1871 Sara
Gerla
Joanes Berjes
1
Zori gaixtoan zagon gerlaren hastea,
Hortara izatu da hainitzen kaltea
Etsaia garhaitzeko harturik ustea
Enganatu izan da enperadorea.
2
Jaun horrentzat baduzu mila erraiteko
Bakharrik ezin izan denen gogorako,
Khoroak zituen guziez gorago,
Geroztik jarria da hainitz aphalago.
3
Urguluaren gatik utzi du gortea,
Etzuen hala uste han preso hartzea,
Hainitzek pena hartu artzaina galtzea
Ikhusirik hola zen gure arthaldea.
4
Lan hori ikhusirik ginen lotsatuak
Hala manatzen zuen gure estatuak,
Etsaiek ordurakotz lur hainitz hartuak
Zeren ez ginelakotz ongi prestatuak.
5
Solas hau hasia zen zoro baten pare
Langile guti eta hainitz manazale,
Erresuma gaizki zen nausi onik gabe,
Zerbaiten egitera obligatu gare.
6
Hortakotz bildu ginen botzak emateko
Deputatuak egin denen zerbitzuko
President bat hoiekin ongi gidatzeko,
Beharretan ginela ez da dudatzeko.
7
Jaun deputatuekin egin da bakea,
Deliberatu dute etsaia khentzea,
Jasaiten dugularik hark eman golpea
Orai bilha dezagun haren sendatzea.
8
Gorriak altxaturik Parisko hirian
Deputatuen kontra kolera handian
Egiak ostikatuz zangoen azpian
Manatu nahi zuten guzien gainean.
9
Gogor egiten zuten burua berorik,
Etzutela on hartzen Versailgo legerik,
Gizon saindu batzuen odolaz aserik,
Ez bide zen orduan nihoren beldurrik.
10
Versaildarrak Parisen barnerat sarturik
Gerlaren egiteko etzuten dudarik,
Azkenekotz gorriak humiliaturik
Hainitz liskhartu ziren zorrak pagaturik.
11
Ez dugu hartu behar pena bihotzean,
Alegera gaitezen gerla gelditzean,
Guziak juntaturik lege on batean,
Hala behar ginake guk orai Frantzian.
12
Othoitz egin behar da Jaun zerukoari,
Indarra eman deion hark bake onari,
Gerla nahi duena daukat urrikari,
Huntan uzten zaituzten zuen zerbitzari.