Aurkibidea


Catalunya for you II

 

Kurpilak bi aldiz pintxatu. Ama Birjina Pilarrekoaren erresuman bateria ahitu. Ibon ederki mareatu. Baina azkenean iritsi egin ginen, eta osorik, Barcelonara.

        Gau beltza, eta gu afeitatu gabe. Han abiatu ginen Ramblasetan gora, Escudellers kalearen bila, elkarrengana protekzioz bilduak. Bastante ezagunak dira popazaleen atakeak oinezko desiragarriei, eta, egia esan, elkar hizketa exklusibo baten posibilitateak ere ez zigun balentriarik ematen. Bueno, Ibon lasai zihoan, edo behintzat oso seguru ageri zen bere katalan batuarekin.

        Heldu ginen, susto pare bat izan ondoren. Escudellers kaleko hamaseigarrenera. Laugarrena, ezkerra. Zazpi aldiz zanpatu.

        Hi, Joxan ahal haiz? Ezetz asmatu nor naizen!

        Interjekzio desegoki batzuk.

        Zabal ezak Euskadiko enbajadoren izenean! Obreix, cabró!

        Beti izaten da Donostian Filosofia eta Letras desikasten aspertuta, Barcelonarantz jotzen duen lagunen bat. Jende sanoa, eta oso jatorra. Ba guk azpiegitura dexentea dugu muntatua kanpoan dauden ikasle donostiarren pisuekin. Puente luze xamarrak edo daudenean, batere abisatu gabe bertan plantau. Oso ongi hartzen zaituzte, eta Barcelonan behintzat, izango duzu kantaldiren bat eta porrua suelto.

        Bapo jarri ginen Torres 5 edanez, butifarra zahar hura irentsi behar izan ondoren. Eta ezkerrak patarrari, bestela ez baikenuen lorik egingo eskaini ziguten trastero hotz eta zikin hartan. Noski, katarro truke egin behar izan genuen lo; Ramon oraindik ohean dago gizarajoa.

        Biharamon goizean nahíko lana izan genuen gutako bat jaiki erazten. Izena gorde egingo dugu, lotsa ez dadin. Hura ez zela altxako. Zingilipurka ederra harek soinean. Esnatu zen noizbait ere, eta zanpa zanpa egin nahi gintuela. Bezperakoa pasa gabea. Nola da posible, hain txikia eta hain mozkortia. Erreduzitu genuen denon artean, eta dutxapera eraman arrastaka. Entzun egin behar hari... Akabatu egingo gintuela eta, haladeabrua, ez zigula sekula barkatuko.

        Hamabietarako kalean ginen, Bure eguzkitarako betaurreko (lainotua zegoen) eta geure banderita korrespondienteekin.

        Jendea trumilka zihoan batetik bestera, oihuka, pankartekin eta, hori bai, katalanez hitzegiten atertu gabe, politikaz bereziki:

        He sorprit la meva muller amb un tercer!

        Fa vint anys que la coeva em pungi els corns més formós de tot el Pirineu.

        I qué cal fer en questa situació!?

        Fa vint anys que soc resignat!

        Erdi zoraturik geunden kalez, jendez eta katalanaz. Zabaldegi batetara atera ginen. Abenida luze hartan jendeak espaloiak beteak zituen, farolak asaltoan hartuak zeuden, etxeko banketak eta guzti zetozen txikienak. Baina Alderdi Egunarekin eta, konparaziorik ere ez eh, konparaziorik ere ez. Hura zen jendearen emana, hura. Bai, noski, Barcelonan jende asko bizi da baina, kuestioa ez da hori.

        Gu hamargarren lerroan edo geunden, eta ezer ikusteko ere lanak izan genituen. Gure taldeko txikiena, ez dugu izena jarriko lotsa ez dadin, bere laburtasunaz zinikoki baliaturik, lehen hileraraino iritsi zen jendearen hanka tartetik. Eta jainkoak edertasunez agraziatu gintuenok izorratu egin behar.

        Hasi ziren autoak eta motoristak pasa eta pasa, jendea oihuka eta marruez, eta gutako txikiena han ikusten dugu, bezperazkoaz oraindik espabilatu gabe seguru asko, bide erdira korrika, banderita eraginez eta eskua luzatuz:

        Tarradelas, Tarradelas, visca Tarradelas...

        Paisanozko talde bat abalantzatu zitzaion gizarajoari, eta han eraman zuten, ez oso itxura zibilizatuan, auto batetara.

        Komisaldegi guztiak harrotu genituen haren bila, eta aztarrenik ez. Etsi genuen, eta etxera hartu genuen. Gau iluna zen.

        Portaleko atea zabaldu eta aihene batzuk somatu genituen. Argia piztu eta hantxe zegoen, ate atzean Torres 5 botila batekin eta betaurrekoak txikituta.

        Jo no soc de la triple, jo no soc de la triple, Tarradelas es collonut...

 


 

Oteizak txorradak esateko makinie inbentau

 

«El vasco actual es un vasco de mierda, decadente, y el intelectual euskaldun, peor todavía. iMucho cuidado!... ¿Quién conservó el euskera en la familia de mi padre, pongo por caso?... Los hermanos que eran tontos, todos en el caserío. Mi padre salió y lo perdió».

