Iñaki Rekarte Ibarra

 

Andrea Bocelli

 

Ainhoak, arratsalde anitzetan, walkamean Andrea Bocelliren zinta ezarri eta espetxeko teilatuak libre uzten duen zeru zatitxoan askatzen ditu begiak. Noizean behin hegazkinak igarotzen dira, oso urrun. Hegazkinak eta bere artean egon daitekeen distantzia kalkulatzen saiatzen da txori erraldoia begien ondotik igarotzen denean, aske dagoen zeru zatitxora barneratzean. Hegazkin barrukoak irudikatzen ditu gero; «horiek ere barruan pentsatzen du Ainhoak, munduan , bai, baina barruan». ordurako Andrea Bocelliren birikak lehertzear daude. Hegazkin barrukoak, pilotoa barne, berak Andrea Bocelliren musika entzuten ari den gisara, topera, entzuten dutela irudikatzen du.

        Hor goitik halako zerbait entzutea zirraragarria izan behar dela iruditzen zaio ziegako leihotik begiratuta; «eta musika barrutik baino, kanpoko aldean sortu dela ohartuko balira? galdetzen dio Ainhoak haizeari Bat-batean, motorrek eta ezerezaren urratzeak sortzen duten zaratots ikaragarria desagertu eta dena Andrea Bocelliren melodiez bete, ingurua, zerua, unibertsoa...» gero bidazti bakoitza nondik datorren eta nora doan asmatzen saiatzen da, sinetsiz bidaztiren bat gehiagotan igaro izan dela bere ametsetan musika eskeini dienean hegazkinei... «Zoriontsuak izango dira? xuxurlatzen du Ainhoak Edota, jende gehienari gertatzen zaion bezala, erabat estresatuta bizi dira? Ez dakit...»

        Puntu horretara iristen denerako hegazkinak utzitako ke arrastoa baino ez du ikusten, hau ere segundu gutxi batzuetan zeruaren urdintasunean difuminatuz.

        Azkenean enarak baino ez dira geratzen. Enarak beti jolasean bizi direla iruditzen zaio, haiengan askatasunaren metafora gertuena asmatuz. Une horretan enara izatea desiratzen du, Ainhoa izateari utzi eta enara bilakatu, Andrea Bocelli entzuten duen enara. Baina segituan konturatzen da enararena aitzakia baino ez dela, unearen behin-behineko apeta. Enara bost minutuz izan nahiko luke, edo gutxiago, handik, lotuta duten leku hartatik ateratzeko beharko lukeen denbora baino ez... gauzak ez dira horrela, esaten dio Ainhoa errealistak Ainhoa ameslariari, enara izango bazina askatasun horren ondorioa ordaindu beharko zenuke, ezin baita larroxa bat hartu arantzen arriskua ezagutu gabe...

        Baina alde ameslariak baietz, beti bezain burugogor, bere mundu magikoan sinesten, inolako araurik ezagutzen ez duen askatasuna existitzen dela ziurtasun osoz baieztatzen, askatasuna une bakoitzean forma ezberdina hartzen duen errealitatea dela...

        Iragana neurrian handituz, enarak desagertu eta zeru izartsuarekin topo egiten du Ainhoak. Noizbait Maya Herriak unibertsoa begiratzeko, ulertzeko, eraikitzen zuen piramide haietako batean gaua eman nahiko lukeela pentsatzen du, haien magia sentitu eta... Sorbaldan esku bat sentitu du Ainhoak. Segundu erdian unibertsoa kanilatik kanikak bezala desagertu da. Walkmana begiratu eta Andrea Bocelliri atsedentxo bat eman dio. Buelta eman eta kartzelari bat ikusi du; zerbait esaten ari da, ez dio ongi ulertzen, ordu erdia omen darama atea burni batez kolpatzen... ez dela mugitu... preso kontaketa egiten ari dela... mugitu behar dela... Edo antzeko zerbait. Ainhoak berriro begiratu du walkmana, «play» botoia zapaldu eta, «Andrea Bocelli!» erantzun dio kartzelariari izarrek urratutako zerua begiratuz.

 

 

 

Natura

 

Maddi espetxeratu eta lehenengo astean, Alcala Mecon, elurra egin zuen. Elurra beti liluragarria iruditu zitzaion, baina orduan xarma berezi bat antzeman zion. Ikastolarik gabeko egunekin harremantzen du elurra, aitaren ehiza egun oparoekin, jolas unibertsala den elur bola jaurtiketarekin, ahizparekin jolasean emandako garaiekin... Orduan ez zekien berriro elurra ikusteko sei urte igaro beharko zirenik. Madrilgo espetxe batean izan zen berriro, Soto del Realen. Izugarrizko elurtea bota zuen, irratien esanetan azken hogei urtetan egondako elurte handiena, baina kasualitateak aste hartan Maddi ziegan txapatuta egotea nahi izan zuen. Begiekin besterik ezin izan zuen dastatu ia eskura zuen elurra. Elurra berez hotza dela pentsatzen zuen Maddik, nahiz eta berak hotzarekin ez harremandu. Patioan zeuden presoak jolasean ikusi zituen umetxoak bailiran, bera hantxe, errekreorik gabe geratutako ikasle bihurria bezalaxe. «Elurrak ekarpen berezia dauka pertsonengan», pentsatu zuen ziegako leihoa itxi aurretik.

