1855 Urruña

 

Eskaldunei

 

Olhagaray, Larrasoarra

 

Airea: Kantuen emaiteko izan dut kargua.

 

Ez edan arnorik, kolera dakharke

 

                  1

Boza daut altxarazi, ene herritarrak,

Gutarikan zenbaiten kontseilu beharrak,

Gure Eskal herrian ez nuen erranen

Hauien sujetik zela sekulan izanen.

 

                  2

Bainan ezagutzen dut tronpatzen nintzela,

Malhuruski sobera baizen ez direla

Barkhatuko dautazu, populu maitia,

Bihotzian dudana beraz erraitia.

 

                  3

Kreatzaileak zion eman gizonari,

Aihenaren frutuia lehertuz edari,

Lurreko lanen kontra ihardokitzeko,

Bere izerdi penak hartan irhesteko.

 

                  4

Zer da ikusten aldiz oraiko denboran,

Edalerik baizen ez norat-nahi dohan,

Gizonak gizon diren emazte hordiak,

Egon beharrak nonbeit ahalgez gordiak.

 

                  5

Jainkoaren manuak oro ostikatuz,

Zintzurreraino dira bethetzen ostatuz,

Ez dute, ez, segurki nekherik ikusten,

Pareko daudenian botoilaren husten,

 

                  6

Jauna zauku agertzen kolera handitan,

Arnorik ez dukegu gure mahastitan,

Emazte edaleak ez dire kexatzen,

Bere khalda ez dute batere bortxatzen.

 

                  7

Hazkurritzen dute bai sukar gaixto hura,

Zoinak finiarazten baititu ardura,

Heien senharrek, haurrek zer dute egiten?

Miseria gorria etxean jasaiten.

 

                  8

Ez dute familiaz urrikalmendurik,

Ez eta ohoriaz egiten kasurik,

Bada hauk galduz geroz hobeago laite,

Bizirik lur barnean oro sar balite.

 

                  9

Ezin aski deithora ditaken kaltea,

Emazte dohakabek hola edatea,

Zuhurrez famatuak gure lehen amak,

Bertzelakoak ziren heien jan edanak.

 

                  10

Hek ez ziren sekulan arnoz gorrituko,

Lehenago eskasa zuten sofrituko,

Nekhe handienetan hartarik edaten,

Lauretarik hirurek ez zuten ikasten.

 

                  11

Edalek har bezate etsenplu hek baithan,

Galdegiten diotet ber-beren onetan,

Bilha bezate, bilha, etxeko gostua,

Utzirik arnoaren tirria gaixtua.

 

                  12

Hemen baratuko naiz, aski da erranik,

Ez dut probetxu uste urrunago ganik,

Esperantza dut orok adituko nauten,

Eta gaitz horri gerla eginen dioten.

 

 

 

 


Anton Abbadiaren Koplarien Guduak

 


susa-literatura.com