (Estragoni): Eta zuk, jauna?

ESTRAGON (maneratuki): Oh, edegki, agas edegki.

POZZO (bero-bero): Milesker animoongatik, jaunak! (Tartea.) Dena beharrean nago, izan ere. (Hausnar egiten du.) Ahulalditxo bat izan dut amaiera aldera. Ez zarete ohartu?

VLADIMIR: Oh, apur-apurtxoren bat beharbada.

ESTRAGON: Apropos egin duzula pentsatu dut.

POZZO: Zera, oroimenaren akatsa.

 

Isilunea.

 

ESTRAGON: Esperoan, deus ez da gertatzen.

POZZO (sentipenak jota): Aspertu egiten zara?

ESTRAGON: Beinke.

POZZO (Vladimirri): Eta zu, jauna?

VLADIMIR: Denbora-pasa hobeak ezagutu ditut.

 

Isilunea. Pozzok barne-borrokan dihardu.

 

POZZO: Jaunak, zera izan zarete nirekiko... (hitza bilatzen du) ... gizabidetsuak.

ESTRAGON: Ez ba!

VLADIMIR: Hori burutazioa!

POZZO: Baietz ba, baietz ba, zuzen jokatu duzue. Hargatik neure buruari galdetzen diot... ea ordainetan zer egin dezakedan horrela aspertzen ari diren jende jatorron alde.

ESTRAGON: Ontza urre bat ez letorke gaizki, besterik ezean.

VLADIMIR: Ez gara eskaleak.

POZZO: Zer egin ote dezaket, horra zer ari naizen neure artean, denbora aiseago pasa dezaten? Hezurrak eman dizkiet, honetaz eta hartaz hitz egin diet, ilunabarra azaldu diet, begien bistan da. Bego hori guztia. Aski ote da, ordea?, horra zerk torturatzen nauen, aski ote da hori?

ESTRAGON: Ehun sos bederen.

VLADIMIR: Ixo!

ESTRAGON: Ni banoak hemendik.

POZZO: Aski ote? Dudarik gabe. Baina eskuzabala naiz. Halakoa naiz izatez. Gaurko egunean. Hainbat okerrago niretzat. (Tira egiten du sokatik. Luckyk so egiten dio.) Zeren sufritu behar baitut, ziur da hori. (Zutitu gabe, makurtu, eta zartailua jasotzen du.) Zer duzue nahiago? Dantza egin dezala, kanta dezala, errezita dezala, pentsa dezala, zera egin dezala...

ESTRAGON: Nork?

POZZO: Nork! Badakizue pentsatzen, zuek biok?

VLADIMIR: Pentsatu egiten du?

POZZO: Bai horixe. Ozenki, gainera. Ez dakizue nolako ederki pentsatzen zuen garai batean, orduak eta orduak egoten nintzen berari adi. Orain, berriz... (Dardara egiten du.) Tira, zer egingo zaio. Hortaz, guretzat zerbait pentsa dezala nahi duzue?

ESTRAGON: Aukeran nahiago nuke dantza egingo balu, dibertigarriago litzateke.

POZZO: Ez nahitaez.

ESTRAGON: Ez al da egia, Didi, dibertigarriagoa litzatekeela?

VLADIMIR: Gustura entzungo nikek nola pentsatzen duen.

ESTRAGON: Ezingo al luke aurrena dantza egin eta gero pentsatu? Gehiegi eskatzea ez bada.

VLADIMIR (Pozzori): Posible da?

POZZO: Bai noski, inolako eragozpenik gabe. Izan ere, horixe da ordena naturala. (Barre laburra.)

VLADIMIR: Dantza egin dezala da.

 

Isilunea.

 

POZZO (Luckyri): Aditzen duk?

ESTRAGON: Ez du inoiz uko egiten?

POZZO: Berehalaxe azalduko dizuet hori. (Luckyri:) Egik dantza, zorrizto!

 

Lucky, maleta-saskiak lurrean utzi, aurrealderantz egin apur bat, eta Pozzorengana jiratzen da. Estragon zutitu egiten da, hobeki ikusteko. Luckyk dantza egiten du. Gelditu egiten da.

 

ESTRAGON: Kito?

POZZO: Segi!

 

Luckyk mugimendu berak errepikatzen ditu; gelditu egiten da.

 

ESTRAGON: Ederki, gero, zerria! (Luckyren mugimenduak antzeratzen ditu.) Neronek ere egingo nuke horrenbeste. (Imitatzen du; ia-ia erortzen da; atzera esertzen da.) Entrenamendu pixka batekin.

