1868 Sara
Garibaldi
Jean Landart
Airea: Soldado nintzelarik Jakako mendian
1
Gerlan aiphatu bat khantatzera noa
Harrentzat ene boza nahiz den flakoa,
Nola Roman baititu azken balentriak,
Ikhustera zatozte gerlako tokiak.
2
Horra Monte Rotondo segidan Mentana,
Hor da bihotza sutan Zesar bigarrena,
Zin egin du goraki Romaz jabetzea,
Edo haren athetan hilik erortzea.
3
Bainan, haren lagunak, ez othoi, ez izi,
Kharramitxa bat gabe osorik da bizi,
Beldurra du bakharrik hertzetan barnaxko,
Ez du zenbeit egunez purgarik beharko.
4
Garibaldik ezpata gerrian lotzean,
Ezproinak etzituen ahantzi etxean,
Eta nahiz ezpata guti baliatu,
Bai, ezproinen beharra segur izatu du.
5
Ikhustean etsaiak balekin jostatzen,
Gure xamar gorria hula zen mintzatzen:
Hauk, iduriz, biziak ditiztek milaka,
Nik ez baitut bat baizik banoha lauhazka.
6
Hanitzek uste dute zin egin geroztik,
Etzela behar ihes laxoki gan sutik,
Oi! zer xorokeria! putrun bizitzea,
Hobe baita ezenez bihotz-dun hiltzea.
7
Honela Garibaldik ahal du jujatu,
Xistuz etsaien balek dutenean gorthu,
Ixilik erran dio bere buruari:
Ez duk ona musika, Zesar, urrun hadi.
8
Garibaldik gaindizka ditu berthuteak,
Baten argiratzeko lanjerean denak,
Emaitea zitzaion erhokeria bat,
Beraz ainhitz zuhurki gan da gibelerat.
9
Orai zertan othe da gure gerlaria?
Oraino kokoriko othe da jarria?
Ez altxatu zen, bainan Romaz badu gaindi,
Kanta dezagun, beraz, Biba Garibaldi!