Aurkibidea

 

Agoreroak

 

Elixabete Garmendia

 

Okendo 22ko kutxitril hartan zigarromutur fosilizatuak aurki zitezkeen goien-goieneko apal-zokoren batean. Estepan Aldamiz-Etxebarriak, inspirazio bila, tximu-gimnasia egiten zuen erredakzioaren erdian, batek daki zertarako jarrita zeuden burnietatik zintzilika; beldurra, ez Estepanek hezurren bat hautsiko ote zuen, bai ordea sabaia goitik behera etorriko zelakoan. Baina Kaputxinoen Komentua hormaz horma izanik, hark babesten gintuen nonbait. Izan ere, haiek ziren gure jabeak, Nafarroako, Kantauri eta Aragoiko Kaputxinoak. Lugartenientea, Kaietano Ezeiza, paisanoz eta dotore janzten zen kaputxino beizamarra, Estepan gimnasian bezain abila beharko diplomaziaren zirrikituetan.

        Iluntzeetan Okendo 22ko atetik direkzio bakarra har zitekeen, zuzen-zuzenean Parte Zaharrerantz zeramana. Han "los del Zeruko" ginen, edo agian "las del Zeruko" sarriagotan. Parte Zaharra komiki baten modukoa zen, egunero istorio berriren bat marrazten zela ardo eta ke poteen nahasketatik sortutako koktelean. Pub-ik artean apenas, eta Pasaiako Exportadoresetan amaitzen ziren gaurik luzeenak, goizeko bostetan tomatetan erregositako almandrogilak jaten. Eskueragoan genuen Hondarribia kaleko Drugstorea, zitaleku tazitoa kazetariontzat, agian sarrerako kioskoan periodikua hartuta itzuli gintezkeelako etxera. Beste aukera, pikante eta glamourosoagoa, Cuesta del Culon zegoen, Malmaison eta Wali-Jaien. Bohemia. Eta bohemioetan errege Arturo Delgado argazkilaria, purua beti ezpainetatik zintzilik, Donostiak frankismopean eta trantsizioan izan zuen erreportari grafiko fidelena.

        1976 euskal kazetaritzaren urtea izendatu zuten euskaraz ziharduten aldizkariek, hau da, Zeruko Argia eta Anaitasunak bereziki, baina hurrengo urtea, izendapenik jarri gabe ere, egunkarien urtea gertatu zen, ekainean Deia eta irailean Egin jaio baitziren. Batak eta besteak eraman zituzten Zeruko Argia kudeatzen zutenak, Mikel Atxaga eta Amatiño Deiara, Donato Unanue Eginera, Xalbador Garmendiarekin batera; honen lekua, zuzentzaile gisa, Iñigo Lamarkak bete zuen, uda hartan behintzat. Zerukon erreus erresistenteak geratu ginen, gure misioa euskara hutsezko kazetaritzari eustea zela sinetsita. Batek baino gehiagok, aldizkariaren oso hurbileko jendeak, kupidaz begiratzen zigun galtzailearen aukera egiteagatik. Bisitari batzuk galdu genituen, esaterako D. Nemesio, Etxaniz, zein bestela, hura Mikel Atxagarekin kontuak esatera etortzen baitzen. Beste jende klase bat hasi zen azaltzen, lagunen lagunak eta parentela; orduan hasiko nintzen pentsatzen, agian euskal munduan ere topa zitekeela prailekumea izango ez zen nobiorik. Bisita historikoa, estrainatuena, irailaren 8ko manifa istilutsu hartara etorri zirenean, artean erdi klandestinitatean zebiltzala; ez zait ahazten, besteak beste, Teo Uriartek erredakzioan utzitako orrazia luzaz gorde nuelako kaxoian, ez fetitxe gisa, gizona berriz ere orraztu ahal izan zedin baizik.