VLADIMIR: Nekaturik dago.

POZZO: Garai batean, bazekien dantzatzen sautrela, kontrapasa, branlea, jiga, fandangoa eta are hornpipea. Lirain asko jasotzen zituen hankak. Orain horretarako baino ez da gauza. Badakizue nola deitzen dion?

ESTRAGON: Argizainaren heriotza.

VLADIMIR: Agureen minbizia.

POZZO: Sare-dantza. Sare batean gatibatua dagoela uste du.

VLADIMIR (esteta baten gisa bihurri-mihurrika): Bada hor zerbait...

 

Luckyk bere zamen bila itzultzera egiten du.

 

POZZO: Eup!

 

Lucky geldi-geldi geratzen da.

 

ESTRAGON: Ez du inoiz uko egiten?

POZZO: Oraintxe azalduko dizuet kontu hori. (Poltsiko barrenak arakatzen ditu.) Itxaron. (Arakatzen darrai.) Zer egin dut nik neure txermenarekin? (Arakatzen darrai.) Arraioa! (Burua jasotzen du, zurturik. Ahots hilzorikoz.) Galdu egin dut flis-flisa!

ESTRAGON (hilzoriko ahotsez): Nire ezker birika ahula da oso. (Eztula egiten du ahulki. Ahots trumoitsuz.) Baina nire eskuin birika primeran dago!

POZZO (ahots normala): Hor konpon, gabe moldatuko naiz. Zer ari nintzen esaten? (Hausnar egiten du.) Itxaron! (Hausnar egiten du.) Arraioa! (Burua jasotzen du.) Lagundu!

ESTRAGON: Bilatzen ari naiz.

VLADIMIR: Ni ere bai.

POZZO: Itxaron!

 

Hirurek batera eranzten dute kapelua; eskua bekokira daramate; kontzentratu egiten dira, aurpegiak kizkur. Isilune luzea.

 

ESTRAGON (garaipen bozkarioz): Horratx!

VLADIMIR: Gogoratu zaio.

POZZO (egonezinez): Eta?

ESTRAGON: Zergatik ez ditu bere trepetxuak lurrean uzten?

VLADIMIR: Hau martxa!

POZZO: Ziur zaude?

VLADIMIR: Hau da hau!, ez al diguzu ba dagoeneko esan?

POZZO: Esan al dizuet dagoeneko?

ESTRAGON: Esan al digu dagoeneko?

VLADIMIR: Gainera, utzi egin ditu.

ESTRAGON (Luckyrenganantz luzatuz begia): Egia duk. Eta?

VLADIMIR: Utzi dituenez, ezinezkoa da guk galdetu izana zergatik ez dituen uzten.

POZZO: Sendoa arrazoia!

ESTRAGON: Eta zergatik utzi ditu?

POZZO: Horratx galdera.

VLADIMIR: Dantza egiteko.

ESTRAGON: Egia duk.

 

Isilune luzea.

 

ESTRAGON (zutiturik): Deus ez da gertatzen, inor ez dator, inor ez doa, ikaragarria da.

VLADIMIR (Pozzori): Esaiozu pentsatzeko.

POZZO: Emaiozu bere kapelua.

VLADIMIR: Bere kapelua?

POZZO: Ez daki pentsatzen bere kapelurik gabe.

VLADIMIR (Estragoni): Emaiok bere kapelua.

ESTRAGON: Nik? Egin didana egin eta gero? Ezta pentsatu ere!

VLADIMIR: Neuk emango diot ba. (Ez da mugitzen.)

ESTRAGON: Bila joan dadila.

POZZO: Inork ematea hobe.

VLADIMIR: Eman egingo diot.

 

Kapelua jaso eta Luckyri luzatzen dio, besoa luze-luze. Lucky ez da mugitzen.

 

POZZO: Jantzi egin behar zaio.

ESTRAGON (Pozzori): Esaiozu berak hartzeko.

POZZO: Inork janztea hobe.

VLADIMIR: Jantzi egingo diot.

 

Kontu handiz ematen du buelta Luckyren ingurutik; atzetik hurbildu poliki-poliki, kapelua buruan ezarri, eta atzera egiten du bizi-bizi. Lucky ez da mugitzen. Isilunea.

 

ESTRAGON: Zeren zain dago?

