1883 Markina
Goazen Markinara
Bonifazio Etxegarai
Martxa honen musika
Felix Ortiz y San Pelayok sortu zuen Markinan
kantatu zuen Orfeón Eibarrés-entzat.
1
Goazen anaiak Markina aldera,
Goazen guztiyok kantatzen,
Begira nola Euskal-Erriyan
Danak diraden poztutzen,
Nola diraden alaitasunez
Eta otsarez betetzen,
Ikusirikan zer fest'ederrak
Markinan diran ospatzen.
2
Goazen guztiok Euskal soinuak
Kantaturikan gogotik,
Euskaldun gauzak gure kantuaz
Odoietara jasorik,
Bizkaiko zelai, aitz ta mendiak
Arkitzen dira mugirik,
Beren aurrean ikusten diran
Fest ederrakin suturik.
3
Goazen agudo Markina aldera
Entzun dezagun sansoa
Ikus dezagun Lekobideren
Semeen izantz osoa,
Goazen guztiyok aditutzera
Bertsolariyen jokoa,
Gure lurrean miragarriro
Gorde dan jolas gozoa.
4
An ikusitzen diran gauz danak
Dirade gure gureak,
Ospatzen diran festa guztiyak
Euskaltasunez beteak,
Lekobideren erri gozoan
Gizaldiyetan gordeak,
Lur onetako seme danentzat
Egiyaz guziz maiteak.
5
An entzuten da danbolina ta
Jotzen dituzte txistuak,
An edurturik ile bizarrak,
Dauzkaten gizon prestuak,
Dabiltza dantzan aditurikan
Euskaldun zarren soinuak,
Ikusirikan Euskal oiturak
Feniz antzera piztuak.
6
Ala mendiyan dirurik gabe
Bizi diraden gizonak
Nola jauregi galant batean
Dirudun bizi diranak,
Txit atseginik kantatzen eta
Dantzan dabiltza dan danak
Fest oriyekin azturik beren
Naigabe, pena ta lanak.