|
Emeterio Arreseren koadernoa
"Txindor-en geroztiko neurtitzak" oharra ipinita,
hainbat poema bildu zituen Emeterio Arresek koaderno batean eskuz idatzirik.
Javier Bello Portu musikariari eman zizkion: "Gaur emen, biyar an, etzi
Jainkoak daki nun, ijituen eraz toki-aldakor nabillen ezkero, urte batzuen
buru olerki-txorta onek aize-ezkutu edo babes-giro atsegiñik
arkituko ez ote dun bildur naiz ta... nere bertso-xemeok galdu ez ditezen,
zure zaipean gogoz ar ditzazu, Javier". Lagapen egunaren datarik ez
dakar; kontuan hartuta "Gainbeeran txapalda bat" poemak (azkenengoak)
1949ko martxoaren 3ko data duela, 1949-1954 bitartean izan behar zuen.
Javier Bello Portu hil ostean, haren ondarean aurkitu berri du koadernoa David Azurza kantariak; Joxemari Iturralde idazlearen bitartez eskuratu dugu, digitalizatu eta hemen argitaratzeko.
Denera 31 poema dira. Horietatik 10 "Olerki berrizte" bilduman ere argitaratu zituen 1952an (Kuliska Sorta - Itxaropena); beste batzuk lehenago aldizkari ezberdinetan: Euskal Esnalea, Euzkadi, Yakintza, Euzko Deya, La Vasconia, Egan...
Koadernoaren ezaugarriak:
- Kartoizkoak azalak. Aurrean idatzita dakar: Arrese-tar Emeterio.
- Neurriak: 32 zm zabalera x 20,5 zm altuera.
- Idatziz orrialde kopurua: 55 orrialde.
- Orrialde erauziak: 32 orri: 64 orrialde.
- Orriak zuriz: 30 orri: 60 orrialde.
- Koadernoaren barruan, gutunazal urdin batean: "Goraldi (Gaztelubideko ereserkia)" errepikaturik, gaztelerazko sarrera batekin (denera 2 orri edo 4 orrialde).
Erauzitako 32 orrien ertz batzuetan antzematen da Emeterio Arresek poemak idatzi zituela haietan. Ez dakigu koadernoak izenburu nagusirik ba ote zuen, ezta ere zein poema falta diren.
|