POZZO: Urrun zaitezte. (Estragon eta Vladimir Luckyrengandik urruntzen dira. Pozzok tira egiten du sokatik. Luckyk so egiten dio.) Pentsa ezak, urde zikin! (Tartea. Lucky dantzan hasten da.) Geldi hor! (Lucky gelditu egiten da.) Aurrera! (Lucky Pozzorenganantz doa.) Hortxe! (Lucky gelditu egiten da.) Pentsa ezak! (Tartea.)

LUCKY: Bestetik, zerari dagokionez, alegia...

POZZO: Geldi! (Lucky isildu egiten da.) Atzera! (Luckyk atzera egiten du.) Hortxe! (Lucky gelditu egiten da.) Jira! (Lucky publikorantz itzultzen da.) Pentsa ezak!

LUCKY (jardun betibatekoz): Zorroztegi eta Wattmannek plazaratu berri dituzten lanek izapidetzen eta ezaugarritzen duten Jainko mota egietsirik hots Jainko pertsonal kuakuakuakua bizar-zuri kuakua zeinak jarraipenezko denboratik at bere apatia eta bere atanbia eta bere afasia jainkozkotik ontsa maite baikaitu salbuespenak salbuespen ez dakigu zergatik baina argituko da halakoren batean eta sufritzen baitu Miranda jainkozkoak antzo ez dakigu zergatik baina astia dago suzko oinazetan daudenekin su minetan kasu non sugarrek oraindik apur bat irautera eta

 

Estragon eta Vladimir adi-adi. Pozzo lur jota, atsekabeturik.

 

          ez da dudarik iraunen dutela azkenean habeak ere sutan jarriko baitituzte alegia infernua ekarri laino tarteka are egun hain urdin eta bareei hain lasai non tarteka baino ez agertuagatik ez baita esker txarragoz eskertzen lasaitasun hori baina goazen astiro eta kontuan harturik bestetik ezen amaitu gabeko ikerketen ondorioz goazen astiro amaitu gabeko baina hala ere Bastida-Basaburuko Antropopopometria-Akakakakademiak koroaturiko Kozkorreta eta Izorrategiren ikerketen ondorioz behin betiko finkatu da giza kalkuluak fidagarri direino ezen

 

Estragon eta Vladimir estreinakoz marmarka. Pozzo gero eta ezin jasan handiagoz.

 

          Kozkorreta eta Izorrategiren ikerketa amaitugabe amaitugabeen ondorioz behin-betiko tiko tiko finkatu dela ondorengo hau hots baina goazen astiro ez dakigu zergatik Zorroztegi eta Wattmannen lanen ondorioz hain argi ere garbi ageri den ezen Fartov eta Kutunen obra amaitugabe amaitugabeen argitan ez dakigula zergatik Kozkorreta eta Izorrategi amaitugabe amaitugabeetatik ageri den ezen gizona aurkako iritziaren aurka ezen Kozkorreta eta Izorrategiren baitako gizona ezen gizona azken finean tira ezen gizona tira azken finean elikaduraren eta hondakinen deuseztapenaren aurrerabidea gora-behera argaltzeko zorian dela eta aldi berean paraleloki ez dakigu zergatik kultura fisikoak eta

 

Estragon eta Vladimir baretu egiten dira; adi daude berriro. Pozzo gero eta larriago, intziri eta guzti.

 

          kirolen praktikak jo duten gorakada gora-behera hala nola hala nola futbola oinez zein bizikletazko lasterketa igeriketa ekitazioa abiazioa konazioa tenisa arrauna izotz zein belar gaineko patinatzea tenisa abiazioa kirolak kirolak negu uda udazken udazkenekoak tenisa belar zein pinu zein lur astindu gainean abiazioa tenisa hockeya lur gainean itsaso gainean eta airean penizilina eta ordezkoak tira natorren harira aldi berean eta paraleloki berriro diot ez dakigu zergatik tenisa gora-behera natorren harira abiazioa golfa bai bederatzi eta bai hemezortzi zulotara izotz gaineko tenisa tira ez dakigu zergatik Goierrian Txoriherrian Usategietan Usandon hots aldi berean paraleloki ez dakigu argaltzetik mehartzetik natorren harira Usando Usategieta tira buru bakoitzeko batez-besteko galera gai lehorrez doitua Elhuyarren heriotzatik hona bi hatz berrehun gramo ingurukoa izaki buru bakoitzeko batez-beste gutxi gorabehera zifra biribiletan pisu jator biluzia Gernikan ez dakigu zergatik

 

Vladimir eta Estragon kexuka ozenki. Pozzo jauzi batez zutitzen da; tira egiten du sokatik. Denek oihu egiten dute. Luckyk tira egiten du sokatik; behaztopo egiten du; uluka hasten da. Denek salto egiten dute Luckyren gainera. Luckyk borroka egiten du, testua ulukatuz.

