Urruña 1853
Kantu berria
Euskaldun baten bihotzminak Montebideorat juanez
Martin Eguiategui
Airea: Harispe jenerala, & edo: Perkainen kantuena, &
edo: Airea zahar eta kantoreak berri..
1
Gazte nintzen oraino,
Aski errana da,
Adin hartan gutiño
Gauza phisatzen da:
Aditu nuieneko
Montebiden fama
Herriaren uzteko
Lotzen zaut su-lama.
2
Ni airatzeko bezen
Tratantek hartzeko
Sareak prest zauzkaten
Dena erraiteko;
Jaun hekien mihian,
Ez da dudatzeko,
Onthasunen herdian
Naiz behin bethiko.
3
Ederki liluratu
Nautenean elhez,
Ninduten amarratu
Zinez eta legez:
Gero atxikitzeko
Portuan auhenez,
Bizitzen ikhasteko,
Nituenak janez!
4
Pasaiako denboraz
Gaitzik erraiteko
Nihork ez du menturaz
Klarki mintzatzeko:
Lur-sagar ustel asko
Xardin begigorri
Han ziren jastatzeko.
Bihotz altxagarri.
5
Hala ginduen ere
Sabela zimurrik,
Izan gabe batere
Amentsen beldurrik:
Goiti-beti agudo,
Begia ilhunik,
Ikhusi Montebido
Doi-doia bizirik!
6
Biziaren erdia
Baita esperantza.
Untziko miseria
Ahantzirik datza:
Zelakotz leihorrian.
Zioten, multzoka
Urre-zilhar hirian
Biltzeko ahurka.
7
Bainan enganioa
Orai dut ikhusten.
Ene erhokeria
Ongi deithoratzen;
Aments eder batetik
Nola den ilkhitzen,
Onthasunen erditik
Eskale huts nintzen!
8
Urruneko eltzea
Errana da urrez,
Ikhus beza etxea,
Aurkitzen da lurrez!
Zer erran gehiago
Atzeman gaixoez!
Ogian gutxiago
Gasnaki emanez.
9
Alde guzietarik
Hunat ethorriak,
Edozoin motetarik
Gizon galgarriak,
Irabaziaz xuhur,
Ardura gastuak,
Gaizki ez laizke segur
Kartzelan sarthuak.
10
Nonbait balu jendeak
Nonbait deskantsua!
Badire langileak
Nonda sosegua?...
Batean gerla eta
Bertzean ohointza
Nun nahi kanibeta,
Noiz nahi hil hotza.
11
Lur batetarik salto,
Ia bertzera kurri,
Hemen gabiltza suelto
Nigar-egingarri!
Hain ongi nintakena
Nere sort-herrian,
Zer jan-edan nukena
Aita amen aldian!.
12
Nun zarete gazteko,
Oi! lagun maiteak,
Nun dire bestetako
Gure dostatzeak?
Zer arraitasun eta
Zer alegrantzia!
Ala iraungi baita
Orduko bizia!
13
Aldiz hemen trumilka
Gabiltza, tristeak!
Elgarrentzat beldurka,
Zer dohakabeak!
Ardurenik halere
Mairuak iduri,
Eman gabe batere
Kondu arimari!
14
Oraintxe ezagutzen
Dut zinez egia,
Beranxe auhendatzen
Ene haurkeria!
Batbederak hargatik
Gerorat guardia,
Bederen kasko-dunik!
Hunat ez abia.
15
Harzazue etsenplu
Nere Eskualdunak,
Ez zeren enganatu,
Gazteko lagunak!
Hor-berean duzue
Segur onthasuna,
Beiratzen baduzue
Jarreikitasuna.
16
Hitzño bat zuretako,
Arreba Kattalin,
Xuri guziak oro
Ez dire, ez irin!
Ezaitzu gaitzituko
Erraitearekin:
Presuna ohorezko
Batño hunat ez jin!
17
Batbederak dezala
Jaio den herria
Preza, ama bezala,
Lur maithagarria!
Duelarik segitzen
Bizitze moldea
Hortantxe da aurkhitzen
Zeruko bidea.