Harriet Iragi Gurrutxaga

 

Gartzelako bertsoak

 

Bertso hauek Harrietek lagun bati bidalitako korrespondentzia intimoaren zati dira, eta guk, «lapurrok», ebatsi egin ditugu.

 

Borrokan bizi erabaki nun

batzuetan ezkutuan

atzerriaren kaleetatik

sentimenduen mutuan

guda sortuaz paradoxa den

bakearen helburuan

nireak diren guzti horiek

ez ikusteko izuan

orain gartzela barruan

gorrotoaren itsuan

zer garen ezin ahaztuan

egin beharrak buruan

beste horri bat itzuliko dut

biziaren liburuan.

 

 

Lehenego gutunetan hizkuntza arrotzaren inposaketa:

«Contesto con un par de versos, pues, yo también soy aficionado y principiante en el arte vasco de cantar lo hablado».

 

Zure bertsoek esnatu dute

nigan den bertsolaria

nolabait hasi, jakin ez eta

zuk jarriari abia

Urretxindorrak triskatutako

hego horietan haria

bizi artean Urretxin honek

jarri ezazu adia

hegodun edo hegorik gabe

osatuko du kabia.

 

Harrotasunaz zerade mintzo

bigarren bertso horretan

harrotasuna mantendua dut

momentu gogorrenetan

gai eder hontan buru-belarri

bertsoz ari geranetan

esan nahi nuke gure ohorez

etsai denaren penetan

tinko jarraitu dudala asmo

espainolaren ziegetan.

 

 

«Bueno, como ves, también contestaré a tus versos. En eso soy fanático así que te mandaré más cuando escribas (chantaje guarro para que vuelvas a escribir ja, ja...)».

 

Udazkenak dakarren

ostoen euria

zenbait berdetan dago

marroi ta horia

arimaren islada

ez den sargoria

kanpoan goxo eta

etxean ogia

borondatez zintzoa,

bihotza lodia

 

Kotileoan hasita

badut notizia

ez dut luzea izan

oraino bizia

nahiz eta hortik bazen

batzutan ixia

ezkonduko gerala

ni eta bitxia

emango al didazu

zeure eritzia.

 

Eguna falta zaigu

tokia zein ote

sinatzeko paperak

garela bikote

ni bakarrik naiteke

nirearen dote

errekurtsotan ere

gutxi baten tope

amodioa itsua

dugula diote.

 

Altarerik gabeko

gartzela ezkontza

lekuko izango da

gauerdiko ontza

maitasuna ez dedin

laburrean trontza

maitasuna dadila

elkartasun funtsa

gazte heldu ote zait

zaharren gizontza.

 

Batzuk «gaixo» dabiltza

pilulak hartzeko

patrikan gorde eta

besteri saltzeko.

Esaidazu ezbaden

gauza harritzeko

gure idei guztien

eraberritzeko

«gaixo» ibili behar

ongi bizitzeko.

 

Saltzailea badago

eroslea esklabu

ezer ez duelako

eskatzeko badu

jaten ezer gutxi du,

gutxiago afaldu

pilulak eta drogak

dezake apaldu

ezin bizirik dela,

izatea galdu.

 

Gartzelako kontuak

barrerako sarri

horretarako ez da

hoberik igarri

nireakin bazera

oraindik egarri

hurrengoekin zuhur

geratzeko harri

kontatzeko direnak

bertsotan ekarri.

 

Oraino hor zabiltza

«ja»ri ezin eutsiz

hemengo kontuetan

nireak berretsiz

lortzeko ba al dugu

aurretikan etsiz

atea hasieratik

parez pare itxiz

edo gauzak aztertuz

beretara jeitsiz.

 

Ibiliko zerade

belarriak ubel

berotzen naiz askotan

bizitzeko epel

argia gozatzen dut

ilargitan gaubel

ez nauzu ikusiko

irrietan goibel

bota badizut txapa

barkaidazu motel!

 

 

Gutuna eguneroko kontuez:

 

Bada garaia ikus dezagun

ohiu egiten mutua

hautsi dezagun gai honek duen

bitxitasun ingurua

bada altxor bat, bada jakin bat

gure baitan izkutua

esklabu denak altza dezala

behin betirako burua.

 

Etsaiak ia egin du baina

amodioak gaitu hilko

gutxi ta raka! odolustutzen

gaituela lehenbiziko

ihes egiten ezta saiatu

ez dizu eta utziko

libre gerala diogu baina

esklabu gera betiko

 

Maite da neska, familia ta

auzoa, hortaz herria

hori delako dudarik gabe

bakoitzaren aberria

izan ez dedin gaur bezain latza

gure etorkizun berria

aurre egin digun etsaiarentzat

prest daukagu hilerria.

