1892 Donibane Lohizune

 

Gaisuak!

 

Biktoriano Iraola

 

Nere adiskide Pedro Sopelarteri eskeinia

 

                1

Aize izoztu beldurgarriya

Gailendutzen zan indarrez,

Mendi altuak, kanpo zabalak

Jantziyak zeuden elurrez,

Eguzkiyaren begiratuba

Etzan arpegi ederrez,

Txori alegre kantari aiek

Etziran ikusten errez.

Nonbait gaisuak gordeta zeuden

Elurtiaren beldurrez.

 

                2

Zugazti baten adar ertzian

Guztizko kontuz gordiak,

Txoritxo batek zeukan kabiya

Eta kabiyan umiak;

Amak beraren egal azpiyan

Estali arren tristiak.

Ume erbalak arkitzen ziran

Gaisuak otzak pasiak,

Eta txioka dardar ikaraz

Iya ilian gosiak.

 

                3

Egaa zabalez eta koajez

Aldendutzen da kabitik,

Kanpo elurrez estali artan

Zerbait bilatzia gatik,

Baina, ai! baratz polit aietan

Etzan arkitzen lorerik.

Ala txoritxo koajetsua

Saiatutzen zan alperrik,

Zeren janari guziyak zeuden

Elur azpiyan gorderik.

 

                4

Ogi apur bat arkitu eta

Tristia guztiz kontentu,

Egaa biziyan umetara

Beriala zan jiratu,

Zer poza senti ote zuben ark

Zitzaionian eratu!

Ala txoriyak mokuen punttan

Ura zubenian artu.

Zugaztiraino iritxi naian

Etzan gaisua geratu.

 

                5

Ama leiala ailegaturik

Arbolen aldamenera,

Tunpadako bat ordubantxen zan

Bazter batetik atera;

Egalak oso purrukatu ta

Eroritzen zan gain-bera.

Bere kabiya zeukan arboltxo

Zugaztiyaren oinera,

Nagiyak jua balitz bezela

Ila elurren gainera.

 

                6

Eiztari bat, ai! bere eizari

Kontentu aundiz begira,

Egite eder arren pozian

Kantari dua errira,

Txori txikiyak beti txioka

Artian bizi badira.

Isildu gabe penagarriyak

Aizera ariko dira,

Amari deika, noiz biurtuko

Ote zaioten kabira...

 

                7

Egun sentiyen argi berriyak

Kantuz agurtzen diranak,

Etziran entzun goiz triste artan

Lenaz entzuten ziranak,

Kabiyan epel beren amakin

Guztiz kontentu zeudenak.

Ai! Txori txiki ezin egonak

Lenago arren gizenak:

Gau luze artan gosiak eta

Otzak il zituen denak.

 

                8

Eguzkiyaren indarrak gero

Bultzaturik aize txistuak,

Etziran asko pozkiratutzen

Zugaztiko umetxuak.

Ume zurtzaren gisa lajiak

Ziran eiztari gaistuak.

Nola etzuten zeinek emanik

Lengo atsegin gozuak.

Amarik gabe nola biziko

Ziran umiak?... Gaisuak!

 

 

 

 


Anton Abbadiaren Koplarien Guduak

 


susa-literatura.com