MARiA DOLORES AGiRRE

 

Maria Dolores Agirre Aizpuru (Errezil, 1903 ­ Donostia, 1997). Herriko eskolan ikasi zuen sei urtetik hamabi urtera bitartean. Hamalau urte bete zituenean Donostiara jo zuen maistra ikasketak egitera eta Gizpuzkoako hiriburuan egin zuen habia, betiko, ezkondu ere Donostian egin zen eta. Euskara irakasten, antzerkigintzan, itzultzen eta irratian jardun zuen joan den mendearen erdi alderaz gero, garaiko giro abertzalean murgil eginik.

        Maistra ikasketak egin zituen lehen emakumeetarik izan zen Maria Dolores Agirre. Haren ondoan ziren Julene Azpeitia, Elbira Zipitria, Katalina Elizegi... Euskarazko eskolak ematen hasi zen etxean eta Antonio Agirre kontsula, Inazio Usandizaga, Karlos Santamaria, Migel Castells eta beste zenbait lagun izan zituen ikasle. Ondoren Euskal Izkera ta Iztunde Ikastola izenekoan jardun zuen ikasle, irakasle baino lehen, Toribio Altzaga, Abelino Barriola eta besterekin batera. Etxean eta Iztunde Ikastolan ez ezik, Ateneoan, Alargunen Klubean, Emakumeen Kultur Etxean eta abarretan eman zituen euskarazko eskolak.

        Iztunde Ikastolan zela, Toribio Altzagaren ikasle eta laguntzaile jardun zuen Maria Dolores Agirrek eta hura 1941ean hil zenean, errezildarrak segitu zion lanari, 1973an erretiratu zen arte. Bertako idazleen lanak (Toribio Altzaga, Abelino Barriola, Antonio Maria Labaien, Agustin Anabitarte...) eta besterenak itzuli eta antzeztu zituzten (Garcia Lorca, Buero Vallejo, Pio Baroja, Rabindranath Tagore...).

        Irratigintzan ere ari izan zen Maria Dolores Agirre, hogeita bost urtez ari ere. 1955ean hasi zen Basarri, Manuel Oñatibia, Enrike Zurutuza, Joxemari Etxebeste eta beste zenbait lagunekin. Ohitura zaharrak, sukaldaritza, eta era guztietako pasadizoak izaten zituen mintzagai Maria Doloresek Baserria izeneko programan.

        Eusko Jaurlaritzak kaleratutako «Bidegileak» bildumak ale monografikoa eskaini zion Maria Dolore Agirreri, Lurdes Auzmendik idatzia, eta bertan aurki daitezke datu ugari idazleari buruz.

 

BiBLiOGRAFiA

 

Aukeraren maukera, azkenian... okerra

        (bakarrizketa) ­ 1949 (Egan, 1950)

Bear bearra

        (artikulua) ­ 1956 (Egan, 1956)

 

Itzulpenak

 

Lourdesko lorea. H.Gheon - 1958

Amal. R. Tagore - 1962

Txalupak jaberik ez. A.Casona -1963

Oriko txoria Orin. F. Lozano - 1965

Txapela bete euri. M.V. Gazzo - 1966

Irugarren itza. A. Casona - 1967

Iturri-legor. F. García Lorca - 1968

Etzan ate joka etorri. J.C. Sotelo - 1968

Iturriko Urretxindorrak. F. García Lorca - 1968

Beste ertza. J.L. Rubio - 1970

Iparragirre. J. Guerreiro Urreisti - 1971

Illumpe goritan. B.Vallejo - 1973

Altzateko jaun. Pio Baroja - 1979 (Felipe

        Yurramendirekin batera itzulia).

Ilargian ere euskaraz. José Luis Muñoyerro.

        (Itzulpena eta marrazkiak Maritxu Urretarekin

        batera eginak.)

 

Itzulpen lan hauetako gehienen testuak
—eskuizkribuak edota mekanografiatuak— Koldo Mitxelena
Kulturuneko liburutegian aurki daitezke.

 

 

"Maria Dolores Agirre" orrialde nagusia


www.susa-literatura.com