 

Maitasunari egin diogu

bertso batzuren opari

badira txarrak baita hobeak

baina guztieri adi

bota azken hau herri honetan

osotzen gaituenari

independetzi, sozialismoa

gora gu eta euskadi!

 

 

«Hogei erantzun hogei bertsori» gutunetik:

 

Eboluzio, inboluzio

garenaren poluzio

hutsetatikan ikasten ez dun

giza degenerazio

honetatikan aterako du

egiteko negozio

nire egona ez dut biziko

honelakoen sozio.

 

Hemen garela lana badegu,

etsaiari aurre gogor!

Guztiak baten pausorik pauso

batzuk hosto, batzuk enbor

hasitakoa amaitutzea

herriari diogu zor

hemen norbera berean dugu

promesa horien gotor.

 

 

Maitasuna eta herria:

 

Ikatzak baino zulatuko du

errezago dinamitak

presondegiko horma zabalak

ta zaintzen duten garitak.

 

Egaña degu bertsolaritza

modernoaren haritza

izan dadila bere bizitza

ahazten ez degun hitza.

 

Jon Maia bera omen dezute

taldean hor jo ta fuego

hala joan zen Donostiraino

gola sartzen «delantero».

 

Nik golak gutxi sartzen nituen

defentsa nintzan lehenengo

euskal defentsa hartuagatik

kartzela batean nago.

 

 

Gartzelako ariketak,

bertsoaren bukaera

kanpotik bidalita

osatutako bertsoak:

 

Zeru azpian jotzen badigu

indar osoz eguzkiak

ez dira errez azaleratzen

gure izanen eztiak

zein errez diren ikustekoak

gizon salduen uzkiak

gu behintzat ondo konpontzen gera

hor konpon beste guztiak.

 

Esan didazu lana dezula

kotxe eta hainbat luxu

ni ligatzeko asmoarekin

erabiliak dituzu

hurbildu zaitez ene polita

hurbildu emanez musu

dirua ez zait eni ajolik

hainbeste maite banauzu.

 

Inoiz ez diat ezer egin da

hau inork ez dit eskertu

ezkondu ere egin banintzan

emazteak nau asetu

ikasteko're gogorik ez nun

jada ez bahaiz jabetu

lanaren berri jakin nahi dunak

ez behintzat niri galdetu.

 

Bota dituzte goitikan behera

ez da geratu laginik

bi diskoteka horietako

leherkariak ipinirik

ezagun gabe aitortuko dut

ez dudala hartu minik

ustez aurrera goazenontzat

han ez dago zer eginik.

 

Gero ta hiri handiagoak

grisaren luze itzela

hazi gaituen herri amakin

lur harremanik ez dela

egin zazue zerbait gazteak

egin zazue bestela

ikusten baitut malko artean

begira ari naizela

euskal baserri maitagarriak

galtzera dihoazela.

 

Milaka urte iraun badu

zaharrengandik gaztera

erliki baten jabe gerala

konturatuko al gera

orain bostehun, mila, bost mila,

urte atzera zen bera

hitzegiten eta hemendik

garrasian diot zera

munduan azken egunak arte

entzun dadila euskera.

 

 

Gabon koplei erantzuna:

 

Bertso baten hasieran Harrietek «Larrua jo ta, kantatu jota!/bertsoa parea bota/maitasunaren itsasoetan/ plazerrarekin itota» diosku. Espainiar estatuko zeldetatik heldu zaigun deiadarra, momentu latzenetan ere umorea, maitasuna, lagunak, herria eta borroka duin baten aldeko deiadarra. Askatasunaren deiadarra bertsoaren neurri estuetan preso. Horixe da bere xumetasunean esku artean duzuna, izango dira gehiago hurrengoetan, baina bien bitartean besarkada bat eta azken bertso hau.

 

Hitzak ez dira erabiltzeko

sekulan ez behar beste

esatekoak ditugunaren

arimaren interprete

kalean ez nun denborarikan

baina orain baliteke

gizonak badu betebeharrez

dituen ametsak bete

lehen bertsolari izan nahi nuen

ta orain izan naiteke.

 

Harriet Iragi Gurrutxaga

1977

Bilbo

 

2000 urtean atxilotu zuten. Egungo destinoa: Kordobako Alcolea espetxea.

C.P. de Córdoba (Alcolea)

Ctra. Sevilla-Madrid, km. 391

Apdo. 479

 

 

"Ataramiñe / 1. zenbakia" orrialde nagusia



susa-literatura.com