1880 Maule
Bizi da ama euskera
Felipe Arrese Beitia
1
Iru gaubela Amari eginaz
Nenguan arbolapian,
Neure begiak liortu ezinda
Bere buruko zapian,
Jaunak ez baleust gorde bizia
Ainbeste minen erdian,
Bakezko lotan arimiau ta
Gorputza neukan obian.
2
Eguzki ederrak ikuste ez arren,
Negargarriau lurrian
Odei ilun bat ipini eban
Arpegiaren aurrian,
Baltzez jantzirik agertu oi zan
Damuz goizian goizian,
Gorde ilargia lotsaz izarrak
Gabaz azaltzen ez ziran.
3
Ni gisajo au, Amari munka
Bekoki ta begietan,
Sur, ezpai, okotz, matraila biain
Esku eta oin otzetan,
Erdeldun askok ikusi arren
Estura samin orretan,
Ezer ez utsa bazan legetxe
Aurrera euren bidietan.
4
Irugarrengo gau erdirako
Eztarri au zarratu zan,
Begiak agor, pultsuak geldi,
Ozta ozta bizi nintzan,
Gizon argitsu bizi eder bat
Nun dakustan zeruetan,
Zuriz jantzita odei gain baten
Lauburugaz eskuetan.
5
Ule luze ta bizar urdinez
Agura itzaltsu bat zan,
Odei gainian puzkaten geldi
Ikusi neian egon zan,
Asi zanian baina beruntza
Ez dakit nola ez zelan,
*Onaztarri bat baino lenago
Jausten jat albuan bertan.
6
Justuri batez alako otsik
Ez dan ez inoz atera,
Mendiak dar dar aitzak lokaka,
Euskelerria ikara,
Arri bat legez ni otz ta gogor
Ia zentzun asko baga,
Ots gozo batek bertati dinost
Jaunak gorde zagizala.
7
Bakia zugaz, baita anaiakaz
Natortza iragartera,
Tubal aita naz, zerutik nator
Amatxo osatutera,
Atsegin eta pozez beterik
Zerutar danak batera,
Kantetan dabe: izketa artian
Garbiena da Euskera.
8
Omen artian baina nituzan
Entzun nik zure negarrak,
Aitu nituzan zerurainoko
Zure dei eta deadarrak,
Beian itxirik ilargia ta
Eguzkia zein izarrak,
Oraindik gora igoten eben
Amodio orren sugarrak.
9
Baina nasaitu atseden zaite,
Seme maite ez da il, Ama.
Ume gaiztuen atsekabiak
Geixotu dabe orrela,
Orain guztiak negar dabe egin
Ezaguturik okerra,
Il dalakuan beti betiko,
Euskera Ama laztana.
10
Negar dabe egin Bizkaiak eta
Araba ta Gipuzkoak,
Negar dabe egin Naparrak eta
Euskeldun Frantziakuak,
Orain arte uts egitia
Daukazuez parkatuak,
Baldin bazare aurrera izaten
Anaiok alkar artuak.
11
Auxe esanda, putz egin eutsan
Ama geixuari aotik,
Eta bertati gazte bat legez
Oinen gainera zan zutik,
Eta dirautsa: Ama jatsi naz
Zeruetatik zugaitik,
Seme leial au il zinala ta
Neukalako otsez lurretik.
12
Biziko zara baina zu emen,
Munduak dirauan arte,
Lur onetara etorri zinan
Neugaz orai lau mila urte,
Etsai gaistuak gerra min asko
Ta zauri egin deutsue,
Baina oraindik Ama bizkorrik
Ikusi biar zaitue.
13
Agur zerura banua, eta
Geiago etzan ikusi,
Ama bakarrik neuri begira
Eta ni barriz berari,
Zabal zabalik bere besuak
Eustazan laster ezarri,
Sotil ta humil entzun neutsazan
Berba samurrok berari.
14
Pasino latza irago dot, ai!
Juan diran egunetan,
Neure arimau neukan ala ez
Ez dakit gorputz onetan;
Indar barri ta bizi bizi bat
Biotzian dot sometan,
Odol gaztia darabildala
Uste dot neure zainetan.
15
Seme guztiai esan eiezu
Bizirik nazala emen,
Ta datozela txar eta onak
Danak ikusi nagien,
Mundua mundu arbolapian
Bizirik euki naizuen,
Berbeta gozo eder onetan
Saiatu danok egiten.
16
Egia da bai ume zurtz gagoz
Foru baga lotsarian,
Baina emongo arbola onek dauz
Orriak udabarrian,
Negu gogor ta ekatx andiak
Artu gaitue erdian,
Ainbeste gatxez ez gara egon
Lenago Euskelerrian.
17
Baina begira, neure semia,
Arbola oni an goian,
Nun antxinako Lauburu zarra
Zelan daukan agirian,
Esan egizu lotsarik baga
Ta arrokeria andian,
Beste gauzarik ez dala adorau
Sekula Euskelerrian.
18
Zuaz, barriro dirautsut eta
Neure bedeinkazinuaz
Zuaz, anaiak argitutera
Emen ikusi dozunaz,
Baina ez arren geiago nastu
Erdeldun oiturakaz,
Neugaz bakarrik biziko zare
Munduan atseginakaz.
19
Irakatsiok entzun neutsazan
Malkuak gorde ezinik,
Aldendu nintzan, esku-oinetan
Laztan gozoz mun eginik,
Neure erriari iragartera,
Ez dala ez il Amarik,
Eta anaiok gaitiala izan
Euskeldun garbi bakarrik.
20
Neure anaiak, bat izan beti
Euskeldun siniskeretan,
Bat izan geure uste, eretxi,
Gogo eta asmuetan,
Fede bizi bat baldin badogu
Biotz eta arimetan,
Bakez oraindik biziko gara
Mendi, atx ta ibarretan.