1881 Irun
Jaungoikoa eta fueroak
Felipe Arrese Beitia
1
Gauza bakotxak Jaunak emonda
Daukaz doe bereziak,
Zar eta gazte gizon zein andra
Dierri naiz probintziak;
Bardin arrainak ta egaztiak
Abere eta pistiak,
Lege bategaz ezin litekez
Zuzendu emen guztiak.
2
Ez da ardura atera arren
Uren barrutik arrainak,
Joan ditezen leorrez arin
Une badituez oinak;
Egazti batek zer balio dau
Uretan barriz sartzeak?
Naiz abereak ego bagarik
Aidez igoten asteak?
3
Ezin liteke leorrez bada
Arrainik inoz ibili,
Ez egaztirik uren barruan
Joan liteke igari;
Ezin liteke ez abererik
Egan aidean eregi,
Eta ain gitxi Euskal-erria
Erdaldun oso imini.
4
Beraz usoa egina dago
Ibili dedin aidean,
Ez abereak dabiltzan gisan
Beian emen lau oinean;
Tiroz ego bat eizari batek
Baina austen deutsanean,
Zelan kantan leiz urru gozoak
Erreka aldamenean?
5
Deituko deutsut gaur zuri bere
Neure Erria, usoa,
Ez legoia ta ez arranoa
Ez belea ta otsoa;
Zarealako sotil zuri ta
Otsan leial ta gozoa,
Ego ausiaz zelan zakustaz
Usotxo biotzekoa?
6
Nun dozuz orain zuk antxinako
Urrueta eztitsuak?
Arbolapetik ipar aisetan
Nik pozez entzundakoak?
Isildu ziran uso maitea
Mututu zure urruak,
Zure lekuan kantetan dabe
Bela baltz erbestekoak.
7
Errekatxoen ur korrontetan
Sortuten zan murmuilua,
Inoz etxatu ain gozo izan
Zeinda zeurorren urrua,
Mendi gainetan urtu bagarik
Ikusten neban edurra,
Zer zan besterik zure ondoan
Ezpada gauza iluna?
8
Erri onetan beti beti, zu,
Izan zinan erregina,
Zure mendean bizitea zan
Guretzako atsegina,
Arranotzarrak etziran izan
Zu arrapetako dina,
Baina legoiak jaurtigi deutsu
Atzamarkada samina.
9
Jaunak emonik zeugaz zenduzan
Ego bi oso sendoak,
Jaungoikoa zan eskumakoa,
Ezkerrekoa fueroak,
Aurrera bere gura badoguz
Egun zorionekoak,
Zeruruntz danok otsegin daigun
Betoz euskaldun egoak.
10
Eurakaz jagi gaitezen narraz
Gabiltzazanok galduak,
Auzoetatik daukaguzala
Barreka arerioak;
Jaso barriro neure anaiak
Zeruraino zizpururak,
Eta eskatu geure egoak
Jaungoikoa ta fueroak.
11
Zer da ume bat aitagaz utsik
Baldin il bajako ama?
Errukarria zurtza gaisoa
Gobernu andirik baga;
Modu berean neure anaiak
Gu bere aurkitzen gara,
Oitura zarrak biztu bearko
Gauz onik izango bada.
12
Asaba zarren Jaungoiko ona
Zuk errez daikezuz biztu,
Erri on oni arren errukiz
Egiozu begiratu;
Zugan ustea jarri dabenik
Sekula al da lotsatu?
Bere jagola sendotzat onek
Beti zaitu ezagutu.
13
Beronek dino zu zara, Jauna,
Guretzat etzan lekua,
Nai dogu zure ego azpian
Bilau osasun dontsua;
Orain bost urte eizari batek
Jaurtigi eustan tiroa,
Eta osatu egidazu gaur
Zauritu eustan egoa.
14
Ez da geiago gure lurrean
Aiserik aserratuko,
Itxasoetan amorruz bagak
Ez dira atzera jasoko,
Sekula bere Egoi aldera
Ez dogu begiratuko,
Gure ontzia salbetan utsik
Indarra dogu egingo.
15
Bakigu oker ginala ari
Lenago danok begira,
Ipar aldera bearrean jo,
Kenduan eguerdira;
Orain atzera gura genduke
Laster egin danok bira
Biurtu gaizuz gure asabak
Biziten ziran tokira.
16
Zu zara Jauna, Ipar bakarra,
Nogan ditugun josiko,
Biotzetako gure orratzak
Gaur danik beti betiko,
Ezaugarritzat odei zuri bat
Deuskuzu gia jarriko,
Bere ondoren oker bagarik
Kananen gara sartuko.
17
Alperrik dira Ejipton barriz
Odeiak burrukatuko,
Alperrik euren zauri-odolaz
Ibaitzarrak gaineztuko;
Alperrik trumoi burrundariak
Sorua dardaratuko,
Atxen txuntxurrak zirt zart tximistak
Alperrik lurreratuko.
18
Aurrera zuzen joango gara
Batera basamortuan.
Aurrera, aurrera, leorrez legez
Bardin bardin itxasuan;
Aurrera ... eta Jaungoikoari
Deiturik itxas onduan,
Urak erdi bi eten da doaz
Iges bildurti moduan.
19
Betor su ta gar, nai badau bere
Jarrai Ejipto guztia,
Damuz beterik Israeleri
Libre joaten itxia;
Baina jaristen naz ondo daben
Itxaso erdi-erdia,
Ur danak trila egina deutse
Ilgo amorru guztia.
20
Dakialako Jaunak emoten
Danai euren alogera,
Erri leial ta baita mukerrai
Irabazita daukena,
Itxas erditik eroaten dauz
Onak baterik bestera,
Txarrak botaten ondarreraino
Arrainak gizendutera.