        Harresien artean urte batzuk eman ondoren naturaren falta gero eta nabariago sentitu zuen. Badajozeko espetxean zegoela, isolamenduan, goizero ateratzen zen patio txikian bizi zatitxo bat aurkitu zuen; patioko zoko batean ozta-ozta eguzkia besarkatzen zuen belar mataza bizi zen. Belar haiek une hartan eskura zeukan natura arrasto bakarra zuen. Goizero, ezari-ezarian, kokoriko ezarri eta ihintzak bustitako belarrak bere buruko ileak bailiran laztantzen zituen. Bestetan, zatitxo bat hartuz, ez handiegia, usaindu, dastatu, egiten zuen. Egunero patio txiki hartara atera eta lehenengo soa lau belar haientzat gordetzen zuen Maddik. Goiz batez, eskuarki baino beranduago ireki zioten ziegako atea eta patioko atetzarra gurutzatu bezain laster «lapurra» goitizeneko kartzelaria ikusi zuen alde batera, irribarre ergelaz berari begira, eskuartean aitzurra eta belar matazarekin. Maddik ezikusiarena egin eta goizero bezala patioan bueltaka hasi zen. Beso bat ebaki izan baliote bezala sentitu arren, kartzelariak ez zuen Maddiren bisaian inolako tristura keinurik antzeman, agian horregatik bere poztasunaren azpian etsipen pitin bat ere nabari zitzaion. Aste batzuren buruan, hala ere, belar berriak atera ziren patioko zoko berean: «Aupi Maddi!» agurtu zuten iritsi berriek, «adi ibili hauekin!», adierazi zioten haize epelak lagunduta.

        Puertoko espetxean antzeko zerbait gertatzen da pikondotxo batekin: mila aldiz moztu dute eta aldiro berpizten da. Pikondotxoa auskalo noiztik bizi den bertan, ziur aski ingurua espetxearekin pozoindu aurretik, beraz, zergatik bere lurra utzi? Pikondotxoak antzeko zerbait pentsatzen duela uste du Maddik.

        Natura leku anitzetan aurkitzen ikasi du. Batzuetan orduak ematen ditu zerura so; alde batetik bistarako ona zela esan ziotelako, bestalde, zerua naturaz beteta dagoelako. Maddi Puertoko espetxean eduki zutenean mota ezberdineko hegaztiak ikusi eta denborarekin haien izenak ikasi zituen. Goizean ikusten zituenak antxetak eta akioak zirela jakin zuen, tarteka ahateren bat ere, batzuetan antzarrekin okertzen bazituen ere.Arratsaldean, berriz, lertxuntxoak eta flamenkoak, besteak beste. Hegaztiak, presoek ikusi ahal izateko espetxe gainetik igarotzen zirela aipatu zion behin lagun bati gutunean.

        Duela egun batzuk ziegako leihoan jarrita euria ikusten egon zen. Andaluzian euria egitea ez da egunero gertatzen den zerbait, pentsatu zuen. Halako eta bestelako pentsamendu nahasietan galdurik zebilela, «kontxo! esan zuen Euri tanta, hortxe dago koxka!». Euri tantak patiora erori bezain laster desagertzen zirela konturatzen zen, edonondik zirrikituak aurkitzen zituztela handik ospa egiteko, leku hartan behar baino denbora gehiago ez egoteko.

        Nekez atxiki leike ura esan zion aldameneko ziegan zegoen presoak, leihotik begira bera ere. Lurretik ez bada, zerutik izango da, baina mundua ezagutzen jarraituko du. Auskalo hemen eroritako euri-tantak nondik zetozen, non dauden...

        Aske! moztu zion beste leiho batek.

        Bai!...

        Desiratu zuen Maddik.

 

 

 

Por el buen orden del establecimiento

 

Tropelean sartu dira isolamendu modulura. Hamar kartzelari dira, presondegiko zuzendaria haien artean. Patio, isila, hutsik balego bezala dago, monotoniaren monotoniak irentsita; duintasunaren garraxia. Izkin batetik ingurua zehatz mehatz aztertzen dabil zuzendaria. Bat-batean, bisai zaharkituan alarmaren aldizko argi gorria islatu zaio eta beste kartzelari bati, sorbalda gainetik begiratzeko keinua eginez, agindua eman eta kartzelariak preso bati garraxi batez bereganatzeko agindu, honek ere, eta hogei segundu barru, presoak, erratza eskuartean, leiho apal batean dauden ogi papurrak eta urez betetako marmelada terrinatxoa zakarrontzira bota du, zerbait ulertzeko inolako betarik izan gabe. Ondoren, zuzendariak hasierako bisai itzalia berreskuratu eta buelta eman du tropelean alde egin dutenean.

        Teilatutik bi txori patiora begira geratu dira; egarriz... gosez... harriduraz... Auskalo!

 

Iñaki Rekarte Ibarra

1971

Irun

 

1992 urtean espetxeratu zuten, eta egun Puerto 1 espetxean dago.

 

C. P. Puerto I

Apdo. 555

Ctra. De Jerez-Rota, km. 5

11.500 Puerto de Santa María

Cádiz

 

 

"Ataramiñe / 1. zenbakia" orrialde nagusia



susa-literatura.com