1891 Iurreta
Gau berean sorthu bi haurrer
A. Radoy
Airea: Xori berriketaria
1
Bi haur pollit, maitagarri behin ditut ezagutu,
Berehala soin orduko bihotzetikan maitatu,
Heien berriak nahiz jakin berer nioten galdatu,
Erran zautaten: gau berean auzoak zirela sorthu.
2
Egia da haur horiek biak dire gau bereko,
Izen bera berdin handi hamar urtheren heineko,
Horien aitek hartu zuten egun bera ezkontzeko,
Jokatu ere bazkari bat zoin lehen zen aitatuko.
3
Egun berean ezkondu aitatu egun berean
Bi haur eder sorthu ziren bi ametarik batean,
Elgarrekin giristinotu bathei sainduko urean,
Jinkoak zeruan ezarri bien izenak aldean.
4
Biak beltz, bilo luze, gerruntzeetarik lerdenak
Sorthuz geroz badoatzi eskutik esku emanak,
Bata bertzea besarkatuz baderamate egunak,
Ez dakienak uste luzke sabel berean egonak.
5
Batean egin zazue lehen komunionea,
Eskuz esku har zazue mahi sainduko bidea,
Egun berean errezebi Jesusen Gorphutz maitea,
Oi, zuenganat nik banauka egun hartako galdea!
6
Lili fresko baten pare garbiki bizi onduan,
Zuen berthute ederrez ezagutuak munduan,
Ezkont zaitezte, ene haurrak, biak aldare berean,
Nun ez duzuen nahi sarthu elgarrekin komentuan.
7
Bizitze luze uros bat lurrean ereman eta
Nola hiltzeko arrasta denentzat emanik baita,
Zuentzat othoizten dut orai zeru goreneko Aita,
Heriotzea igortzean, egun bera dezan hauta.
8
Besoz beso, begiz begi, elgarrekilan biziak
Jinko jaunak ez ditzazke barrea zuen eskuak,
Ez zaituzte separatuko ez eta heriotzeak,
Zeruan jarriko zarezte tronu berean bi-biak.