Urruña 1854
Nere xaramelari
"Labor omnia vincit"
Bernard Borda
...
Nere xaramelari jadanik zuk, andre pulita,
Lehen erakatsi zenbait kantore diozu,
Noizta artzain baten auhenak, edo noiz-ta laburzki
Uso samur baten intzirak, lan eztia, bilduz,
Bainituen gogotatzen, edo xaren itzal ilhuna,
Eta, erle ernearen janharia, loren irina:
Noiz-ta aldiz ditut erran izan, gonbitua izanik;
Phanzart handiaren guduak, bizia eta plazerak,
Ta haren ere zori gaitza, eta ere azken eguna:
Erresuma xipi baten, Ihautiria izenaz,
Bertze orduz zena, omen, Phanzart errege dohatsu,
Zoinak gaztedanik, xoilki xirribika soinuz,
Bai gabaz, lorian, bai bere botherea egunaz,
Baitzuen haizearen pare, nola uholdea, hedatu
Lur guzian.
Landak
Phertsu hauxetan laboraria, landak,
Erran orai zatzu, andre guziz jakina, zeronek,
Bai laborariaren bakea, eta haren ere plazerak.
Errazu nola, onthasun guzietan igeri,
Zoin zorion gozo duen hark ddastatzen egoitzaz.
Dire zeru-lurrak haren. Oi! Sobera dohatsu
Landatarra ezagut baldin bere ona baleza!
Ez dute bortha bihotz phenek setiatzen harena.
Da gezurra hirian, berthutea landan ikhasten.
Landa zaharra Aitek mende hetan iraulia irauliz,
Hark bakean gaba, hark bakean du iragaiten eguna.
Dire bizi landa hartarik soldadoa, apheza,
Dire bizi guziak: da erregeren ere mahaina.
Bazterretan hari frutuz elementa dilindan
Dago irriz, madari, tuaxa, eta hi, sagar ederra.
Onthua da bata udan, neguan da bertzea erorten.
Du bethi primadera, dio beherapena bethi
Eskaintzen lurrak, egiazko ama ona; balute
Maite haurrek, maite haur guziek, maite elgar oraino!
Maiz berek dute bilhatzen laboraria ohorek.
Herrian aspaldi da errege hautatua jarri.
Sortzean hark ditu liskarrak sinhetsia ithotzen,
Jainkozko legean gauzak dituela jujatu.
Lasterka
Phestetan zelhai batean gazteria bilduz,
Da, guzien buruan jarriz bera hulaxe mintzo:
Ene haurrak, duzue zuhar bat hara hantxet ikusten,
Zoinak, dorre baten-pare, bere kapeta zerura,
Phentzearen buruan baitu lerdena goratzen?
Aldiz hortxet adar bitan bi moltsa dilindan,
Hartzekoak jauziz, urhez bata, bertzea diruz
Pisua? Lasterkan zoinak zuharrean ezker
Zalhuki itzulirik, haren ere ingurua eginik,
Aintzinduz guziak, lehentiaren harrapatzen
Baititu, haren bite izan...
Hain sarri Betiri lehenik eta Domingo,
Anaiak, Betiri kuriosa lilitan adinaz
Eta Domingo aldiz lerdena, muthiko zilharra,
Zoinak ez baitu bi zangoka bere parerik,
Hanbat amulsuki bata bertzea maite dutenak.
Gero Urdina, begi zorrotza, Nafarroa odolez,
Ez gazte ez eta ere zahar, gordina, superra,
Zoinak haizearen pare lasterkaria, baitu
Lasterkan biziki benzutzen ihizin ahuntza;
Zoinari omen, kasik haurretik ilea zaiko
Urdindu, nundik baitzaio ethortzen izena;
Aldiz Etxexuri, Bidegain okherra, Zubero
Ez dena salto goran bardindua izana nehortaz
Eta asko azkenean, zoinek ez baitute izenik.
Aintzinduz lehian, ia dire herrunkan ezarri.
