1875 Sara
Ezkila
Goyetche
1
Maite dut goizean xorien errepika
Arbolen artean airearen musika,
Uraren auhena, ttortoilaren kantua,
Bainan maiteago ezkilaren soinua.
2
Ezkilaren botza zoin den xarmagarria!
Herrian ezkila egiazko xoria,
Errepikaz beti, beti hatzarria
Kobrezko ahoan burdinez du mihia.
3
Dorrearen puntan ezkila beilan dago,
Soldadu bat baino gau egun erneago.
Sua nonbait, nonbait etsaia agertzen da,
Ezkila kuxean oihuz abiatzen da.
4
Ezkilaren botza ageri da denetan
Mendi gorenean, zelaian, haranetan,
Nigarrez iduri doluzko egunetan
Irriz eta kantuz egiten alegeretan.
5
Ezkilaren botza da herriko bizia
Ezkilarik gabe herriak zer grazia!
Gorphutz bat litake arimaz gabetua,
Alhargun triste bat, presuna bat mutua.
6
Oi! Zoin ungi duen ezkilak predikatzen
Denentzat badaki hitz on bat atzematen,
Probeari dio: Deus ere probe zen,
Ogetzat ez zuen lasto puxka bat baizen.
7
Hedoietan goiti arranoa badoha,
Iguzkiko argi garbian mainatzera
Bainan ezkilaren botza gorago gaten
Gure otoitzekin zerura da igaiten.
8
Bai hegaldatzen da zeru gorenetara,
Jausten ere berdin purgatoriotara,
Gure adixkiden, ahaiden peskatzera,
Uriaren pare lur idorren gainera.
9
Diot beraz berriz... Bait maite dut musika,
Harrixken erdian nigarrez ur xirripa,
Oihan ixilean ttortoilaren kantua,
Bainan maiteago ezkilaren soinua.