 

          tira azken finean bost axola horra datu gordinak eta kontuan harturik bestetik are larriago baita frogatutzat jo daitekeela are larriago baita ezen Steinweg eta Petermannen jarduneango esperientzien argi argitara frogatutzat jo daitekeela are larriago baita Steinweg eta Petermannen esperientzia abandonatuen argi argitara ezen landaldean mendian eta itsasoaren nahiz ur zein suzko ibaien ertzean airea bera dela eta lurra alegia airea eta lurra hotz handiengatik airea eta lurra harrientzat eginak hotz handiengatik ondikoz beren aroaren zazpigarrenean eterra lurra itsasoa hondo handiengatik hotz handiengatik harrientzat eginak itsas gainean lur gainean eta airean gozagaitz natorren harira ez dakigu zergatik tenisa gora-behera horra datu gordinak ez dakigu zergatik natorren harira hurrena burua tira azken finean ondikoz hurrena harrientzat nork jarriko du zalantzan natorren harira baina goazen astiro natorren harira burua aldi berean paraleloki ez dakigu zergatik tenisa gora-behera hurrena bizarra sugarrak negarrak harriak hain urdin hain bareak ondikoz burua burua burua burua Gernikan tenisa gora-behera obra abandonatuak amaitugabeak larriago harriak tira natorren harira ondikotz ondikotz abandonatuak amaitugabeak burua burua Gernikan tenisa gora-behera burua ondikotz harriak Izorrategi Izorrategi... (Borrokan trabatzen dira guztiak. Luckyk oraindik zenbait deiadar saiatzen ditu.) Tenisa!... Harriak!... Hain bareak!... Izorrategi!... Amaitugabeak!...

POZZO: Kapelua!

 

Vladimirrek Luckyren kapelua harrapatzen du; Lucky isildu egiten da eta erori. Isilune handia. Garaileen arnaska.

 

ESTRAGON: Mendekaturik nago.

 

Vladimir Luckyren kapeluari begira geratzen da; barnean so egiten du.

 

POZZO: Emadazu hori! (Eskuetatik kentzen dio kapelua Vladimirri; lurrera bota, eta jauzi egiten du gainean.) Horrela ez du gehiago pentsatuko.

VLADIMIR: Baina asmatuko ote du bidea?

POZZO: Nik erakutsiko diot bidea. (Ostikoz jotzen du Lucky.) Zutik! Urde zikina!

ESTRAGON: Hilda ote dagoen.

VLADIMIR: Hil egingo duzu.

POZZO: Zutik! Haratustel! (Tira egiten du sokatik; Lucky apur bat irristatzen da. Estragon eta Vladimirri:) Lagun egidazue.

VLADIMIR: Nola. Ordea?

POZZO: Jaso ezazue lurretik!

 

Estragon eta Vladimirrek zutik jartzen dute Lucky; une batez eutsi, eta askatu egiten dute. Erori egiten da ostera.

 

ESTRAGON: Nahita egiten du.

POZZO: Eutsi egin behar zaio zutik. Ea, ea, jaso ezazue!

ESTRAGON: Ni kokoteraino nago.

VLADIMIR: Ea, saia gaitezen beste behin.

ESTRAGON: Norekin ari dela uste du?

VLADIMIR: Ea.

 

Zutik jartzen dute Lucky, eta hala eusten.

 

