1886 Urnieta

 

Biba San Migel!

 

Juan Jose Alkain

 

(Done Migel Goi-Aingeruaren onran itz neurtuak)

 

              1

Bertso berriak jartzera nua

San Migel Aingeruari,

Talentsuak baldin bagina

Gaia badago ugari.

Orretarako laguntasuna

Eskatzen diyot berari

Errespeto edo humildadian

Zerbait itzegin balegi.

 

              2

Kaso onetan biharko dana

Esplikaziyo garbia

Doai pixka bat izanagatik

Ez naiz euskaldun trebia.

Liburutik ere ez det baliyo

Estudiatu gabia,

Urtia franko memori txarra

Au ez da modu obia.

 

              3

Gure San Migel estimatuba

Da espiritu puruba,

Errespetuan itzegin zadan

Argi zadazu buruba.

Ezpatarekin jarririk dago

Guardatu dezan Zeruba

Aita Eternuak emana dauka

Merezi duben graduba.

 

              4

Luzifer eta San Migel ere

Biyak lagunak bai ziran

Pentsamentuzko disputa zuten

Askoren zorigaitzian.

Irutatik bi bezela zeuden

San Migel zure itzian

Gainerakuak instante batez

Infernuetara juan ziran..

 

              5

Aingeru onek otsegin ziyon

Bere ezpata jasorik

Luzifer orren soberbiari

Ez egiteko kasorik

Aita Eternuaren konpainiatik

Ez emateko pausorik

Ango gloriyaz kontentu ez danak

Ez du juizio osorik.

 

              6

Aita Eternuaren justizia da

Gauza ikaragarriya

Irutatik bat bezela bazan

Luziferrena jarriya,

Ango legia justuba data

Bete zitzaion neurriya

Juan ziranak ikusten dute

Geroz istilu gorriya.

 

              7

Manifestatzen astera nua

Daukadan sentimentuba

Berak galduta gu ere galtzeko

Da oien pensamentuba

Deskuido gabe gorde dezagun

Jesusen lege santuba

Anparatzaile maitagarriya

Eduki gure kontuba.

 

              8

Ala gera ta aitortzen degu

Pekatariyak gerana

Mantxa au degu Adan ta Ebak

Egun batian emana

Sentidu au da sermoietatik

Inoiz aditu dedana

Relijiyuaren defensoria

Izan da izango zerana.

 

              9

Bekatariyen anparatzaile

Aingeru eder maitia

Eskusa gabe aitortzen dizut

Daukadan borondatia,

Desio degu Jesus onaren

Konpainiara juatia,

Peligro aundiyan arkitzen gera

Gutzaz akorda zaitia.

 

              10

Kuidado edo atentziyua

Iduki zazu gugana

Asko anima nor bere faltaz

Infernuetara juana

Obra guziyak pisatutzera

Etorri biagu zugana

Errukarriya geldituko da

Txarretik asko duana.

 

              11

Obra gaiztuak pisubaguak

Dirade jeneralian

Peligro asko nun nai daukagu

Baserriyan ta kalian,

Pisu oiekin lagun zaguzu

Zedorren eginalian,

Zori onekua izan gaitezen

Jaunaren tribunalian.

 

              12

Luzifer dauka bere ankapian

Zerutik igesegina,

Bera galdu zan gu galtzen ere

Saiatzen da alegina,

Pisuban nola disimulatu,

Obra gaiztuak egina

Orrek ez luke inor galduko

Garbi juango bagina.

 

              13

Beste gauza bat itzegiteko

Artu det pensamentuba

Satanasek du leku guziyan

Naiko persegimentuba,

Lurrian geren buru jarrik

Daukagu Aita Santuba

Eliza ondo guardatu dezan

Eduki zazu kontuba.

 

              14

Luzifer orrek mundutarrentzat

Du asko erremediyo,

Tentaziyuak pensatzen ditu

Inork laguntzen badiyo

Eliza eta gu persegitzen

Gau eta egun seriyo

Orko laguntza falta badegu

Ez degu asko baliyo.

 

              15

San Migel zure presentziara

Denboraz degu bisita

Modu oberik ez det espero

Beste aldetara asita,

Zure laguntza esperatzen det,

Ez nago oso etsita,

Al balitz garbi juan nai nuke,

Mantxa guziyak utzita.

 

              16

Ia San Migel aingeru ederra

Itz ontan egon gaitian

Aita San Pedrok bere giltzakin

Dago Zeruko atian

Pisu eder oiek birtutez bete

Zure aurrera juatian,

Orko gloriyak goza ditzagun

Eternidade batian.

 

 

 

 


Anton Abbadiaren Koplarien Guduak

 


susa-literatura.com