1886 Urnieta
Ama Euskal Erriari
Juan Migel Orkolaga
Sarrera
1
Zure seme askotzaz
Urrikaldurikan
Ikusten nazu, ama,
Ontan jarririkan;
Oiei nik nai nuke
Buruak argitu
Gauz onek izateko
Itxurak baditu.
2
Zure malko lodiak
Naute gaur bustitzen,
Zergatik jarri naizen
Negarrak aditzen,
Ez ditzazula, arren,
Aunditu begiak,
Bada gaur adituko
Dituzte egiak.
3
Orduan laztanduko
Gera bai pozkiro;
Euskaldun zelaietan
Izango da giro;
Orduan Saturnoren
Erreino eztiak
Pozez beteko ditu
Zure semediak.
4
Zuzen zu ibiltzeko
Gazte txit gozoa,
Biotzak ez dezala
Ontan artu asmoa;
Zergatikan zuloan
Eroriko zeran
Berak jarritakoan
Zu galtzeko eran.
5
Bada geren biotza
Gurai txarrarekin
Da gure etsai il naia,
Bere aitarekin;
Bada orrela egonik
Guraien azpian
Ez da guretzat onik
Bere itzalpean.
6
Buruz bada ibili
Gauz oek pisatzen,
Zergatik uts aundiak
Zail dira estaltzen;
Burutikan botarik
Asko txorakeri
Sinistu zadazu gaur
Gazte ona neri.
7
Oarkerak eginik
Goazen bai lanera,
Orain ikusiko da
Gauzaren joanera.
Dirade arkituko
Txit gorri lainoak
Oinazkarrez beterik
Dituztela alboan.
1
Indiatik datorren
Bati sinisturik
Ango ugaritasunak
Dauzka eroturik.
Uste dute arraiak
Ilik erreketan
Usteldurik dirala
Biurtzen urretan.
2
An bada guzirako
Urre ta zilarrak,
Egiak izateko
Ez dirade txarrak;
Diamantezko euriak
Asko ditu itsutu,
Bai eta arren soinuak
Besteak izutu.
3
Beste bati tximistak
Ileak suturik
Ez zuben inguruan
Ikusi lekurik.
Ez bada leitza-zulo
Diamantezkoan,
Zeina ardi txaboletan
Oitua zegoan.
4
Burniaren tokian
Leku askoetan
Urrea ibiltzen dute
Edozein lanetan;
Perretxikoak ere
Jaiorik gabean
Urre intza dakarte
Polliki gainean.
5
Orrelakoxen aizez
Beterik buruak
Ikusitzen dituzte
Emengo zeruak;
Baina biotzak dio
Arroki orduan
Gazte aberatsgaia
Zoaz itxasoan.
6
Onela ontzirako
Bide irikitzen
Ekien biotz arroa
Ez dala gelditzen.
Gaxoak joaten dira
Asko ez biurtzeko
Zergatik diru gabe
Dauden arkitzeko.
7
Amerikara joanik
Diru egitera,
Joaten dira lanean
Irmo ikastera.
Lana eginagatik
Otzarekin aldiz,
Diruakin nausia
Iges joanda zaldiz.
8
Emendik joan-berrian
Lan irudi txar bat
Negar egin ez dezan
Izango du anbat;
Baina egun batzuek
Andik igarorik
Nausiak eukitzeko
Ez dauka gogorik.
9
Lanak bukatutako
Berri txit saminak,
Alkar joazten dizka
Ortz eta aginak.
Orduan gelditzen da
Tristuraz galaia
Baldin bazuen ere
Arpegi alaia.
10
Burua gauz oietan
Lurrean begiak,
Orain ikusten ditu
Bere alderdiak
Karriketan al dabil
Eroa bezela
Diru gutxi mendean
Ezagun duela.
11
Lana topa naiean
Badabil jiraka,
Gerriak metu eta
Galtzaudi tiraka;
Diruak aitu zaizka
Oraintxen da estu,
Urrepilik ez zaio
Inondik aurkeztu.
12
Zaldunen gora bera
Ibili tokian
Sotildurikan dago
Eserita alkian;
Ea bat edo batek
Lantxoren bat duen
Zerbait irabazitzen
Alaxen ote den.
13
Urrena trenako etxe
Edo estaziora,
Bide egiteko zaio
Etortzen asmoa;
Trenen baten txistua
Bertan aditurik
Ez du betarentzako
Inontxo lekurik.
14
Aulduak badaude ere
Barautzeakin
Ala ere nai dute
Korrika azkar egin;
Zergatikan nai dute
Iriobi azkarrena
Ateeran ditezen
Egon aurrenena.
15
Auldadiak aitu ta
Ezin anka jaso,
Onelaxen dabiltza
Asko gixaaxo;
Aiek emen baleude
Lanarekin jana
Beti izango luteke,
Egia da dana.
16
Soka zarra lepotik
Zintzilik dutela
Asko ikusten dira
Karrikan daudela;
Oietatikan franko
Emen bizi ziran
Jantzi obearekin
Beren larru-jiran.
17
Batek kasaka zarra
Besteak lebita,
Beste batek txapela
Zeukan bai jantzita,
Zeina topatu zuen
Guztiz pozturikan
Karkau bateko atean
Oso loiturikan.
18
Besteak kanpoetan
Lan txit gogorpean
Diru gutxi eginda
Urteak gainean.
Onera etortzeko
Dina gauza gabe
Sutzen bizi dirade
Makina bat labe.
19
Urte askok eginak
Egun gutxik jaten,
Egunero ikusten da
Orrela gertatzen;
Bereak aiturikan
Gainera zor egin
Orra zertan diraden
Amerikarekin.
20
Gaitz batek bai alaxen
Arrapatzearekin
Gauz oiek gerta dira
Antxen askorekin;
Zergatikan guziak
Asko du balio
Edozeini ango batek
Tu esango dio.
21
Denboren bat izan zan
Bai txit aberatsa,
Baina gaur gertatzen da,
Dala gauza latza
Batere dirurikan
Kutxaren ondoan
Ikustea, egon arren
Askoren asmoan.
22
Gorputzeko ondasunak
Ezin iritxirik
Gelditzen dira asko
Anima galdurik;
Beti arra zulaka
Aririk barrendik
Pozkidarikan gabe
Dijoaz lurretik.
23
Gorputz eta anima
Indar da indardunak
Geinetan an dituzte
Bukatzen egunak;
Aiek bada igarorik
Jaunak daki nola
Arduraz gogortutzen
Zaiote odola.
24
Nola bada Amerikan
Zure oinak gaztea,
Jartzera joango zera
Ausardiz betea?
Ez dakizu orain bada
Nik esandakotik
Ogirik ez dezula
Izango auzotik?
25
Ogia emateko
Auzoko txalari
Otxinak bear luke
Ibili ugari;
Baina gaur au urruti
Lur artan izanik
Esteak betetzeko
Ez dute zer janik.
26
Batzuek aberastu
Dirade badakit,
Eta au ukatzeko
Ez det nik zergatik;
Baina sinistu zazu
Gazte ez jakina,
Gero an ez dezazun
Izan tripan mina.
27
Asko daude astindurik
Buruko lainoak,
Onera etortzea
Nai duten gaxoak;
Baina ezin erosi
Ontziko sarrera,
Orra nola Amerikan
Dagon biziera.
28
Bertso txar oek bada,
Jantziak egiaz,
Iskribatuak daude
Antxen ikusiaz,
Besteak aditu ta
Ango jendeari,
Ara bi iztxo esan
Euskal gazteari.