Ia beha oro, begiak erne, erne beharria, daude
Manuaren. Da joz ixilik hats-hantua iresten
Barnea beldurrak, guzien daizkala bihotzak
Jausika ohorearen khaldak eta urhen agintzak.
Maiz aldizka elgar, zuharra aldizka neurtuz
Ia dute orok begiez bidea hainitzetan iretsi.
Bat batean guziak oihuz bi zangoka dira
Jauzi urrun, noizbait keinu berandua ikusiz,
Eta babazuzaren pare, zoin gehiagoka betan
Funditu aintzinduz guziak, lehena Domingo
Doha. Hunen ondotik, bideak Urdina gurituz
Doha hurbil, bainan delarik hurbilean urrun.
Gero, hunen oinetan Betiri, lasterkan oraino
Berria, zaitzu heldu. Dute laugarrena Zubero.
Landa belhartsuaren buruan, ia ziren izerdi,
Zuharra itzulirik, galdurik ere ponetak,
Haro handi batean zedarrian heldu,
Noiz-ta Domingo, oinaz diola oina trabatzen abilki,
Bat batean baitu Urdinak lurrera botatu,
Baita aldiz dela hunen lasterra berantzen, hegitik
Aztal-arin Betiri, ainhararen pare, hegaldaka doha
Lehena, eta xuxen da molsa urhera dohatsu
Jauzi: hala-hala orduz bigarren molsa Zuberok
Hatzeman, arte hartan doi-doia ez berea, dautzu.
Pilota
Hurbil du zelhaian orai lasterra pilotak
Aldizkatzen. Orok zeruetara Azantza Sorhondo
Altxatzen betan dute Perkainekin izenaz.
Ez du bardinik behin ere botatzen izatu
Perkainek nehon, ez errefilatzen Azantzak.
Dire biak bata bertzearen bethe, elgar oraino
Garraitu plazetan ezin behin ere dutenak.
Du Perkain Garazik semea eta Sorhondo Lapurdik.
Heiekin guziek plazan tratulanta Domingo
Bertzalde altxatzen dute, baita superra Kurutxet.
Bira lagunekin zoin bere alderdian halto,
Dire biak fama handikoak zelhaian ezarri
Inguru beha plaza ixilik khexatua dago.
Eta batak ia bertzeari dakola pilota
Eskaintzen biribila, elgar dutela ere neurtzen:
Jo! dio Perkainek. Bota! du ihardesten Azantzak.
Besoa makhurtuz, ponpatik hartua, laster
Perkainek zeruan gora dako pilota zaflatu,
Eta urrun: biziki ere botak du iragaiten Azantza.
Oihu ehun Perkaindarrek zeruetara betan
Altxatzen guziek dute. Oraino pilota botatzen
Du biziki ezkerrak gehiago, bainan ederki
Eskunak bota du lekhu berera bihurtu
Ordean Ezkerrak aldiz dio igorria igorri.
Baita Lapurtarrak airetik hartua berriz
Airez-aire urrun guzien gibelera sakatu.
Mendian utzirik behin hantxe xaramel ozena,
Nola habalaz baitu, biziki bortxatua beso
Itzulika, artzainak harri biribila botatuz
Zorrozki gora menditik mendira bidali,
Halaxe du, begiek bide ikus ahala Sorhondok
Errefilatu. Batean, bere aldian, oihuz
eta orroz gora Azantzarrek dute hodoien egoitza
Burlan inharrosten...
Zezena
... Da laster hedatzen
Berria, nola zezen bat orai gudukatua izanen
Zelhaian dela, gaitza hainitz, hameka pikerok
Eramana urrundik gogorki uztartua, nekez
Harroka handi bat lerran duela herrestatzen:
Nolakoa orhoituz nehon ez baitzuten ikusi.
Berriki ditu sei zamari, toreadore biga
Urratu, fama handikoak Espainia orotan.
Ia toreadoreer konkorra gudura tuhuntak
Oihuegin diote. Harrabots ezagutua adituz,
Marrumaz athean urratua dago zezena.
