1895 Bera
Larraldeko Magdalena
Pedro Mari Otaño
1
Frantzes euskara itzegiten dan
Mendi tantaien artean,
Sara deritzan uri kutuna
Dago ibartxo batean,
Erri leial au edertutzen da
Bere kondaira maitean,
Irakurriaz edo entzunaz
Zer gerta zan jakitean,
Mila zazpireun larogei eta
Amairugarren urtean.
2
Erri ontako aingerutxo bat,
Larraldeko Magdalena,
Zan amazazpi urte besterik
Oraindik etzitubena,
Guraso onak eska lezaken
Alabarik leialena,
Ikusirikan inguru artan
Apaizik etzeguena,
Konfesatzeagatikan sartu
Zan Espainian barrena.
3
Fedeagatik joan ta egondu
Zan Naparroako Beran,
An kofesatu eta gaxoa
Etxerunzko etorreran
Espainia ta Frantzia nola
Zeuden gudan edo gerran,
Katibaturik gelditu zuten
Bere lurreko sarreran,
Ta koitaduak zion: "Ez dakit
Zertan gaizki egin deran!".
4
Arrano tzarren atzaparretan
Mantxa gabeko uxua
Arkitutzen dan bezela zegon
Magdalenatxo gaxua,
Gudari aien agintaria
Izanik errukitsua,
Esaten zion: "Uka ezazu
Gaur eman dezun pausua".
Erantzun zuben : "Ez det egingo
Nik juramentu faltsua".
5
Ibili izan balitz bezela
Ixpi edo zelatari
Aur maite ura, gaitzik beinere
Egin gabea inori,
Aurkeztu bear izan zioten
Pinet buruzagiari;
Onek berela agindu zuben
"Gilotina jaso bedi
Eta lepoa kendu bizaio
Magdalena Larralderi".
6
Jesu maiteak guruzpidea
Igaro zuben modura,
Barkazioa ta naitasuna
Banatuaz ingurura,
"Salve regina" kantatuaz ta
Begiratuaz zerura,
Gilotinara igo ta il zan
Zoragarrizko aur ura,
Ta aingeruak eraman zuten
Santuen bizi-lekura.