|
Larogei urte gaur bete ditut,
zartzez alderoka nabil,
nai ta nai arren iñolaz ere
pausorik zuzendu ezin;
ankak elbarri, burua motel,
ario mindu, erretxin,
urteen sitsaz joa nago-ta
aje guziak nerekin.
Naspil-irudi gaiztoa dakust
zartzaroko ikuspegian,
burutik egin, ala zer ote...?
Ez nago nere onian.
Gaztea nintzan garai artako
bizitz-iturri garbian
pitin bat edan al'baneza gaur
eritasunik ez nigan.
Basaburuan toki naro bat,
bertan urjaiotz gardena,
onen ixuriz maizki ase zan
nere biotz egarbera.
Ots-egiten dit, ots eme, kutun,
lengoxe deya berbera.
Malkarrik ez dun oroimen-bidez
noan iturri maitera!
* *
Bizkorraldia! Bat-batez orain
urrats arin, gogo txosper,
ain txingar sortu zaidan kemenak
zut-zutik narabil, gallen.
Gero amilduko banaiz ere,
txapalda loretsu baten
babesa orain arki dedanez,
nere barru jairik onen!
1949 gko Epaillaren 3 an
ario, talante.
garden, limpio, puro, transparente.
|