Hola duzu gabaz itsasoko orroa aditzen,
Noiz-ta element beltzak zolaraino nahasia baitu,
Pisuki altxatuz ponpoila zerura, zerutik
Harroka hauntsuaren bizkar zabalera botatu.
Azkenean, guziak beha daudezila, zezen bat,
Beltza buruz, laster da inobrea jauzten arera.
Ilea beldurrez guzier zaiote xutitu.
Predo bera ixilik, hanbat toreador abila,
Predo zoina nehork arean garraitua ikusi
Ez baitu, Predo bazter beha, izitua dago,
Ez bakharra. Abreak du bere indarra frogatuz,
Haizea, sudur hixtukan xiztatzen adarrez,
Eta behegoiler, lurra haztaparkan irauliz
Barna, hixtuka legor uri bat idorra botatzen.
Alferretan hari dakote bilhatzen orotan
Nor arean nahi laiteken harekin izartu.
Orduan eztiki bere adixkide zaharra
Du gaizkiz Ahado, hurbilduz, xiztatzen Azantzak:
"Josi zerk, errak Ahado, heure alimua dauka
Alkhi hortan, dako erraten, gogoetan alferrik?
Zauka arras hiri ohorearen guzia agortu?".
Dakote hitz horiek erakitarazten odola:
"Ez nauk ez ni beldurrak lotsatua egoiten,
Dako aldiz ihardesten kopeta goraki.
Altxatuz Ahadok, xoilki naike urte zaharrek
Aspaldi hormatuz zainetan odola, gogortu.
Bainan oraino diat nahi zer lehen izatu
Garen erakutsi...
Ia, guziak esku joka daudezila, torero
Da, gora sorbaldak, tainki lerdena xutitu.
Bainan orai noren bada bilha dabila nigarrez
Nexka hau? Den kuriosa! Nehork hamaseitan oraino
Ea du haren ile horian primadera lilitzen ikusi.
Zoin damuk begiak daizkote nigarrean urtzen?
Nexka torerori marraskan gaztea jauziz
Lephora: "Aita, dio, zoin da zure xedea? Beraz
Haur bakharra behar zuk amagabetua nauzu
Aitagabetu? Aski beraz ez naizen oraino
Ni dohakabe? Hurbil nik ere dut azken orena".
Haurtxoari onki aitak irri bat gozoa eginez,
Soinean ere hartuz, du besarkatzen alaba,
Eta dio, duela eztiki tinkatzen, harentxe
Mathel amultsuari musu bat amultsua ixuri:
"Nork bada zer, dio, egin dautxu, ene uso eztia? Soin bat
Gerrian inguru, nitaz erosia, ederra,
Goiko ozadarra bezain, nik hauta derautxut emanen".
Halaxe lausenguz dautzu enganatzen alaba.
Du biziki eztituz Toribia bozten ederra
Eta haren ere bihotz mina laster agortzen agintzak.
Azkenean bakharra Ahado da aphaindua agertu,
Eta aintzina arean landatu zangoa tainki,
Nardatzen duela, haizatuz bandera, zezena.
Abrea da hain sarri saiheska bihurria jarri,
Eta legorra behatz zabalaz du barna zilhatu.
Lurra arradatuz makur baratxe muthurraz
Da behin hurbiltzen, duela aintzinatzen adar bat
Luzea: gero xuxen, biziago arranoa baino,
Bere etsai guti izituaren gainera zezena
Ozpinaren pare funditu. Bai bainan abilki
Ia bandera buruz enganatzailea ezarriz
Du toreadoreak baztertzen abere samurra.
Da gero errabian lauhazka zezena bihurtzen
Itzulia. Alferrik etsaia ez berea berriz
Herrausten duela aitzinduz eskuna torerok
Gordea lepho hegian dio dardoa barna sakatu.
Dako abreak orro bat ikharagarria egiten,
Nola eheurziriak duela arrailatzen hodoia....