1883 Markina

 

Jaungoikoaren probidentzia

 

Felipe Arrese Beitia

 

                                "Gaizki dabilena

                                Gaizki amaitzen da.

                                Ondo bizi dana

                                Ondo il."

                                                (Refran)

 

            1

Maiatzak oraindino

Eguntxo bat eukan,

Errexinolak pozik

Kantetan erautsan,

Lorak egozan arro

Zelai ta landetan,

Soinera barriakaz

Lurra agiri zan

Iturritxoetan,

Ura murmurketan,

Ibai garbietan,

Zeruak berriz ziran

Biziro pintetan.

 

            2

Arpegia ain argi

Eukan eguzkiak,

Begiratuteko duin

Etziran begiak,

Artuko eutsezala

Inguru guztiak.

Inok ez eban uste

Ain laster odeiak

Baina pila andiak,

Baltz eta zuriak,

Ain izugarriak,

Laster burrukarako

Zirean jagiak.

 

            3

Peru agura zarra,

Pobretxo jantzirik,

Edur gisan burua

Oso zuriturik,

Ezin ebala bota

Oinkada arinik,

Egoalako urtez

Guztiz astundurik,

Urbiñan urtenik

Goizean goizetik,

Bizi zan etxetik,

Arantzazura doa

Promesa eginik.

 

            4

Eguzkia gorde zan

Alako batean,

Estalgi baltza jakon

Jazarri aurrean,

Peruk zelan ez eukan

Etxerik urrean,

Mendian aurkitzen zan

Igo bearrean,

Sasoi ederrean,

Larogei urtean,

Bizita lurrean

Elgean goruntz doa

Baina aldatsean.

 

            5

Trumoia asiten da

Burruka soinuan,

Tximista bat austen da

Peruren onduan,

Aretx bat birrintzen dau

Sarturik barruan,

Gizona larriturik

Jausten da soruan,

Ain une gaiztuan,

Eta txit estuan,

Al eban moduan,

Birjina Arantzazuko

Deitzen dan beinguan.

 

            6

Elorri batera zan

Nekez urreratu,

Bere anparupean

Jarrita geratu,

Arria zan bertatik

Goitik abiatu,

Orri eta erramak

Ugari apurtu,

Aiseak azkatu,

Euren putzak txistu,

Odeiak urratu,

Errekak euriagaz

Bertatik gaineztu.

 

            7

Batetik zarra eta

Bestetik sustua,

Errukari egoan

Peru gisajua,

Egun artan baraurik

Tripea ustua,

Komulgetako ustez

Garbirik barrua,

Berorik burua,

Leorrik aua,

Gorputza oztua,

Promesa betetako

Baina pin gogua.

 

            8

Zaldun bat agertzen da

Goian atertzean

Gordin osagilea

Zana Barrundian,

Peru gisajoaren

Tokira jastean

Nai nok esango leuke

Alan ikustean,

Ain taju tristean,

Bakartasunean,

Leku urrinean,

Lagunduko eutsala

Al eban ainean.

 

            9

Euria ebalako

Barriz abiatu,

Zalditik an jatsirik

Gordin zan geratu,

Baina eskurik onek

Ez eutsan luzatu,

Ezta begi onakaz

Bere begiratu,

Ain gitxi lagundu,

Ikusirik estu,

Noz eban atertu,

Agurrik egin baga

Gordin zan aldendu.

 

            10

Zaldira zelan igo

Munatxo batetik,

Asten jako lau oinan

Arinka bertatik,

Gordinek bridai sendo

Tiratuagaitik,

Aberea gelditzen

Etzan orregaitik,

Doa arri artetik,

Naiz sastraketatik,

Zein bide ertzetik,

Bota arte nausia

Lurrera gainetik.

 

            11

Entzuten da bertatik

Dei bat ain estua,

"Neure gogortasunen

Au dot kastigua!"

Arritzen da onegaz

Peru gisajua,

Karidadez bizturik

Ikustera dua,

Txit errukitua,

Oso samurtua,

Gordin arrizkua

Troka baten jausirik

Dakus zelaitua.

 

            12

Berak gura ebana

Egin ebanean,

Tximista legez iges

Zaldia bajoian,

Egon arren ain makal

Peru gorputzean,

Laguntzeko usteaz

Al eban ainean,

Zearo autortu,

Zer zan an gertatu,

Damua agertu,

Gizon bat ain dongaro

Zalako amaitu.

 

            13

Bigunek eutsan dana

Entzun arduriaz

Errukitutzen zala

Osalari ilaz,

Eta miraturik

Peruren fediaz,

Bujakan erabilan

Jateko gauziaz,

Ardao ta ogiez,

Gaztai ta aragiaz,

Al eban guztiaz,

Erripa ain txarrean

Leku labanean,

Arrisku artean,

Pozik aurkituten zan

Beeratu zanean.

 

            14

Baina Gordin egoan

Lekura eldurik,

Dakus au pultsu eta

Arnasa bagarik,

Burua arri ertzak

Erdi bi eginik

Azkenetan dagola

Oso sinisturik,

Txito samurturik,

Belaunikoturik,

Jaunari gogotik,

Erregututen deutsa

Arimeagaitik.

 

            15

Erregu txit luze bat

Egin ebanean,

Oitura dan legetxe

Kristinau legean,

Ila bertan laga ta

Aldats garratzean,

Igo ezinik dabil

Atx mutur artean,

Eta goi aldean,

Begiratuean,

Txakurraz nastean,

Bigun eizaria dau

Ikusten bidean.

 

            16

Oh! Bigun eizaria!

Eustan laster deitu

Zurturik ots onegaz

Egin zan geratu,

Peru nozbaiten jakon

Nekez urreratu,

Puskaten atseden ta

Berbaz abiatu,

Indartu eban Peru

Galdua gosiaz.

 

            17

Azkenez esan eutsan

"Jaunak nai izan dau,

Gaur zure birtutea

Peru ondo probau,

Bere Probidentzia

Egizu alabau,

Berak oi gaitu bada

Guztiok gobernau,

Beragaitik dirau,

Ta dabil mundu au,

Berak ekarri nau,

Estutasun onetan

Zaidazan anparau."

 

 

 

 


Anton Abbadiaren Koplarien Guduak

 


susa-literatura.com