POZZO: Ez jaregin! (Estragon eta Vladimirrek balantxa egiten dute.) Ez higi! (Pozzo maleta-saskiak jasotzera doa eta Luckyrenganantz daramatza.) Eutsi gogor! (Maleta Luckyren eskuan paratzen du; hark bertan behera uzten du.) Ez jaregin! (Berriro hasten da. Pixkanaka, maletarekiko kontaktuan, bere onera dator Lucky, eta azkenerako haren hatzek zeharo heltzen diote eskutokiari.) Eutsi hortxe! (Joko bera saskiarekin.) Kito, jaregin dezakezue. (Estragon eta Vladimir apartatu egiten dira Luckyrengandik; Lucky behaztopatu egiten da, balantxa egin, abaildu, baina zutik dirau, maleta-saskiak eskuan. Pozzok atzera egiten du; zartailuari klask eragiten dio.) Aurrera! (Luckyk aurrera egiten du.) Atzera! (Luckyk atzera egiten du.) Jira! (Lucky jiratu egiten da.) Horratx, ibiltzeko moduan da berriz. (Estragon eta Vladimirrenganantz jiratuz.) Milesker, jaunak, eta uztazue... (poltsiko barrenetan arakatzen du) ...opatzen... (arakatzen du) ...opatzen... (arakatzen du) ...non sartu ote dut nik, ordea, erlojua? (Arakatzen du.) Arraioa! (Burua jasotzen du, porrot eginik.) Antigoaleko ordulari jator-jator horietako bat, jaunak, segundoak xaltoka dabiltzan horietakoa. Aitajauna zenak emana. (Arakatzen du.) Erori egingo zitzaidan beharbada. (Lurrean bilatzen du, Vladimirrek eta Estragonek laguntzen diotela. Pozzok oinarekin Luckyren kapeluaren hondakinak iraultzen ditu.) Horra, esaterako.

VLADIMIR: Beharbada sakelan izango duzu.

POZZO: Itxaron! (Gerria zeharo makurtzen du; burua sabelera hurbildu eta adi jartzen da.) Ez dut deus entzuten! (Hurbiltzeko keinua egiten die.) Zatozte, ea. (Estragon eta Vladimir, hurbildu, eta Pozzoren sabelaldera makurtzen dira. Isilunea.) Tik-taka entzun behar litzateke noski.

VLADIMIR: Ixo!

 

Adi geratzen dira denak, makurturik.

 

ESTRAGON: Zerbait entzuten dut.

POZZO: Non?

VLADIMIR: Bihotza da.

POZZO (ustea zapuzturik): Kaka zaharra!

VLADIMIR: Ixo!

 

Adi geratzen dira.

 

ESTRAGON: Gelditu egingo zen beharbada.

 

Tentetu egiten dira.

 

POZZO: Zuetariko nork du halako usain txarra?

ESTRAGON: Honi ahotik dario kiratsa, niri oinetatik.

POZZO: Utzi egingo zaituztet.

ESTRAGON: Eta zure ordularia?

POZZO: Jauregian utziko nuen.

ESTRAGON: Adio, beraz.

POZZO: Adio.

VLADIMIR: Adio.

ESTRAGON: Adio.

 

Isilunea. Inor ez da mugitzen.

 

VLADIMIR: Adio.

POZZO: Adio.

ESTRAGON: Adio.

 

Isilunea.

 

POZZO: Eta milesker.

VLADIMIR: Milesker zuri.

POZZO: Ez da zerik.

ESTRAGON: Bai noski.

POZZO: Ez noski.

VLADIMIR: Bai noski.

ESTRAGON: Ez noski.

 

Isilunea.

 

POZZO: Kosta egiten zait... (zalantzan) ...alde egiten.

ESTRAGON: Halaxe da bizitza.

 

Pozzo jiratu egiten da eta Luckyrengandik aldentzen, hegalerantz, urrundu ahala soka largatuz.

 

VLADIMIR: Noranzko okerrean zoaz.

POZZO: Abiada hartu behar dut. (Sokaren azken muturreraino iritsirik, hots, hegaleraino, gelditu egiten da; jiratu, eta oihuka hasten da.) Kendu paretik! (Estragon eta Vladimir atzean kokatzen dira; Pozzorenganantz begiratzen dute. Zartailu hotsa.) Aurrera! (Lucky ez da mugitzen.)

ESTRAGON: Aurrera!

VLADIMIR: Aurrera!

 

Zartailu hotsa. Lucky martxan jartzen da.

 

POZZO: Bizkorrago! (Hegaletik irteten da; antzeztokia zeharkatzen du Luckyren atzetik. Estragonek eta Vladimirrek kapeluak eranzten dituzte eta eskuari ezker-eskuin eragiten agurka. Lucky antzeztokitik irteten da. Pozzok klask eragiten die sokari eta zartailuari.) Bizkorrago! Bizkorrago! (Bera ere antzeztokitik desagertzeko unean, Pozzo gelditu egiten da eta jiratzen. Soka tenkatu egiten da. Lucky erortzearen hotsa.) Aulkia! (Vladimir aulkiaren bila doa eta Pozzori ematen dio; Pozzok Lucky dagoen alderantz jaurtitzen du.) Adio!

