1889 Doneztebe
Eguzkiyaren sarrera
Ramon Artola
1
Eguzkiyak makurka
Mendiyen atzean,
Gordetzen du argiya
Ilunabartzean:
Urre disdirak gero
Itsasperatzean,
Eta goiak tinta fin
Politak artzean,
Tristura bat sentitzen
Baita biotzean.
2
Egunari indarrak
Zaizkanean iltzen,
Tristuraz dira gauza
Guziyak umiltzen:
Loreak joaten dira
Makurka muiskiltzen,
Mitxeletak urrezko
Egotxoak biltzen,
Eta txori txikien
Kantubak isiltzen.
3
Negarti ikusten da
Mugitzen ibaia,
Triste errekatxoa
Tristeturik goia:
Mur mur iturtxoloko
Ur kristal garbiya,
Paltatzen zaiolako
Zeruko argiya,
Eta ilun ta triste
Itsaso aundiya.
4
Zabalde igaroak
Ainbeste nazpila,
Galtzen du egunazko
Mur mura ta buila,
Saguxarrak irteten
Dira jaukai bila,
Aitzen da ermitako
Ainari ezkila,
Eta itxura dena
Gelditzen da ila.
5
Ontan izar zeruban
Barrenen zeudenak,
Dis dis azpiyan dira
Azaldutzen denak;
Eta sarri, guk aruntz
Begira gaudenak,
Nairik gerenganatu
Indar galdu denak,
Lotan jartzen ditugu
Nekeakin penak.