 

Oteizak badaki, emigrazioa inteligentziaren ikuspegitik begiratzen duten bi teoria daudela. Batak, emigrantea, bere etxean bizitza aurrera ateratzeko bezain intelijentea ez izanik, kanpora, konpetentzia gutxiagoko lekuetara, negozio errazak plantea daitezkeen lekuetara joan beharrean aurkitzen den pertsonaia bezala definitzen du. Besteak, berriz, emigrantea tradizioa hautsi, mediokritatea utzi, eta mundu berrietara egokitzeko behar den adina intelijentzia eta ausardiaz jantzirik deskribatzen digu. Psikologistikoak dira bi teoriok, eta psikologismo guztiak bezala, aski atraktiboak, eta bietan nor beraren gustora edo komenientzira aukeratu behar.

        Gu ez gara horretan sartzen, baina seguru da gu gizarajook baserrian gelditu zen anaia tontoaren semeak garela. Aita inozoaren seme inozo subalimentatuak. Gure fisikoari begiratu besterik ez baitago, koldo eta bernardoren alturari erreparatzea altura fisikoa, eta intelektuala ere, metro terdian sar dezakete eta ramon fisikoz altuxeago atera bazaigu ere, jakina da jakobo deitzen ziotela eskolan, cuanto más alto más bobo, halegia. Hala ere errespeto bat merezi dugu ze karajo.

        Jatorduetan hitz bat erdaraz egiteagatlk kaskarreko bat ematen zigun aita tontoa soportatu izan ez bagenu, orain ez baitzen h-az, batasunaz, euskararen estetikaz eta euskaldun berrietaz hitzegiterik izango.

        Ondo asko saiatzen ginen disimulatzen euskaradaren bat ateratzen zitzaigunean, eskolan borono, pello pellote cabeza de bote, casero eta antzekoak botatzen zizkiguten Oteiza bezalako aita listoen seme listoek bestela pentsatuko badute ere. Ez baikara ahaztuko el aita y los dos vamos a ver los carreristas esan genuen hartan entzun behar izan genuenaz. Baina hostia ederrrak hartutakoak beroiek ere, esatea gaizki ez badago, geure aita tontoari azkar ikasi baikenion (castellania fasilidiomes que solo se aprende en un mita de mes) erdara eta erdaldunak, eta Ameriketara joan eta hegoamerikako azentoz mintzo zen osaba listoa adina ere baginela, sukaldean euskaraz hitzegiten bagenuen ere. Eta amak beti errepikatzen zuen gure pobretasunean ahal den dotoren, eta garbien, eta behintzat, txukun.

        Eta gure ama dela eta, nondik arraio dator euskara amaren titietatik tragoz trago hartu genuelako ipuin txinoa. Amaren bularretik, esnea urte pare bat arte (ez orain bezala), baina euskara, inguratzen gintuen giro erdaldunak ukatzen zion balorea zuen zerbait bezala ikusi nahiean kultura etsaiaren barnegiroan erdaraz egiteko geure tendentzia «soziologikoa» korrejituz, orduan haurrak ginenon intelijentzia laburretan euskaldun izatearen sentidua dorpeki, intuitiboki, zentzu animal baten arabera, euskararekin batera ematen ahalegintzen ziren guraso tonto etxean geratutakoengandik jaso genuen, ederki kostata. Geure amak ez baizigun munduko beste edozin amak bezala hitzegiten, euskaraz hitzegiten baizik: gure «ama, pixalea» ez zen prozeso intelektual normal baten hasiera, bi mundu berezi eta kontraesankorren erdian jartzen gintuen prozeso eskizofreniko baten hasieran baizik, eta Jainkoak daki, zenbateraino izan zaigun baliagarria eskizogrenia hori, teorikoen laguntza hutsaz ezin ulertu diren zenbait prolema interpretatzeko.

        Euskara ematea ez zen, ez, titia eskaintzea bezain erraza, maixuak «si le hablan el vascuence el chico no puede adelantar» edo anaia listoak «ez baitik ezertarako balio, eta bankoan sartzeko kalterako gainera» esaten zutenean. Eta ez da dena hor akabatzen, amaren bularretik edandako euskara famatu hori, salesianoetan zehar, guatekeen inguruan, kaleetan barrena mantendu behar zen neurrian, eta kultura rnunduan sartzeko nor beraren kabuz homologatu, euskaldun guztiok gara nolabait ere euskaldun berriak.

        Baina orain harro gaude geure inozotasunenan, (nolabait ere aztertu egin dugulako) gure aita inuzentea hemen geratu zelako, eta eskolaren lojikaren eta listo guztien iritzien kontra euskaraz hezitzen azertatu egin zuelako. Lapa harkaitzari bezala, posibilitate remoto bati eutsi ziolako. Eta, egia esan, bastante potroetaraino gaude, hainbat denboran ikasi dugun tontooi erakusteko asmoz datozenean. Lehenago ere hamaika osaba indiano horrelaxe jokatua baita, sasoi ederrenak Arjentinan eman eta zahartzaroan, prostata eta guzti salda bero bila etxera... Eta etxekook dioguna, datozela, datozela, baina humiltasun pixka batekin, gertu garenok ere errespetoa merezi baitugu, eta lurrak landu dituenarentzat, eta txorradak esateko bulak Erroman.

        Gero, gainera, alferrik baita, nahi direnak eta gehiago esan ondoren beste harek (horrek) bezala, protekzio ofiziala eskatzea. Hara (horra) nundik, protector eta protegido, denak elkarrekin ibiliko zaizkigun azkenean.

 

KOLDO IZAGIRRE

RAMON SAIZARBITORIA

 

Zeruko Argia
759. zenbakia
1977-11-06

  Zenbaki hartako
beste artikuluak