ESTRAGON, VLADIMIR (eskua ezker-eskuin agurka): Adio! Adio!

POZZO: Zutik! Urde zikina! (Lucky altxatzearen hotsa.) Aurrera! Aurrera! (Pozzo antzeztokitik irteten da. Zartailu hotsa.) Adio! Bizkorrago! Urde zikina! Arri! Adio!

 

Isilunea.

 

VLADIMIR: Denbora-pasa ederra egokitu zaigu.

ESTRAGON: Pasatuko zuan hori gabe ere.

VLADIMIR: Bai. Baina mantsoago.

 

Tartea.

 

ESTRAGON: Zer egingo dugu orain?

VLADIMIR: Ez zakiat.

ESTRAGON: Goazemak hemendik.

VLADIMIR: Ezin diagu.

ESTRAGON: Zergatik?

VLADIMIR: Godoten esperoan gaudek.

ESTRAGON: Egia duk.

 

Tartea.

 

VLADIMIR: Izugarri aldatu dituk aspaldion.

ESTRAGON: Nortzuk?

VLADIMIR: Horiek biok.

ESTRAGON: Hori duk, solasean ari gaitezen pixka batean.

VLADIMIR: Ez al deritzok izugarri aldatu direla?

ESTRAGON: Balitekek. Hemen hi eta biok gaituk horretan zertzen ez garenak.

VLADIMIR: Balitekeela? Halaxe duk. Ongi ikusi dituk?

ESTRAGON: Hala izango duk. Baina nik ez ditiat ezagutzen.

VLADIMIR: Bai ba, ezagutzen dituk.

ESTRAGON: Ez ba.

VLADIMIR: Ezagutzen ditugula ba. Dena ahazten duk. (Tartea.) Non eta ez diren berak.

ESTRAGON: Garbi zagok, ez gaitiztek-eta ezagutu.

VLADIMIR: Horrek ez dik ezer esan nahi. Nik neuk ere itxura egin diat ez ditudala ezagutu. Eta, gainera, gu ere sekula ez gaitik inork ezagutzen.

ESTRAGON: Aski! Hemen behar dena... Otx! (Vladimirrek ez du zirkinik egiten.) Otx!

VLADIMIR: Non eta ez diren berak.

ESTRAGON: Didi! Beste oina duk! (Herren-saltoka doa oihala altxatzean eserita zegoeneko lekurantz.)

MUTILA (hegaletik): Jauna!

 

Estragon gelditu egiten da. Biak geratzen dira ahotsa etorri den alderantz begira.

 

ESTRAGON: Lehena berriz ere.

VLADIMIR: Hurbildu, txiki.

 

Mutil gazte bat sartzen da, beldurti. Gelditu egiten da.

 

MUTILA: Alberto jauna?

VLADIMIR: Ni nauk.

ESTRAGON: Zer nahi duk?

VLADIMIR: Hator honantzago.

 

Mutila ez da mugitzen.

 

ESTRAGON (bortizki): Honantzago etortzeko!

 

Mutilak beldurti egiten du aurrera; gelditu egiten da.

 

VLADIMIR: Zer da kontua?

MUTILA: Zera, Godot jauna... (Isildu egiten da.)

VLADIMIR: Bistan duk. (Tartea.) Hator honantzago.

 

Mutila ez da mugitzen.

 

ESTRAGON (bortizki): Honantzago etortzeko ba! (Mutilak beldurti egiten du aurrera; gelditu egiten da.) Zergatik hator hain berandu.

VLADIMIR: Godot jaunaren mandatu bat dakark?

MUTILA: Bai, jauna.

VLADIMIR: Tira ba, mintza hadi.

ESTRAGON: Zergatik hator hain berandu?

 

Mutilak txandaka so egiten die biei, zer erantzun ez dakiela.

 

VLADIMIR (Estragoni): Utziok bakean.

ESTRAGON (Vladimirri): Uztak hik bai niri bakean. (Aurrera eginez, mutilari:) Badakik zer ordu den?

MUTILA (atzera eginez): Ez da nire errua, jaunak!

ESTRAGON: Nirea ote da, ausaz?

MUTILA: Beldur nintzen, jauna.

ESTRAGON: Noren beldur? Gure beldur? (Tartea.) Erantzun!

VLADIMIR: Bazakiat zer den kontua, besteek eragin ziotek beldurra.

