1886 Urnieta
Fama aundiko pelotari bat
Indalezio Sarasketa "Eibarko txikiya"
1
Fama aundiko pelotari bat
Kantuz nai nuke argitu,
Zeinek ez duben lau modutara
Kontrariyorik arkitu;
Ori pelotan ikusi eta
Zein ez liteke arritu!
Ematen zaizkan fama guziyak
Oraindik dina ez ditu.
2
Alkandora ta galtza txuriyak
Buruban boina gorriya,
Ala plazara sartzen danian
Guztiz da guztagarriya;
Buruz abila, ankaz azkarra,
Zorrotza berriz begiya,
Au da blekari danen maisuba
Au da Eibarko txikiya.
3
Bere lekuban jarri ta gero,
Asten danian jokatzen,
Gorputz egoki askatu ura
Zeini etzayo guztatzen;
Aurrian zorrotz ebaki ero
Amar kuadruan luzatzen,
Askorikanen estutu gabe
Diruriyela jostatzen.
4
Gorputz liraina, beso libria
Eta jeniyoz biziya,
Zatitutzen du arrapatutzen
Duben pelota guziya;
Naiz izan bera aundi motel
Ero naiz izan txikiya,
Eta kontuban ez dagonari
Sartuko diyo ziriya.
5
Ez da azaldu pelotarako
Oraindik orlakorikan,
Lau aldetara onen modura
Jokatzen jarri danikan;
Pelota non dan bilatuko du
Zorrozki jua gatikan,
Au da lan ontan diferentzia,
Beste guztiyen gandikan.
6
Bere eskuban bildur garriyak
Dira guantia ta pala,
Ez da beste bat inon ikusi
Pelota zatitzen ala;
Ain bizi eta zorrotz juaten da
Nola fusilako bala
Ezagutuba daukate denak
Maisuba blekan au dala.
7
Xestoz jokatzen asten danian
Jartzen geranak begira,
Pozez malkua saltatzen zaigu
Uste gabian begira;
Ain da biziya eta ederra
Aren gorputzen mugira
Asko baliyo dutenak beti
Onla guztatzen baitira.
8
Gazte gaztetik plazaratu zan
Euskal-erriyan aurrena,
Famaren otsak eraman zuben
Andik Madrida urrena;
Ameriketan ere izan zan
Itsas zabala barrena,
Baliyosua beti izanik
Estimasiyo arrena.
9
Ez da onlako pelotaririk
Ez da oraindik ikusi,
Gaurko blekari eder guziyak
Berekin dute ikasi;
Baina alare kontra egiten
Kontu aundiyekin asi,
Berak bezela ondoren famak
Nai badira irabazi.