1871 Sara
Zitoien leiala
An., "Itsasuar bat"
1
Oihuz nago birjinen birjinari
Othoizten dut ama saindu hori,
Ez dezala, ez, Frantzia ahantzi,
Bainan lagun orai eta bethi.
2
Lehenago gure Ama Birjina
Frantziaren alde agertu da,
Guduetan ama horren laguntza
Mirakuluzki seinalatu da.
3
Azken gerlan utzi izan bagaitu,
Bizioa zaphatu izan du.
Ama hori lagun nahi badugu
Bera imitatu behar dugu.
4
Mundu huntan ez da gaitzik gerthatzen
Non ez duen Jaun onak igortzen,
Horren gatik beraz abia gaiten
Jainkotiarren herronkan pharatzen.
5
Bai frantsesak, bezti gaitezen harmaz,
Giristino khar sainduarenaz,
Beztituak horrelako jauntziaz
Trufa gaiten etsai gaiztuarenaz.
6
Frantziako hiri ederretarik,
Galdu dugu hameka segurik,
Hango jendek etsaiaren aldetik,
Ez dukete orai gastu onik.
7
Bai jende hek hainitz sofritzen dute,
Frantsesaren izenik ez dute.
Bortxatuak guri erraiten dute,
Gaiztoetarik libra gaitzazue.
8
Lagun on hek handik atheratzeko
Diruz hobe laite gerlaz baino,
Hemen bada Jaun aberatsa frango,
Bainan karitatea urrun dago.
9
Bizkitartian Frantziaren ohoria
Hola laite erreparatua
Bai eta ere erresuma gozoa,
Elgar gana ber arrimatua.
10
Jainkotiar hek bai niri urrikaltzen
Zeren frantses lagun onak diren,
Horrengatik ditut guziak deitzen
Obra hortan pharte har dezaten.