ESTRAGON: Zenbat denbora da hor hagoela?

MUTILA: Pixkatxo bat, jauna.

VLADIMIR: Zartailuak eman dik beldurra?

MUTILA: Bai, jauna.

VLADIMIR: Eta oihuek?

MUTILA: Bai, jauna.

VLADIMIR: Eta bi gizonek?

MUTILA: Bai, jauna.

VLADIMIR: Ezagutzen dituk.

MUTILA: Ez, jauna.

VLADIMIR: Hemengoa al haiz?

MUTILA: Bai, jauna.

ESTRAGON: Guztia gezurra! (Besotik heldu mutilari, eta astindu egiten du.) Esaguk egia!

MUTILA (dardaraz): Egia da, ordea, jauna.

VLADIMIR: Utziok, baina, bakean! Zer duk? (Estragonek mutila jaregiten du; atzera egin, eta eskuak aurpegira eramaten ditu. Vladimirrek eta mutilak so egiten diote. Estragonek agerian uzten du bere aurpegia, itxuragaldua.) Zer duk?

ESTRAGON: Zorigaitzekoa nauk.

VLADIMIR: Ez duk izango! Noiztik?

ESTRAGON: Ez nauk oroitzen.

VLADIMIR: Halakoxe ziriak sartzen zizkiguk oroimenak. (Estragonek hitz egin nahi du; uko egiten dio; herren-saltoka esertzera doa eta oinetakoa eranzten hasten da. Mutilari.) Eta?

MUTILA: Godot jaunak...

VLADIMIR (moztuz): Lehendik ezagutzen haut, ezta?

MUTILA: Ez dakit, jauna.

VLADIMIR: Ez nauk ezagutzen?

MUTILA: Ez, jauna.

VLADIMIR: Atzo ez al hintzen etorri?

MUTILA: Ez, jauna.

VLADIMIR: Lehen aldiz hator?

MUTILA: Bai, jauna.

 

Isilunea.

 

VLADIMIR: Esateko moduan. (Tartea.) Tira, segi.

MUTILA (hasi eta buka): Godot jaunak esan dit esateko ez dela gaur etorriko baina bai ziur asko bihar.

VLADIMIR: Hori da guztia?

MUTILA: Bai, jauna.

VLADIMIR: Zer egiten duk hik?

MUTILA: Ahuntzak zaintzen ditut, jauna.

VLADIMIR: Ongi portatzen al da hirekin?

MUTILA: Bai, jauna.

VLADIMIR: Ez hau jotzen?

MUTILA: Ez, jauna, ni ez.

VLADIMIR: Nor jotzen du ba?

MUTILA: Nire anaia, jauna.

VLADIMIR: Hortaz, baduk anaia bat.

MUTILA: Bai, jauna.

VLADIMIR: Eta zer egiten du anaiak?

MUTILA: Ardiak zaintzen ditu, jauna.

VLADIMIR: Eta zergatik ez hau hi jotzen?

MUTILA: Ez dakit, jauna.

VLADIMIR: Maite izango hau noski.

MUTILA: Ez dakit, jauna.

VLADIMIR: Jateko aski ematen dik? (Mutila zalantzan geratzen da.) Ongi ematen al dik jaten?

MUTILA: Aski ongi, jauna.

VLADIMIR: Ez haiz zorigaitzekoa? (Mutila zalantzan geratzen da.) Ulertzen duk?

MUTILA: Bai, jauna.

VLADIMIR: Orduan?

MUTILA: Ez dakit, jauna.

VLADIMIR: Ez dakik zorigaitzekoa haizen ala ez?

MUTILA: Ez, jauna.

VLADIMIR: Ni bezala orduan. (Tartea.) Non egiten duk lo.

MUTILA: Mandioan, jauna.

VLADIMIR: Anaiarekin?

MUTILA: Bai, jauna.

VLADIMIR: Lasto gainean?

MUTILA: Bai, jauna.

 

Tartea.

 

VLADIMIR: Tira, hoa.

MUTILA: Zer esan behar diot Godot jaunari, jauna.

VLADIMIR: Esaiok... (Zalantzan geratzen da.) Esaiok ikusi gaituala. (Tartea.) Ikusi gaituk, ala?

MUTILA: Bai, jauna. (Atzera egiten du; zalantzan geratzen da; jiratu, eta lasterka irteten da antzeztokitik.)