        Eta hala, Ramon Saizarbitoria Aitaren etxera itzulita eta Koldo Izagirre ere hasi ziren azaltzen, Juanba Berasategik geroxeago irudikatu zituen itxura serio demonio hartan. Ez dut gogoan nork egin zuen fitxajea nork jaso zuen eskaintza, hobe esan, baina susmoa daukat Lurdes Auzmendi etorri ote zen notiziarekin. Eta 1977ko irailaren 4ko zenbakian estreinatu zen "Baietz astea gaizki bukatu", Saizarbitoriaz eta Izagirrez gain, Bernardo Atxagak eta Ibon Sarasolak ere sinatzen zutena. Handik aurrera hasi ziren gazi-gozoak. Jakinekoa da artikuluak beti atzorako behar duela izan, baina Ramoni eta Koldori gertatzen zitzaien herenegunerako behar zuela. Lurdes hasiko zen madarikazio batean, Pilar Iparragirrek gurutzatuko zituen atzamarrak eta nik eutsiko nion arnasari, ate hotsaren ññññaren ondotik pasilo siniestro hartan zehar zetozen pauso bikoitzak Koldorenak eta Ramonenak zirela ziurtatu arte. Errieta ematen omen nien atzerapenarengatik; baita zera ere!, nor ausartuko zen ba zeini eta haiei hitzerdi esaten. Beti "pisando huevos" haiekin, nahikoa zeukaten-eta idazten zutenarengatik eta ez zutenarengatik sortzen zitzaizkien krisiekin, tarteka paperean bertan aitortuta utzi zuten bezala; begiratu bestela 1977ko irailetik 1978ko maiatzera egin zuten ibilbide ziklotimiko guadianitikoa.

        Atzerapen horien kontura egingo nuke gustura artikulu guztiak zipriztindu zituzten akats tipografikoen deskargua, ez baitzen astirik izaten pikatutakoa zuzentzeko; arrapaladan maketatu eta korrika eraman behar izaten ziren orriak inprimategira. Baina ez, hartuko dut etxekoandretza generamanon gain erantzukizun hori. Gogora bezate gazteek orduan ez genuela usaindu ere egiten ordenadorerik. Ortografiako arauak berriz, hor nonbait zebiltzan, h-ak, baezpada, behar baino ugariago. Eskerrak, bestalde, Ibon Sarasola hasi zitzaigun lezio batzuk ematen "Hitz bi hitz bitan" sailean, itxi eta hertsi, edo izango eta izanen formak beren lekuan kokatuz, bestela auskalo zein euskalki klasetara eramango gintuen garaiko pedantekeriak.

        Hizkuntza idazkera izaten zen hain zuzen ere denboraldi hartan Zerukon jasan genuen harpidedunen bajetarako aitzakia. Aldi batean, postatik zetozen gutunak hartu eta benga: "beste baja bat", "hau ere baja"... Hizkuntza aitzakia edo motiboetako bat. Bestea, mamia, jakina. Ezkerreranzko lerratze politikoak jende asko uxatu zigun, nola ez. Baina politika hutsezko saltsaren azpian sakonagoko maila bat zegoen: ideologikoa. Ez zen jada euskaldun fededunaren mitoa haustea bakarrik, baserri txiki txuriko euskal jatorkeriari horzkada batzuk eranstea baizik. Saizarbitoriak eta Izagirrek maisuki eman zioten buelta honi Inazio Atxukarroren kasu paradigmatikoan.

        Zurrunbilozko urteak ziren haiek, ezer baldin baziren, eta Zerukokook kamikaze hutsak ginen. Zenbaki bat hartuko dut, lagin modura, "Baietz astea gaizki bukatu"ren testuingurua erakusteko, 1977ko azaroaren 6koa. Azalean, izenburu hau: "Euskadin 80.000 langabezitu (sic). Zelako etorkizuna!!!". Antton Olariagak gai horri heldu zion hain zuzen ere "Hormasprayko"n. Barrurago: "ETAk Zeruko Argiari eskainitako galdera-erantzunak". Gai sozial pare bat: "San Anton hauzoa, itozorian", Lesakako paraje horretan egitera zihoazen urtegia zela-eta, eta "Euskara lantegietara", Felipe Izagirrek sinatua hau. Joseba Sarrionandiak Alfonso Sastreri egindako elkarrizketa eta Durangoko Azokari buruzko kronika. Joxe Mari Aranaldek Xalbadorren heriotzaren lehen urteurrenaz jardun zuen. Ikusi-makusi izeneko sailean artista grafikoen tartea Eduardo Chillidak egindako esku-atzamarren marrazkia. Azkenik, Koldok eta Ramonek, Oteizak euskararen transmisioaz egindako adierazpen batzuei erantzunez, "Oteizak txorradak esateko makinie inbentau" idatzi zuten.

        Niri ez zitzaidan berehalakoan ahaztu izenburu hori. "Baietz astea..."ko lehen atalean idatzi zuten beste argazki-oin hura bezala: "Txikitatik somatzen zitzaion", eskuetan botila bana daraman mutiko satisfetxoaren azpian. Edo inongo hiztegitan jasota ez dagoen "lokozoro" hori. Ez dut oraindik aitortu, Ramon eta Koldo halako batean azaltzen zirenetan, arrapataka kentzen genizkiola elkarri folioak beste zerutiarrok... gozaminez.

 

2002-08-30