1893 Azpeitia
Ama euskara eta bere umiak
Felipe Casal
1
Umiak
Ama, gaitzen bat aldu
Barrunen sentitzen?
Triste daguela gaur
Zaigu iruditzen.
2
Amak
Ez, umiak, oraindik
Ain gaizki arkitzen
Ez naiz, bainan laguntza
Dizutet eskatzen.
3
Umiak
Umiak emen gaude
Beti laguntzeko,
Eta gure biyotzak
Zuri emateko.
4
Amak
Ni ere emen nago
Zubek maitatzeko,
Eta beso artian
Danak laztantzeko.
5
Umiak
Zuri gaitz egin naian
Dabiltza etsaiak,
Bainan ernai gaude gu
Zaitutzen guztiyak.
6
Amak
Elkhartasun onean
Zazpi Probintziyak
Urra bear ditugu
Oien txarkeriyak.
7
Umiak
Gure aurreko aiek
Denak baturikan,
Ezagutu etzuten
Inoiz bildurrikan.
8
Amak
Ala da, eta segi
Aien bidetikan,
Ez dediyen aztutzat
Geldi legerikan.
9
Umiak
Ama, egingo degu
Alegin guztiyak
Galtzeratu bainan len
Naiz utzi biziya.
10
Amak
Umiak, arrazoiak
Du indar aundiya,
Ta Jainkoak egingo
Digu ekadoiya.
11
Umiak
Orai erregutzeko
Gure Jainkoari,
Bear degu guztiyak
Belauniko jarri,
Bai ere kontu egin
Ama! euskarari
Gure lege on eta
Oitura zarrari.