 

Tupustean argia moteltzen hasten da. Lipar baten buruan gaua da. Ilargia irteten da, atzean; zeruan gora egin eta hantxe dirau geldi-geldirik, argitasun zilarkaraz blaituz antzeztokia.

 

VLADIMIR: Azkenean! (Estragon, altxatu, eta Vladimirrenganantz doa, oinetako biak eskuan. Aurrealdeko ertzetik hurbil pausatzen ditu; tentetu, eta ilargiari so egiten dio.) Zer ari haiz?

ESTRAGON: Hi bezala nagok, gogoa ilargian. Horra hor, nekez zurbil.

VLADIMIR: Nekez hurbil?

ESTRAGON: Hurbil bezain zurbil, horixe duk. Harrapazak.

VLADIMIR: Oinetakoekin zer ari haizen esan nahi nian.

ESTRAGON: Hortxe utziko ditiat. (Tartea.) Beste norbait etorriko duk, ni bezain... ni bezain... zera, baina oinetako txikiagoak doazkiona, eta zoriontsu izango duk horiekin.

VLADIMIR: Ezin joango haiz, ordea, oinutsik.

ESTRAGON: Jesus hala ibili zuan.

VLADIMIR: Jesus! Tokitara hoa! Ez duk, horratik, heure burua harekin konparatuko, ala?

ESTRAGON: Bizi guztian konparatu diat neure burua harekin.

VLADIMIR: Paraje haietan, ordea, bero egiten zian! Giro ona beti!

ESTRAGON: Bai. Eta bizkor asko josten hinduten gurutze batean.

 

Isilunea.

 

VLADIMIR: Dagoeneko ez diagu zer eginik hemen.

ESTRAGON: Ezta beste inon ere.

VLADIMIR: Tira, Gogo, ez izan horrelakoa. Bihar dena hobeki joango duk.

ESTRAGON: Nondik atera duk hik hori?

VLADIMIR: Ez al duk entzun mutikoak esan duena?

ESTRAGON: Ez.

VLADIMIR: Esan dik Godot ziur asko bihar etorriko dela. (Tartea.) Gutxi al zaik hori?

ESTRAGON: Hortaz, hemen itxaron besterik ez diagu.

VLADIMIR: Burutik eginda hago! Aterpea behar diagu. (Eskutik heltzen dio Estragoni.) Hator. (Tira egiten dio besotik. Estragonek amor ematen du hasieran, baina gero kontra egiten dio. Gelditu egiten dira.)

ESTRAGON (zuhaitzari so eginez): Tamalez ez diagu soka mutur bat aldean.

VLADIMIR: Hator. Hozten hasi dik dagoeneko. (Tira egiten dio besotik. Lehengo joko bera.)

ESTRAGON: Oroitaraz iezadak sokamutur bat ekartzeko bihar.

VLADIMIR: Bai. Hator nirekin.

ESTRAGON: Zenbat denbora da denbora guztian elkarrekin gaudela?

VLADIMIR: Ez zakiat. Berrogeita hamar urte edo.

ESTRAGON: Oroitzen haiz neure burua Ebrora bota nuen egunaz?

VLADIMIR: Mahats biltzen genbiltzaan.

ESTRAGON: Hik arrantzatu ninduan uretatik.

VLADIMIR: Hori guztia kontu zaharrak dituk.

ESTRAGON: Nire jantziak eguzkitan lehortu zituan.

VLADIMIR: Utziok tema horri, ea. Hator. (Lehengo joko bera.)

ESTRAGON: Itxaron.

VLADIMIR: Hotz nauk.

ESTRAGON: Nagok ez ote zen hobe bakarrik egon bagina, nor bere gisa. (Tartea.) Ez gintuan gu biok bide bererako eginak.

VLADIMIR (zapuztu gabe): Ez duk ziur hori.

ESTRAGON: Ez, ezer ez duk ziur.

VLADIMIR: Beti gaudek garaiz elkarrengandik banatzeko, komeni dela baderitzok.

ESTRAGON: Honezkero ez dik merezi.

 

Isilunea.

 

VLADIMIR: Egia duk, honezkero ez dik merezi.

 

Isilunea.

 

ESTRAGON: Orduan, martxa?

VLADIMIR: Goazemak.

 

Ez dira mugitzen.

 

OIHALA

 

 

 

© Samuel Beckett

© itzulpenarena: Juan Garzia Garmendia

 

 

"Godoten esperoan " orrialde nagusia


susa-literatura.com